Berriak Osasuna

Osakidetzak pilotu-programa bat egin du zaintza eta jarraipen saretik, kontaktatutako pertsonetan behar dutenei laguntza emozionala eskaintzeko

2021-06-02

Osakidetzako Zaintza eta Jarraipen Sareak, Osasun Mentaleko Sarearekin batera, koronabirusaren eraginaren ondorioz laguntza emozionaleko premiak dituzten pertsonak detektatzeko eginkizunari heldu dio. Pilotu-programa bat abian jartzean datza; hura pandemiaren hasieratik ezarritako eta dagoeneko 5.000 asistentzia-saio baino gehiago egin dituen Osasun Emozionaleko Programan eskuratutako esperientziaren ondoren sortu da.

Jarraipeneko unitateek harreman zuzena dute test diagnostiko batean positibo eman duten pertsonekin eta haien kontaktu estuekin, eta programara bideratuko dituzte laguntza emozionala behar dutela detektatzen dituzten pertsona guztiak.

Jarraipen Sarearen eta Osakidetzako Osasun Mentalaren Sarearen arteko elkarlana hasteko, Donostialdeako ESIko jarraipen-taldeek pilotu-fasea hasiko dute, gainerako erakundeetan ezartzeko asmoz.

 Urtebete: Laguntza Emozionaleko Programa

Laguntza Emozionaleko Programa, koronabirusaren eraginpean dauden pazienteei, haien familiartekoei eta tratatzen dituzten profesional sanitarioei osasun mentaleko arreta ematekoa, 2020ko martxoan jarri zen abian. Programa hasi eta urtebetera egin den konpututik emaitza positiboak atera dira: 5.000 asistentzia-saio baino gehiago egin dira banako esku-hartzeetan eta aurrez aurreko eta online taldeko esku-hartzeetan.

Programa Osakidetzako osasun mentaleko profesionalek garatu dute, lanbide anitzeko ikuspegitik, psikiatrek, psikologo klinikoek eta osasun mentaleko erizaintzak eta dagozkien egoiliarrek –esperientzia kliniko egiaztatua eta zabala dute– emandako laguntzaren bitartez.

 Programak zenbait jarduketa-maila aurreikusten ditu:

Ospitaleratutako paziente eta haien familiartekoentzako laguntza: baliabide telefonikoak eta digitalak gaitu dira, pazienteak haien familiartekoekin eta familiartekoak profesionalekin harremanetan jarri ahal izateko, eta aurrez aurre eta telefono bidez eman zaie arreta koronabirusaren eraginpean dauden pazienteei, ospitaleratuta egon ala ez egon.

Pertsonal sanitarioarentzako laguntza; horren helburua da estresaren eraginak prebenitzea eta haiei arreta ematea eta laneko karga emozionala maneiatzea, ospitale eta zentro bakoitzean programako banako kontsulten bidez. Era berean, talde txikietako formatuan ere eman da laguntza, batik bat epidemia honekin zerikusi zuzenena duten zerbitzuekin, eta bilera birtualak egiten dira, erlaxazioko eta erregulazio emozionaleko ariketa errazak egiteko.

Herritarrei Osasun Kontseiluak eman die arreta, eta, horretarako, beharrezkoa izan denean, osasun mentaleko fakultatiboek eskaini diete laguntza. Osasun Sailaren / Osakidetzaren web-orrian, Osasun Eskolaren bidez, pandemiak sustatutako egoera emozionala maneiatzeko informazioa eta aholku errazak ere gaitu dira. 2020ko martxotik 2021eko maiatzera, 22.000 pertsonak baino gehiagok jo dute informazio horretara. Eta haietako % 8 inguruk haien karga emozionalaren inguruko autoebaluazio-testa bete dute. Testaren emaitzek hala komeni dela adierazten badute, haien erreferentziazko medikuarekin hitzordua eskatzea gomendatzen zaie.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan