Ekainaren 2a, organo emaileen eguna. 25 urte bete dira Euskadin lehen gibeleko transplantea egin zenetik
Aurten, Euskadiko lehen gibeleko transplantearen 25. urteurrena bete da; 1996ko otsailean egin zen. Aldi honetan, 1.600 pertsonak gibeleko transplantea jaso dute Euskadin, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean.
Pandemiak Euskadiko transplanteen sistemaren indarra utzi du agerian. Zailtasun ugari egon badira ere, iaz, gure lurraldean, 243 organo-transplante egin zitzaizkien euskal herritarrei; alegia, 110 egin ziren milioi bat biztanleko. Komeni da azpimarratzea giltzurrun-emaile bizien transplante kopurua handitu egin dela eta 11,4koa dela milioi bat biztanleko. Hala, Euskadi Estatuko lehen hiru autonomia-erkidegoen artean dago; 2020an, jarduera % 30 handitu da, 2019aren aldean.
Giltzurrunetako transplanteen emaitzak bikainak dira, funtsean emate- eta transplante-taldeen lan handiagatik eta esperientziagatik. Nabarmentzekoa da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea Espainian giltzurruneko transplante gehien egiten dituen (zifra absolutuetan) zentroa dela, biziraupena bost urtetik gorakoa izanik pazienteen % 88an. Era berean, erreferentziazko zentroa da giltzurrunetako transplanterako penintsulako iparraldeko paziente pediatrikoetan; 181 egin ditu, 1994tik.
Guztira, 1986an transplanteen koordinazio-taldea abian jarri zenetik, 6.578 euskal herritarrek transplantea izan dute, eta horrek salbatu egin die bizitza edo hobetu egin dizkie bizitza-baldintzak. Euskadik hitzarmenak ditu Euskadiko pazienteak transplantatzeko. 2020an, hitzarmen horiek indarrean jarraitu dute, eta organoen trukerako programei eutsi zaie.
Transplanteen itxarote-zerrendek beheranzko joera erakutsi dute pandemian zehar, zerrendetan sartu beharreko pazienteen balorazioa luzatu egin ahal izan delako, bai eta transplantearen tasen mantentzeak ere. Ez da heriotza-tasa igo itxarote-zerrendan 2020an, 2019aren aldean; ez du % 5 gainditu.
Euskadiko organo-emateen eta -transplanteen sistemaren indar handia programa hau bultzatzen duten osasun-eremuko eta osasun-eremutik kanpoko profesionalen (epaileak, forentseak, aireportuko pertsonala –organoak lekualdatzeko eta sanitarioak garraiatzeko bide ematen duen entitatea izanik–, Ertzaintza…) konpromisoan oinarritzen da; izan ere, haien elkarlanik gabe, ezinezkoa litzateke emate- eta transplante-kota horiek lortzea. Kota horiek munduko gainerako herrialdeetan erregistratutakoen gainetik daude.
Hori horrela, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak eskerrak eman dizkie Euskadiko gizarteari eta, bereziki, organo-emaile eta haien familiartekoei, 6.500 pertsona baino gehiagoren bizitza salbatzeko edo bizi-kalitatea hobetzeko aukera eman baitute. Era berean, gaixoen elkarte guztiek gizarte-sentsibilizazioaren eremuan eginiko lana nabarmendu du; izan ere, funtsezkoa da Euskadiko gizartean elkartasuneko tasa altu horiei eusteko.
Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak eskerrak eman nahi izan dizkio organo-emate eta -transplanteen Euskadiko sistemari, orain arteko ibilbideagatik; izan ere, 2021ean, Euskadin eginiko lehen gibeleko transplantearen 25. urteurrena bete da.
Euskadi abangoardian mundu mailan organo-emate eta -transplanteetan
Euskadik lidergoari eusten dio milioi bat pertsonako organo-emate eta -transplanteen tasari dagokionez. Zehazki, 2020an, milioi bat biztanleko 51,3 organo-emaileren tasa erregistratu zen, eta, ondorioz, abangoardian dago nazioarte-mailan, eta Espainiako batez bestekotik 14 puntu gora. Pandemian hartutako segurtasun-neurrien eta kritikoen unitateen okupazio-tasa altuaren ondorioz, 2020an mundu-mailan beherakada ikusi da organo-emateetan; Euskadin, beherakada hori beste lurralde batzuetako batez bestekoaren antzekoa izan da, % 15-20 bitartekoa. Nolanahi ere, esanguratsua da nabarmentzea Euskadin, 2020an, organo-emate tasa “pandemia aurreko” sasoian arlo horretan aktiboen zeuden herrialdeena baino askoz ere altuagoa izan zela: 2019an, Alemaniak 11,3 organo-emaile erregistratu zituen milioi bat biztanleko; Australiak, 21,8; Kanadak, 22,2; Frantziak, 29,4; Italiak, 25,3; Estatu Batuak, 36,1;Erresuma Batuak, 24,7, eta Europar Batasunak, oro har, 22,5. Euskadik, 2020an, 51,3 erregistratu zituen.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko ekainaren 2a