Artolazabal Sailburua Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideekin batu da, gaur, Martuteneko eta Basauriko espetxeak bisitatu ondoren

2021-06-02
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak entzuteko eta kontrastatzeko prozesuarekin jarraitzen du, eta berretsi egin du biktimak izango direla Euskadiko espetxe-ereduaren erdigune

Vitoria-Gasteiz, 2021/06/02

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur arratsaldean, bilera izan du Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kideekin; haien artean, Miguel Folguera kontseilaria eta Carmen Ladrón de Guevara abokatua egon dira. Datorren urriaren 1ean, espetxeen transferentziaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak abian jarriko duen espetxe-eredua zehazteko  gizarte-erakundeekin eta beste solaskide batzuekin egiten ari den entzuteko eta kontratatzeko prozesua da hitzorduaren testuingurua. Prozesua maiatzaren 15ean hasi zen; hasteko, jardunaldi teknikoa egin zen hirugarren sektoreko ordezkariekin.

Beatriz Artolazabalekin batera, Ana Agirre Justiziako sailburuordea eta José Antonio Rodríguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea izan dira, bai eta Jaime Tapia espetxe-gaien inguruko aholkularia ere.

Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin eginiko bilerarekin amaitu da Eusko Jaurlaritzako saileko taldeak Martuteneko (Gipuzkoa) eta Basauriko (Bizkaia) espetxeak bisitatzeko eginiko jardunaldia; sailburuari zuzendaritza-taldeek egin diote harrera, Marian Moreno eta José Angel Badiola buru izan direla.

Bi espetxeetan, sailburuak eta bere taldeak lore-eskaintzak egin dituzte, ETAk eraildako espetxeetako funtzionarioen omenezko plaken alboan: Angel Jesús Mota, Jose Ramón Domínguez eta Francisco J. Gómez Elósegui.

Espetxe-ereduaren erdigunea

Goizeko bisiten ondoren, Artolazabal sailburuak, arratsaldean, bilera izan du Terrorismoaren Biktimen Elkarteko ordezkaritza batekin, eta, hartan, azken asteotan errepikatu duen mezua azpimarratu du: “Biktimak gure espetxe-ereduaren erdigune izango dira”.

Artolazabalek, era berean, “politika errestauratiboaren eta preso guztien birsozializazioaren aldeko” apustua nabarmendu du. Aldi berean, Terrorismoaren Biktimen Elkarteari ETAko presoek mesede-traturik jasoko ez dutela bermatu dio.

Topaketaren amaieran, sailburua pozik agertu da, bilera “giro bero”an egin delako.

Datozen asteetan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak Euskadiko espetxe-eredua abian jartzeko hasitako entzuteko eta kontrastatzeko prozesuarekin jarraituko da, eta, hala, beste bilera batzuk egingo dira beste erakunde batzuekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jaime Tapia