Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek eta Herrizaingo Sailak hitzarmen bat sinatu dute genero indarkeriaren biktimak laneratzeko

2011.eko uztailak 15

 

  • Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren arteko hitzarmena lehenengo urratsa da datozen hilabeteetan proiektu pilotu bat abian jarriz osatuko den lankidetza-jardueraren barruan
  • Euskal Enplegu Zerbitzuak bere lehentasunezko helburuen artean sartuko ditu bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik indarkeria nozitu duten emakumeak eta sexu-esplotazioaren biktimak

 

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen espedienteei buruzko informazioa trukatzeko, haien laneratzea sustatze aldera. Hori guztia biktima bakoitzari buruz Jaurlaritzan, tresna informatiko konplexu eta berritzaile baten bitartez, espediente bakarra egon dadin lortzeko aipatutako Zuzendaritza egiten ari den ahaleginaren emaitza da.

"Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek autonomoak izan behar dute bizimodu independentea eramateko eta tratu txarren eragileekin dituzten loturak mozteko, enpleguak ematen duen independentzia ekonomikoaren bitartez, besteak beste. Horregatik, aktibazioaren eta enpleguaren aldeko politiken lehentasunezko helburu dira, eta laguntza pertsonalizatua jasoko dute orientazio-zerbitzuen aldetik", azpimarratu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Horrela, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak behar duten informazioa emango die Lanbideren zerbitzuak behar dituzten indarkeriaren biktimei eta, beharrezkoa bada, ofizioz eman ahal izango die alta enplegu‑eskatzaile gisa inskribatzeko. Bestalde, Euskal Enplegu Zerbitzuak, biktimaren berariazko onespenarekin, baimena emango dio Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako langileei espedientea eskuratu dezaten, eta biktimak laneratzeko bide egokienak aztertu ditzaten (orientazio-programak, prestakuntza, prestazioak jasotzeko eskubidea...).

Horren ildotik, Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak adierazi duenez, "berebiziko garrantzia dauka indarkeria matxistaren biktima den emakumearen laneratzea sustatzea; izan ere, jarduera guztiaren oinarrizko helburuetako bat emakumeen bizitza normalizatua eta independentzia lortzea izango baita".

Lan-aukerei buruzko txostena

Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren tresna informatikoan Lanbide sartzeak asko arinduko du biktima diren emakumeentzako diru‑laguntzen izapidea, lan-aukerei buruzko txostenari dagokionez; izan ere, txostena beharrezkoa baita laguntza horiek lortzeko.

Berritasun gisa, lehentasunezko helburuen artean, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren eskutik indarkeria nozitu duten emakumeak ez ezik, sexu esplotazioaren biktima diren emakumeak ere hartuko ditu Lanbidek, baita besteko genero‑indarkerien biktima direnak ere, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren aldez aurreko txostenarekin. Horrez gain, edozein motatako genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak laneratzeko prozesuan tutoretza-lana egin behar duten teknikari espezializatuen gaikuntza eta prestakuntza sustatuko ditu, Zuzendaritzarekin batera.

Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren arteko hitzarmena lehenengo urratsa da datozen hilabeteetan proiektu pilotu bat abian jarriz amaituko den lankidetza-jardueraren barruan, genero-biolentziaren biktima diren emakumeak laneratzeko bide malkartsuan aurrera egiteko.

Herrizaingo Sailak eta Lanbidek sinatu duten hitzarmenak ez du eduki ekonomikorik; urtebeteko indarraldia izango du, eta epe berdinetan berritu ahal izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan