Berriak Segurtasuna
qrcode

Josu Erkoreka maskarei buruz: "Eztabaida alde batera utzita, legea indarrean dagoen bitartean errespetatu egin beharko da"

2021-06-02

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak, markarei buruz, esan du, eztabaida alde batera utzita, legea indarrean dagoen bitartean errespetatu egin beharko dela.

60 urtetik beherako oinarrizko kolektiboei bigarren dosia jartzeari dagokionez, Erkoreka sailburuak esan du, orokorrean, gizartearen %65k Pfizer eskatu duela. Segurtasun sailburuak azaldu du hasieratik Ertzaintzari Pfizer eskaini zaiola eta gehiengoek hala hartu dutela, hala ere, adierazi du, bigarren dositzat Astrazeneca nahi dutenentzat, badirudiela nahiko txerto iritsiko direla.

Transferentzien inguruan, lehen lehendakariordeak nabarmendu du Bizitzeko Gutxieneko Erretaren eskualdaketan dagoela kokatuta ahalegin nagusia, gaur egun; izan ere, politika berria da eta DSBEarekin txertatu behar da. Halaber, gaineratu du kronograman jasotako beste eskumenak ere lantzen ari direla, hartutako konpromisoari ahalik eta etekin handiena ateratzeko ahalik eta denbora epe laburrenean. ”Borondate onarekin ari dira eta guk gure aldetik lanean ari gara, legealdi honetan Gernikako Estatutua osatzeko”, esan du.

Ertzaintzaren inguruan galdetuta, Segurtasun sailburuak adierazi du, berak dakiela, azken 3 asteetan ez dela barne ikerketarik ireki gehiegikeria zantzuak direla eta. Horrela, azaldu du  8000 ertzain daudela eta gehiegikeriak eman daitezkeela, baina marko juridikoa argi dela eta urraketarik emango balitz salaketak tramitatzen direla, babesten duten frogak egonez gero betiere.   

Iñaki Garcia Calvo PPko zinegotzi ohiari egindako erasoei buruz, ikerketa irekita dagoela adierazi du. Horrelako erasoak normaltasun politikorako oztopo direla gaineratu du, eta modu honetan, “iraganeko motxilak” bueltatzen direla.

Desokupa enpresaren inguruan, Josu Erkorekak argitu du enpresa pribatua dela eta, beraz, enpresa eta jabearen arteko kontaktua baino ez dela ematen; Ertzaintzak ez duela parte hartzen, segurtasuna bermatzen ez dela ikusten ez badu behintzat. Abadiñoko kasuari buruz, azaldu du Ertzaintzak, manifestazioa bertaratu eta enpresa eta jabearen lana oztopatzen zutela jakin arte, ez zuela esku hartu; eta gaineratu du identifikazioak egiterako garaian tratamendu berdina eman zitzaiela manifestazioan parte hartzen ari zirenei eta enpresako kideek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak