qrcode

  Euskadi ondo ari da aurrera egiten bere ingurumen-egoerari dagokionez (Gobernu Bilera 2021-6-1)

2021-06-01

 

  • Publikatu da, 11 bektore aztertzen dituen «Ingurumenaren Egoera Euskadin 2020» txostena
  • Bilakaera ona detektatu du uraren, airearen, zarataren, baliabide materialen, lurzoruaren, ekonomiaren, herritarren eta tokiko ingurumenaren datuetan; eta joera hobetu behar da biodibertsitatean, hondakinetan eta klima-aldaketan
  • Txostena Eusko Jaurlaritzak ingurumen-arloan dituen lehentasunak ezarriko dituen hurrengo Euskadi 2030 Ingurumen Esparru Programa prestatzeko prozesuaren parte da 

Euskadik 2002az geroztik monitorizatzen ditu ingurumenaren egoera adierazten duten aldagaiak, eta azken azterketaren arabera, zeina 2020an egin zen, oro har, ondo ari da eboluzionatzen. Hala jasotzen da «Euskadiren Ingurumen Egoera 2020» azterketan. Horren ondorio nagusiak gaur jakinarazi ditu Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Urdaibaiko Ekoetxean Ingurumenaren Mundu Egunaren harira (ekainaren 5a) egin den Gobernu Kontseiluan. 

Azterketak 11 bektore aztertzen ditu: ura, airea, klima-aldaketa, zarata, biodibertsitatea, baliabide materialak, hondakinak, lurzorua, ekonomia eta ingurumena, herritarrak eta ingurumena, eta tokiko ingurumena. Oro har, progresio positiboa ikusten da, baina egia da horietako hirutan joera hobetu egin behar dela, zehazki, biodibertsitatean, hondakinetan eta klima-aldaketan. 

Txostenak garrantzi berezia du orain gauden unean, izan ere, V. Ingurumen Esparru Programa prestaketa-prozesuan da. Horretan, Eusko Jaurlaritzak ingurumen arloan dituen lehentasunak ezarriko dira, eta Europako Itun Berdea izango du ardatz egituratzaile, horren espiritua euskal testuingurura eraman baita Basque Green Deal izenarekin. 

Ingurumen Esparru Programak ibilbide-orria zehaztuko du, klima- eta ingurumen-erronkak aukera bihurtzeko, trantsizio bidezko eta integratzailea bermatzeko moduan.

 Ildo horretan, V. Ingurumen Esparru Programaren prestaketari Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legearen aurreproiektua gehitu behar zaio, zeina izapidetzen ari baita eta Euskadi helburu klimatikoen arloan abangoardian kokatuko duen arau- eta plangintza-esparrua osatuko duen, arlo honetan munduko eskualde eta herrialde aurreratuenak direnekin batera. 

Programazio berezia
Ingurumenaren Mundu Eguna, urtero ekainaren 5ean ospatzen dena, Nazio Batuen hitzordu nagusietako bat da, mundu osoan ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa eta ekintza bultzatzeko; planetaren alde jarduteko egun bat da, eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailak bat egiten du, beste urte batez, ekitaldi eta jardunaldien programazio berezi bat antolatuz, Ihobe sozietate publikoaren bidez: 

  • Ekainaren 7an, astelehena, Euskadiko Ingurumenaren Mundu Egoerari buruzko txostena aurkeztuko zaio ingurumen-sektoreari, eta Ingurumenaren Esparru Programa berriaren ildoak aurreratuko dira.
  • Ekainaren 8an, asteartea, euskal kostaldeari buruz hitz egingo da, eta Eusko Jaurlaritzak itsas ingurunearen egoerari buruz egindako diagnostikoa aurkeztuko da.
  • Ekainaren 11n, ostirala, lurzoruaren erabilerari buruzko eztabaida egingo da tokiko eragileekin, eta FAOk bultzatutako Lurzoruaren aldeko Munduko Aliantza aurkeztuko da. Jardunaldi hau European Green Week Europako Aste Berdearen programazio ofizialaren barruan kokatzen da. 

Jardunaldi horiek guztiak doakoak eta web formatuan izango dira, Zoom plataformaren bidez, Ihoberen webgunean ( www.ihobe.eus ) izena eman ondoren.

 

INGURUMENAREN EGOERA EUSKADIN, 2020

Bektoreen araberako laburpena 

 Joera positiboa 

Ingurumenaren Egoera 2020 azterketan, aztertutako adierazleen arabera, joera positiboa da ingurumen-esparru gehienetan: ura, airea, zarata, baliabide materialak, lurzorua, ekonomia eta ingurumena, herritarrak eta ingurumena, eta tokiko ingurumena. Bestalde, klima-aldaketari, biodibertsitateari eta hondakinei dagokienez, hobekuntza-marjina bat detektatu da. 

Azterketak 2030erako perspektibak ere nabarmentzen ditu.

 

 

URA

 

Euskadiko lurpeko uren, bainatzeko uren eta kontsumorako uren egoera ona da. Gainera, hobera egin du lurrazaleko uren egoerak: oro har egoera «ona» zutenen ehunekoa % 34 zen 2012an, eta 2019an % 52ra igaro da. Egoera orokorra «ona» da Euskadiko masen % 92an. 

EAEko bainatzeko eremuen % 85ek ur kalitate «bikaina» lortu zuten 2018an, Europar Batasuneko tasa globalaren antzekoa. Kalitate nahikoa edo eskasa duten bainatzeko eremuak 2000. urtean erregistratutako % 47tik % 2ra murriztu dira. 

2019ko datuen arabera, 81,4 m3 ur kontsumitzen da biztanle bakoitzeko, eta Euskadiko biztanleen % 98k dute kalitate oneko ura. 

2030erako erronkatzat ezartzen da, besteak beste, gizarteak, urari dagokionez, eragiten duen presioa murriztea, uholde-ordokien eta hezegune naturalen azalera handitzeaz gainera, eta uholdeen aurka babesteko metodo alternatiboak sustatzea.

 

 

AIREA

 

Euskadin murrizten ari dira emisio kutsatzaileak, eta, aldiz, hobetzen ari da airearen kalitatea. Kutsatzaile atmosferikoen emisioak nabarmen jaitsi dira: 2,5 mikratik beherako partikulak etengabe urritu dira 2006ko maximotik aurrera, eta, ondorioz, 1990eko mailen pareko mailak lortu dira. Euskadin, PM10 partikulen urteko batez besteko kontzentrazioak % 59 egin du behera 2003-2019ko aldian, eta Europako zuzentarauak airearen kalitateari buruz ezartzen duen helburuaren azpitik dago.

Ozono-kontzentrazioa EB28ko eta Espainiako mailen azpitik dago, nahiz eta gora egin duen 2011-2019ko aldian. 

Egunen % 91n airearen kalitatea «ona» edo «oso ona» izan zen; egunen % 6,3an, kalitatea «hobetzeko modukoa» zen; eta % 2,3an, berriz, «txarra» edo «oso txarra» (urtean 8 egun). Hobekuntza nabarmena ageri du 2005eko datuekin alderatuta. 

2030erako erronken artean, horren kutsatzailea ez den garraioa lortzea eta substantzia kimikoek osasunean duten inpaktuaren ezagutza hobetzea daude.

 

 

KLIMA-ALDAKETA

 

Energia berriztagarrien kuota areagotu egin bada ere, egonkortu egin dira berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioak, eta euskal garraioak oraindik ere emisio handiak egiten ditu. 2019an, garraioak bakarrik areagotu zituen berotegi-efektuko gasen emisioak Euskadin, 2005. urtearekin alderatuta (% 12,5). Datu positibotzat, nabarmentzekoa da, 2019ko BEGen inbentarioan jasotzen denarekin bat, garraioak joera-aldaketa izan duela azken bi urteetan, eta emisioak jaitsi egin direla lehen aldiz hamarkada batean (– % 1,3 aurreko ekitaldian eta –% 0,6 2019an). 

  1. urteaz geroztik, EAEko ekonomia % 20 hazi da, eta berotegi-efektuko gasen emisioak, ostera, % 27 murriztu dira. Hortaz, posible da ekonomia haztea eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea. 
  1. urteari begira, erronka garrantzitsuak daude, hala nola garraioan joera alderantzikatzea; energia-kontsumoa murriztea, efizientzia hobetuz; energia berriztagarrien iturriak hedatuz jarraitzea; higiezinen parkea klima-aldaketara moldatzea, eta berotegi-efektuko gasen emisioak % 45 jaistea (2005. Urtearekin alderatuta).

 

 

ZARATA

 

Euskadin ingurune-zarataren eraginpean dagoen biztanleriaren tasa urriagoa da Europakoa baino; hala ere, hiru hiriburuek zarata-maila handia dute oraindik ere. Egunean zehar gehiegizko ingurune-zarataren eraginpean dagoen biztanleriaren tasa % 17 da, eta % 19 gauez. Biztanleen ia % 60k jasaten du Europako legerian ibilgailuen zirkulazioak eragindako zaratarako ezarritako muga maximoa baino gehiago (55 dB). 

2030erako zarataren segimendu zorrotza egitea da asmoa, osasunean duen eraginarengatik.

 

 

BIODIBERTSITATEA

 

Euskadin, oro har, hobetzeko modukoa da habitaten eta interes komunitarioko espezieen kontserbazio-egoera; hala ere, aztertutako azken aldiko eboluzioa (2013-2018) pixka bat hobea da. 

Interes komunitarioko habitaten % 69k kontserbazio-egoera eskasa du. Eta egoera txarrena dutenak duna-ekosistemak, kosta-ekosistemak, aintzira- eta urmael-ekosistemak eta baso-ekosistemak dira. 

Igarabak dira kontserbazio-egoera hobetu duen interes komunitarioko espezie bakarra; desman piriniotarraren eta bisoi europarraren kontserbazio-egoera, berriz, eskasa/txarra da. Nekazaritza-inguruneetako hegazti-espezieen populazioa, 2019an, jaitsi egin da 1998ko datuekin alderatuta, baina baso-eremuetako eta hiri-inguruneetako hegaztien populazioak gora egin du. 

Belardi eta baso autoktonoen konektagarritasuna hobetu egin da eta Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek urtean 13 milioitik gora inbertitu dituzte Natura 2000 Sareko espazioak kontserbatzen eta kudeatzen. 

2030erako, erronkak honako hauek dira: eremu babestuak lurraldearen % 30eraino zabaltzea; ekosistema degradatuak leheneratzea; nekazaritza ekologikoa zabaltzea; polinizatzaileen murrizketa alderantzikatzea; eta pestiziden erabilera eta kaltegarritasuna murriztea, baita biodibertsitatea areagotzea ere hirietako eta hiri inguruko espazioetan.

 

 

BALIABIDE MATERIALAK

 

Materialen etxeko kontsumoa jaitsi egin da Euskadin (% 21, 2000-2017 urte bitartean), eta horrek pentsarazten du posible dela ekoizpen- eta kontsumo-eredu jasangarriago eta efizienteago bat lortzea, baliabideak aprobetxatuko dituena. 2005etik, Euskadin, erdira jaitsi da etxeko erauzketa: 2005ean 10,2 tona ziren biztanleko, eta 2017an, berriz, 5,5 tona. Gainera, hobera egin du Produktibitate Materialak (BPGaren eta etxeko material kontsumoaren arteko harremana). Hala ere, beheranzko joera ikusi da azken bi urteetan.

2030era begira, erronkak honako hauek dira: Produktibitate Materiala % 30 igotzea 2016ko datuekin alderatuta; ekodiseinua duten produktuak garatzea, ekoizteko baliabide material gutxiago behar dituztenak; eraikuntzaren sektorean baliabideak hobeto aprobetxatzea eta nekazaritzako elikagaien balio-kate osoan eragitea.

 

 

HONDAKINAK

 

Euskadin egonkortu egin dira hondakinen sorkuntza eta birziklatze-tasa. Euskadiko hondakin-sorkuntzaren eta BPGaren arteko desakoplamendu erlatiboa jarduera ekonomikoaren «ekoefizientzia» handiagoaren seinale da, eta BPG unitate bakoitzeko sortutako hondakinak gutxitzea ekarri du; hala, 64 kg hondakin zenbatu dira BPGko mila euroko. Elikagai-hondakinen per capita sorkuntza-tasa % 13 handiagoa da 2014an erregistratu zena baino.

Euskadin, ekoizpenetik eta kontsumotik eratorritako hondakin guztien birziklatze-tasa % 52 izan zen, meatzaritzako hondakin nagusiak alde batera utzita; tasa hori EBko guztizkoaren % 57 baino tasa txikixeagoa.

  1. urteari begira, helburua da material zirkularraren erabilera % 30 handitzea eta BPGko unitateko hondakinen sorkuntza-tasa ere % 30 murriztea, 2016ko datuekin alderatuta. Lehengai sekundarioen merkatu bat ere sustatuko da, ekonomia zirkularra sustatuko da eta kontsumitzaileen «konpontzeko eskubidea» ezarriko da.

 

 

LURZORUA

 

Kutsatuta egon litezkeen kokalekuen guztizko azalera % 64 murriztu da, 2010eko datuekin alderatuta. Guztira, 1.031 kokaleku leheneratu dira 2000. urteaz geroztik, hau da, 1.157 hektareako azalera metatua leheneratu da.

 Euskadik Lurzoruak Babesteko 2030 Estrategia onetsiko du laster, eta hor zenbait neurri planteatuko dira lurzoruen kontserbazio-egoerari eta eboluzioari buruzko ezagutza areagotzeko; lurzoruen kudeaketa jasangarria sustatuko da, eta areagotu egingo dira lurzoruen kontserbaziorako eta erabilera jasangarrirako sentsibilizazioa, heziketa eta prestakuntza. Halaber, ekosistemen zerbitzuak edo naturan oinarritutako soluzioen aplikazioa sustatuko dira. 

 

 

EKONOMIA ETA INGURUMENA

 

Euskadik desakoplamendu nabarmena ageri du barne-produktu gordinaren eta ingurumen-adierazle nagusien artean: 2000-2018 aldian BPGa % 38 areagotu da, baina murriztu egin dira ingurumen-aldagaiak, hala nola PM10 partikulen emisioa eta zabortegiko hiri-hondakinak, % 31 eta % 53 hurrenez hurren. 

Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ingurumenera bideratutako 181,6 milioi euroren % 80 baino gehiago urarekin eta hondakinekin lotutako proiektuetara bideratu ziren. 

2014an baino % 19 gehiago izan arren, Euskadin 2018an ingurumen-zergen bidez bildutako 1.256 milioi euroak BPGaren % 1,6 dira, EB-28ko % 2,4 baino gutxiago. 

2030erako helburuen artean, ingurumen-aldagaia aintzat hartzen duten eredu ekonomiko jasangarrien alde egitea dago, jasangarritasuna garapen ekonomikorako palankatzat ezartzearen alde egitea eta hazkunde ekonomikoa zerga-erreformen bidez sustatzea ere.

 

 

HERRITARRAK ETA INGURUMENA

 

EAEko herritarrek oso garrantzitsutzat jotzen dute ingurumena babestea, eta gero eta eskurago dute kalitatezko ingurumen-hezkuntza. 

EAEko herritarren % 89k uste dute kontsumoa jaisteak ingurumenaren hondamena saihesten lagunduko lukeela. 

2020/2021eko ikasturtean egonkortu egin da Eskolako Agenda 2030 programarekin bat egin duten ikastetxeen (443) eta ikasleen (187.000) kopurua, baita «Jasangarritasuneranzko Eskola» ziurtagiria duten ikastetxeen kopurua ere (108 izan dira ikasturte honetan). 

Ekoetxeen Sareko lau zentroek 100.989 bisitari jaso zituzten 2019an; horrek esan nahi du % 140ko igoera izan dela 2008. urtearekin alderatuta. Urdaibaiko Ekoetxeak 66.989 bisitari izan ditu, eta harexek jaso du bisita gehien 2019an. 

2030erako, Eusko Jaurlaritzaren apustuen artean daude gizarte-elkarrizketa eta gizartearen ingurumen-kezkei etengabe erantzutea, eta ingurumen-hobekuntzako jarduketek eragin dieten kolektiboei soluzioak eskaintzea. Halaber, metodologia berritzaile eta integratzaileak sustatuko dira hezkuntza-esparruan.

 

 

TOKIKO INGURUMENA

 

Udalerri Jasangarrien Euskal Sarea-Udalsarea 2030 190 udalerriz dago osatuta (guztien % 76), zeinek EAEko biztanleriaren % 98 biltzen duten. Horietako batzuek bat egin dute klima-aldaketari eta energiari buruzko nazioarteko ekimenekin (21 udalerri Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituneko parte dira, zeina esparru horretako mundu-mailako mugimendu handieneko bat den). 

Udalerri horietan, Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuei (GJH) egindako ekarpenak 10etik 7,2ko balioa du batez beste. Horien artean, garapen jasangarriko 12. helburuak (Ekoizpen eta kontsumo arduratsua) du ekarpen-indizerik handiena: 10etik 8,3. 

2030erako, modu jasangarrian kudeatutako herriak eta hiriak lortzeko eta Udalsarea 2030 osatzen duten udalen kopurua handitzeko egindako ahaleginari eutsiko zaio. Sarearen Plan Estrategiko berriak palanka gisa jardungo du GJHen ildoko erronka berrietarako eta erronka komunitario berrietarako klima-aldaketaren arloan. Eta Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikitako EAEko udalerrien kopurua handitzea espero da.

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko