Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Pilar Unzaluk adierazi du ‘kezkatuta dagoela’ APEa aldatzeko proposamenaren ikuspegiarekin

2011.eko uztailak 14

Eusko Jaurlaritzak ahaleginak egingo ditu arrantzari buruzko politika erkidearen aldaketan atzemandako gabeziak konpontzeko

Pilar Unzalu Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak gaur adierazi du "kezkatuta dagoela" Arrantzari buruzko Politika Erkidearen aldaketaren ikuspegiarengatik; izan ere, Unzaluren ustez, "ezin da soilik ingurumen-irizpideetan oinarritu, baizik eta hainbat gizartetan, esaterako, Euskadiko gizartean jarduera horrek duen eragin sozioekonomikoarekin lotutako funtsezko beste elementu batzuk ere kontuan hartu behar dira".

2013-2020 aldiko Arrantzari buruzko Politika Erkidea (APE) aldatzeko proposamenari buruz Europako Batzordeak egindako jakinarazpenaren inguruan egin ditu gogoeta horiek Pilar Unzaluk.

"Eusko Jaularitzaren ustez ere arrantza-tokien iraunkortasun-irizpidea funtsezko elementua da Europar Batasunean arrantza egin ahal izateko etorkizunean. Baina iraunkortasun-irizpide hori ezin da soilik bere ingurumen-ikuspegitik interpretatu, ez baitugu inola ere ahaztu behar Jaurlaritzaren ustez APEan bildu behar dena, hots, arrantza-jarduera sortzen duen eragin sozioekonomikoa" adierazi du.

Ildo horretatik, gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak bere garaian igorri zituela jakinarazpen honetan bildu beharrekotzat hartzen ziren ekarpenak -sektorearekin adostuta-. Ekarpen horien artean honako hauek zeuden:

1. Artisau-arrantza ontzien luzeran edo tamainan oinarrituta ez dagoen kontzeptu gisa definitzea, baizik eta arteen izaera selektiboan, eta, beraz, arrantza egiteko moduak artisau-praktikatzat hartzean oinarrituta dagoen kontzeptu gisa definitzea.
2. Gehieneko etekin iraunkorrek arrantza-toki bakoitzari buruz egiten diren txosten zientifikoetan oinarritu behar dute nahitaez.
3. Arrantzari buruzko eskubide indibidualen erregulazioa ezarri behar da, eskubide horiek talde ekonomiko handietan biltzea eragozten duen erregulazioa, alegia. Horren ondorioz, eskubide horiek (ITQ) ontziteria guztiei orokorrean aplika dakizkien ez onartzea.

EBk proposatu duen aldaketak hainbat gabezia ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren ustez gabezia horiek konpondu egin behar dira izapidetze-fasean, arrantzaren ikuspegi sozioekonomikoa ere kontuan hartu behar baita, eta, era berean, arrantza-toki bakoitzaren kudeaketa iraunkorra arautuko duten eta kudeaketa horren benetako oinarri gisa erabiliko diren azterlan zientifikoak txertatu behar baitira.

Halaber, etorkizuneko APEak kontuan izan beharko du artisau-arrantza ez dela itsasontzien luzeraren arabera soilik interpretatu behar (12 metrotik beherakoak), baizik eta erabiltzen dituzten arteen izaera selektiboa bereziki kontuan hartuta.

Eusko Jaurlaritzaren ustez positiboa da kontsumitzailearentzako trazabilitate-bermea gure merkatuetara iristen diren arrain guztietan aplikatzea, baina hirugarren herrialdeetatik iristen diren arrainetan ere aplikatu beharko litzateke.

Orobat, positiboa da epe luzerako kudeaketa-planak -aldaketak proposatzen duen jakintza zientifikoan oinarrituta daudenak- ezartzea, baita erabakiak eskualde-mailan hein handiagoan hartzea ere, autonomia-erkidegoek eta sektoreak berak esku hartuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Pilar Unzalu
    Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua (IX legealdia)