Berriak Lehendakaritza

LABIren Aholku Batzordeak aire zabaleko jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du

2021-05-31
  • Lehendakariak zuhurtzia mantentzeko eta norberaren babeserako neurri guztiak betetzen jarraitzeko deia egin du

Gaurko bileran, LABIren Aholku Batzordeak, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela, eta LABIren Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta Biziberri III Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, aire zabaleko kirol-jarduerak malgutzea eta jarduerak eteteko ordutegia zabaltzea erabaki du.

Dekretu berrian indarrean dagoen dekretuan jasotako neurri nagusiak mantenduko dira, baina aire zabaleko jarduerak eta jarduerak eteteko ordutegia malgutuko dira. Lehendakariak berak eman du horren berri, arratsaldean Lehendakaritzan egindako bileraren osteko agerraldian. Gainera, LABIren Aholku Batzordeak beste neurri batzuen arintzea atzeratzea erabaki duela jakinarazi du, egoerak hobera egin arte.

Lehendakariak bere agerraldian adierazi du beharrezkoa dela norberaren babeserako neurri guztiak betetzen jarraitzea. "Tunelaren amaieran argia ikusten ari gara, baina zuhurtzia mantendu behar dugu datozen hiru asteetan. Asko aurreratu dugu. Orain helburua da atzera ez egitea", adierazi du.

NEURRI BERRIAK

Dekretu berriak bost aldaketa jasotzen ditu indarrean dagoen Dekretuan jasotako neurriei dagokienez:

  • Aire zabaleko kirol-jarduera pertsona-kopurua mugatu gabe egin ahal izango da;
  • Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatzen dira;
  • Garraio publikoaren irteteera ordutegia gaueko 12:00-ak arte luzatu daiteke; 
  • Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, betiere egonkorrak direla bermatzen bada;eta
  • Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan taldeak 10 lagun artekoak izan litezke.

Irizpide horien jarraipena eta ebaluazioa etengabea izango da, eta 20 eguneko epean berrikusiko da, aldez aurretik edozein berregokitze egitea beharrezkoa ez bada.

NEURRIAK ARINTZEA ATZERATZEA

LABIren Aholku Batzordeak zuhurtziatzat jo du, halaber, honako neurri hauen aplikazioa atzeratzea, harik eta osasun zerbitzuen okupazio neurria eta ZIUen ohe erabilpena bigarren agertokira jaitsi arte edo Intzidentzia Tasa 150 kasuen azpitik kokatu arte.

Bilakaera horrek baldintzatutako 9 neurri dira:

- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak gaueko 01: 00etara luzatzea.

- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.

- Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.

- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.

- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.

- Barruko esparruetan kirol-jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.

- Kirol-ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti % 60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.

- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.

- Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.

PANDEMIAREN BILAKAERA

Lehendakariak azaldu duenez, apirilaren amaieratik aurrera pandemiaren bilakaera positiboa izan da, nahiz eta jaitsiera moteldu egin dela azken aste honetan, eta horrek "nolabaiteko ziurgabetasun ikuspegia zabaltzen du". Bestalde, txertoak positiboki aurrera egiten jarraitzen duela gaineratu du: EAEko biztanleen % 27k ahalik eta immunitate handiena dute, eta % 50ek, gutxienez, dosi bat jaso dute. "Testuinguru honetan, itxaropena eta zuhurtzia uztartu behar ditugu. Une honetan, itxaropenaren aliaturik onena zuhurtzia da. Zuhurtziaz jokatzea beharrezkoa da", azpimarratu du.

Iruzkin bat
  • 2021-06-01

    Facebook ha eliminado 18 millones de "publicaciones engañosas" sobre COVID-19 desde el comienzo de la pandemia y ha etiquetado a más de 167 millones más.
    https://twitter.com/rasmussen_poll/status/1399336701265338375?s=11

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak