Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak gehieneko errenta hileko 650 eurora arte handituko du Bizigune alokairu sozialeko programari etxebizitza uzten dioten pertsonentzat

2021-05-28
  • Gaur egun izapidetzen ari den neurriak 50 euroko igoera aurreikusten du hileko gehieneko kanonean; hala, hobekuntza horrekin, kanona gaur egungo 600 euro izatetik 650 euro izatera pasatuko da
  • Bizigune programak alokairuko parke publikoan berehala etxebizitza gehiago edukitzeko aukera ematen du, eta hutsik dauden etxebizitzei Etxebizitza Legeak esleitzen dien funtzio soziala ematen die

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak laster hobetuko du alokairu sozialerako etxebizitza hutsak atzemateko Bizigune programari atxikitako jabeei ordaintzen dien hileko gehieneko errenta. Iñaki Arriolak zuzentzen duen Saila prestatzen ari den Finantza Neurrien Aginduak hileko gehieneko kanona 50 euro igotzea aurreikusten du; hala, hobekuntza horrekin, kanona gaur egungo hileko 600 euro izatetik 650 euro izatera pasatuko da. Agindua uda bukatzean indarrean jartzea aurreikusten da.

Gaur goizean Eusko Legebiltzarrean egindako saioan, Arriola sailburuak azaldu du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila hainbat arlotan ari dela lanean Euskal Autonomia Erkidegoan hutsik dauden etxebizitzen kopurua murrizteko; une honetan, 15.149 etxebizitza daude hutsik, etxebizitza-parkearen % 1,4. Tresna horietako bat Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Etxebizitza Hutsari buruzko Dekretua da. Dekretu horrek alokairua sustatzeko neurriak eta etxebizitza hutsik edukitzea zigortzeko beste neurri batzuk hartzea ahalbidetuko du.

Beste tresna Bizigune programaren baldintzak hobetzea da. Tresna horrek, Iñaki Arriolaren hitzetan, "etxebizitza berehala alokatzeko parke publikoan sartzea errazten du, eta, aldi berean, hutsik dagoen etxebizitzari Etxebizitza Legeak esleitzen dion funtzio soziala ematen dio".

Aurreikusitako igoeraren —ia % 10— eta Eusko Jaurlaritzak etxebizitzak kudeatzeari lotutako berme juridiko eta mantentze-berme garrantzitsuen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza hutsen jabeen artean programaren erabilera sustatzea.

Agindua onartu ondoren programan sartzen diren eta Alokabideren balorazio ekonomiko egokia lortzen duten etxebizitzek hilean, gehienez, 650 euro jaso ahal izango dituzte. Halaber, neurriaren onuradun ere izan ahalko dira, urtarrilaren 1erako atzeraeraginezko izaerarekin, 2021ean zehar programarekin bat egin duten etxebizitzak edo aldi horretan kontratua berritu dutenak, baldin eta gaur egun baimenduta dagoen gehienekoa kobratzen ari badira, hau da, 600 euro, baina Alokabideren balorazioa zenbateko hori baino handiagoa bada.

Egoera horretan daude 179 etxebizitza. Kasu horietan, jabeek ez dute inolako izapiderik egin beharko; aitzitik, sozietate publikoa bera jarriko da haiekin harremanetan, errentaren igoera dagokion ehunekoan eurei iragartzeko eta 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatzeko.

Bizigune programak urteko 33 milioi euroko aurrekontua du, eta azken urteotan gorakada handia izan du: 2017ko urtarrilean 4.480 etxebizitza zituen, eta gaur egun 6.600 baino gehiago kudeatzen ditu. Hortaz, lau urtetan % 47 handitu da.  

Iruzkin bat
  • 2021-10-26

    Esta noticia salio el 28/05/2021, a día de hoy 26/10/2021 sigue sin estar vigente, ¿cuándo se supone que lo va a aprobar?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak