Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Arriola Sailburuak EuskoTrenen tren berrien lehen bidaia inauguratu du

2011.eko uztailak 23

900 tren serie berriaren 3 unitate gehitu zaizkio merkataritza zerbitzuari CAF-ek fabrikatutako unitate modernoek, Donostialdeko Metroa izango denaren barruan geratuko den Lasarte Oria-Hendaia linean zirkulatuko dute

Iñaki Arriolak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, Amaratik Errenteriarantz abiatu den Euskotreneko tren berriaren lehen merkataritza bidaia inauguratu du. Une horretatik aurrera, Gipuzkoako CAF enpresak fabrikatu duen 900 tren serieko hiru unitate berri eta moderno Lasarte Oria - Hendaia linearen merkataritza zerbitzuaren parte bilakatu dira.

Zerbitzuan sartu den lehen unitateak goizeko 11:00etan hasi du bere ibilbidea Donostiako Amarako geltokian, Errenteriara joateko. Minutu batzuk geroago, Amaratik eta Errenteriatik abiatu diren beste bi unitateak hasi dira lanean.

CAF 30 tren unitate ari da egiten EuskoTrenentzat, eta diseinuarekin erlazionaturiko guztian LKS enpresa gipuzkoarrak ere hartu du parte. Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak 30 unitatez osatutako serie berri honetan egindako inbertsioaren balio osoa 201 milioi eurokoa da. Azken urteetan 34 urto zituzten trenak berriztatzea beharrezkoa zela ikusi da eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak tren berriak erostea erabaki du, gaur egungo beharretara egokiturikoak, eta, horrela, bere trenak berriztatzeko prozesuari ekin dio, zerbitzuaren kalitate eta segurtasun mailak hobetzeko. 2011ko amaierarako 9 tren gehiago egongo dira zerbitzuan, 19 2012ko amaierarako eta 30 2014ko otsailerako.

900 tren serie berriak, tren sektoreko azken berrikuntzak sartzen ditu teknologiari, fidagarritasunari, iraunkortasunari eta ergonomiari dagokienez, eta kanpoko eta barruko diseinua azken joeretan oinarrituta dago.

Lehenengo unitatea otsailaren 16an entregatu zion CAF-ek EuskoTreni, trenbideko material mugikorra eraikitzen duen enpresak Beasainen (Gipuzkoa) duen lantegian.

Proba epealdia

Merkataritza zerbitzuan hasi aurreko hilabeteetan, Unitateek, ezinbestekoa den proba epealdia eta puntuan jartzea jaso dute. Halaber, EuskoTrenek, unitate berriak gidatzeaz arduratuko diren gidarien prestakuntza epealdia jarri du martxan.

EuskoTrenek probako hainbat bidaia egin ditu Euskadiko Autonomia Erkidegoko administrazioaren esku dagoen trenbide sarearen zenbait zatitan. Horrela, tren berriek jaso dituzten probak honako hauek izan dira, batez ere:

  • Hasierako probak lantegian bertan eta EuskoTrenek Durangon duen Material Mugikorraren Mantentze lanetako Tailer nagusian.
  • Galibo probak.
  • Balaztak eta trakzioa.
  • Segurtasun sistemak.
  • Komunikazioak.
  • Enbarkaturiko gainerako ekipoak.

Probak egin eta gainditu ondoren, EuskoTrenek zurizko merkataritza simulazio faseari (bidaiaririk gabeakoari) ekin zion. Fase horretan Treneko agenteek benetako gidaritza egin dute, material mugikor berriari dagokion prestakuntza epealdiaren barruan.

CAFeko eta EuskoTreneko teknikari espezialistek aurreikusi bezala, probek iraupen aldakorra dute, gero eta txikiagoa, Serie berriko Unitateak entregatu ahala, entregatutako lehen Unitateetan egindako proben emaitzen arabera lantegian egin ahal izan diren egokitzapenei esker.

Oraindik EuskoTrenen entregatu gabe dauden gainerako unitateen probatarako aurreikusten den iraupena 2 eta 3 aste artekoa izango da.

Berrikuntza teknologikoaren abangoardian

Unitate berriek elementu teknologiko modernoak ezartzeko aukera eman dute, eta horiek sistemaren segurtasuna, fidagarritasuna eta kudeaketa eta bezeroei zerbitzuari buruz ematen zaien informazioa hobetzeko aukera emango dute.

Modelo berrietan integratutako segurtasun sistemetako bat anticlimber izenekoa da, deformazioak xurgatzen dituen sistema. Sistema horri esker, istripua gertatuz gero, ibilgailu batzuk ez dira besteen gainean geratuko. Estrukturaren diseinua ere energiaren xurgapena handiagoa egiteko pentsatuta dago.

900 Serieko Unitate berriek arrapala integratu erdi-automatikoak dituzte sarrerako ateetan eta, horrez gain, azken berrikuntzak jasotzen dituzte, pertsona itsuei edo ikusteko arazoak dituztenei laguntzeko. Horrez gain, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonek argidun seinale distiratsuak izango dituzte.

Unitate bakoitzak 4 kotxe ditu, eta 214 bidaiari eraman ahal izango ditu, eserita, 100 kilometro orduko gehieneko abiaduran. Kotxe bakoitzaren barrualdea oztoporik gabe diseinatu da, bidaiarien mugikortasuna errazteko.

Horrez gain, gidariaren postua diseinatzeko orduan, gidaritzarako baldintza hoberenak bermatzea bilatu da, baldintza antropometrikoei eta ikusteko gaitasunari dagokienez zein gidaria ahalik eta erosoen joan dadin.

Ingurumenaren aurreko errespetua eta jasangarritasuna ere oso garrantzitsuak izan dira EuskoTreneko Unitate berriak egiteko orduan. Horrela, goitik behera bete dira ingurumenarekin erlazionaturiko araudi guztiak, eta material guztien eta bakoitzaren bizitza zikloak errespetatu dira.

Kotxeek Ethernet Gigabit Sarea dute Zuntz Optikoan, lurreko aplikazioak dituzten konektibitate sistemak (Wifi, GPRS, Tetra), erregistragailu zinematikoa, ekipoen eta lurrerako alarmen auto-diagnostikoa, etab.

Euskotreneko garapen teknologikoa

Unitate berriak dira EuskoTrenen garapen teknologikoaren eta berritzailearen protagonistak. 2009ko abuztuan, EuskoTrenek, teknologiaren eta berrikuntzaren alorretan enpresaren zerbitzuetan aurrerapauso garrantzitsuak emateko zenbait proiekturi ekin zien.

Proiektu horiek, EuskoTrenek ezarritako helburu estrategiko nagusietako batzuei irtenbidea emateko xedez sortu ziren: bezeroei eskaintzen zaien zerbitzua, arreta eta informazioa hobetzea, enpresa modernizatzea eta lanean profesionalizazio maila altuagoa lortzea.

900 Serie berrian, Balio Erantsiko Sareko ekipamenduak eta trenaren Konektibitatearekin erlazionaturiko ekipoak honako hauek dira:

  • Ethernet sarea.
  • MVB eta Ethernet sareen arteko pasarela (Gateway).
  • Komunikazio Modulu Enbarkatua (MCE).
  • Posizioa Eskuratzeko Modulua (MAP).
  • Operadoreari Laguntzeko Sistema, 2.0 bertsioa (S20).
  • RFID txartel irakurgailua.

Horrekin guztiarekin erlazionaturik, EuskoTrenek asoziaturiko aplikazioen software garapenak bultzatu ditu, trenaren informazio zinematikoaren deskarga eta biltegiratze sistemaren definizio funtzionalak, gidaritza eraginkorrerako modulua, tailerreko alarmen kudeatzailea eta CCTV ikusmen eta deskarga sistema finkatuz.

Unitate berriak ere Eskariaren Analisi Sisteman integraturik geratzen dira. Sistema horrek, 900 Serie berrian enbarkaturiko ekipo pertsona-zenbatzaileen informazioa izango du.

Tren berriek, Operazio Zentralizatu proiektua errealitate bilakatzeko beharrezkoak diren informatika eta komunikazio ekipamendu eta aplikazio guztiak dituzte. Ezarritako sistemak honako hauek dira: Trenbideko Operazioaren Kudeaketari buruzkoa (SIGOF), Zerbitzuaren Informazioari buruzkoa (SIIS) eta Gertakizunen Kudeaketa Bateratuari eta Erabakiak hartzeko Laguntzaileari buruzkoa (GUIAT).

Aplikazioek era automatikoan sortuko duten zerbitzuari buruzko informazioan oinarrituz, gure bezeroen mugikorretan erabili daitezkeen aplikazio xumeak sortu ahal izango dira.

Aurreikuspenen arabera, aplikazio horiek Bluetooth edo web (mugikorra) bitartez deskargatu ahal izango dira. Horrekin jasoko litzatekeen informazioa ohikoa izango litzateke: lineak, geltokiak, ordutegiak, tarifak, etab. Halaber, une eta gertakari jakin batzuei buruzko deskarga puntualak ere deskargatu ahal izango dira: jaiak eta bestelakoak direla eta ezarritako zerbitzu berezien ordutegiak, etab.

Epe ertainean, SIGOF, GUIAT eta SIIS operazio normalizatuan egonik, aplikazioei, denbora errealean informazioa emateko modulu berriak gehitu ahal izango zaizkie: unitate mugikorren posizioak, gertakariak, etab.

Horrez gain, CAF-ek fabrikaturiko EuskoTrenen Material Mugikorrak osaturiko parke berriak eskaintzen dituen aukera teknologikoei esker, Konpainiak, aurreikuspen handiagoa izango duten prozesu proaktiboagoez osatutako mantentze sistemarantz eboluzionatuko du, eta indarrean egongo diren aplikazioen eta sistemen artean, gurpilaren talkaren hautematea, ardatz beroen hautematea eta Material Mugikorraren plangintza adimentsua egongo dira.

Unitate berriek, erregistragailu juridikoaren, edo kaxa beltzaren, osagarri izango den erregistragailu zinematikoa dute. Ekipamendu horrek operazioaren datuak eta parametroak erregistratuko ditu, besteak beste, eguna, ordua, zerbitzua, gidaria, kontsumoak, eskariaren gorabeherak, etab. Hori guztia, trenaren funtzioak lantzen dituzten eta emaitzak erregistragailu zinematikoan grabatzen dituzten zuntz optikoko ekipo lotuei esker da posible. Ekipoak eraztun gisa daude loturik elkarren artean, eta grabaturiko datuak trenera edo lurrera transmititzen dituzte, komunikazio kanal baten bitartez.

Material mugikor berriari esker hainbat sistema egongo dira integraturik, ateetako sentsoreetan pertsonak zenbatzeko sistema, materialaren mantentze lanetarako plana hobetzeko aukera ematen duen trenaren alarmen kudeaketa sistema eta trenaren posizionamendu sistema, hain zuzen ere.

Tren berriek, operazio zentralizaturako funtsezkoak izango diren hiru ekintza burutuko dituzte, batez ere:

  • Datuak biltegiratzea.
  • Datuak denbora errealean bidaltzea.
  • Edukien karga eta deskarga WIFI bitartez, amaierako geltokietara, kotxetegietara eta tailerretara heltzen direnean. Horri esker, Ustiapen Planak hobekuntza garrantzitsua izango du, eta eduki guztiak deskargatu ahal izango dira (telebista zirkuitu itxiaren edukiak, adibidez).

EuskoTrenek zenbait azterketa egin ahal izango ditu, energiaren kontsumoari buruzkoak, agenteek geltokien artean egiten dituzten kontsumoari buruzkoak, etab. Horrek, gidaritza egonkorragoa lortzeko aukera emango du.

Aldi berean eguneroko eskariaren mapa (pertsonak zenbatzeko sistema) eskuratzeko aukera izateak, aukera emango dio EuskoTreni zirkulazio bakoitzaren okupazio maila ezagutzeko eta, ondorioz, bere ustiapenaren eskaintza eta kudeaketa, eskariaren bilakaeraren arabera antolatzeko.

EuskoTrenen aurreikuspenen arabera, proiektu horren guztiaren lehen fruituak 2011ko ekitaldi honen amaieran ikusi ahal izango dira. Eta ia erabateko errealitate izango dira 2015. urtearen bukaeran. 2012an zehar, sistema aurreratu horiek martxan egongo dira jada Lasarte Oria - Hendaia linean, bertara bideratuko baitira CAF-ek emandako lehenbiziko Unitateak.

Irudiak www.irekia.euskadi.net helbidean

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)