Berriak Segurtasuna
qrcode

Euskadik 241 gorroto-delitu erregistratu zituen 2020an, eta ia erdiek izaera arrazista edo xenofoboa zute

2021-05-31
  • Eraso arrazista edo xenofobo horietako gehienak pertsona beltzen edo latinoen aurkakoak izan ziren
  • Gorroto-delituen beste % 21ek biktimen, kasu gehienetan gizon homosexualen, sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin zuten zerikusia, eta % 12 erasoa jasan zuten pertsonen dibertsitate funtzionalagatik burutu ziren
  • Gorroto-delitu gehien Bilbon egin ziren, eta ondoren Gasteizen eta Barakaldon
  • Era horretako delituengatik inputatutakoen profila da gizona, 37 urte ingurukoa eta jatorriz euskalduna.
  • Salaketa jartzen duten biktimek batez beste 28 urte dituzte, eta gizonak eta jatorriz euskaldunak dira

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua gaur goizean agertu da Eusko Legebiltzarraren aurrera, berak eskatuta, Euskadiko Gorroto Gertakariei buruzko 2020ko Txostena aurkeztera. Dokumentua UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrako Jon Mirena Landak eta Enara Garrok zuzenduta eta koordinatuta egin da.

Txostenean Ertzaintzak iaz erregistratutako 241 gorroto-delituak jasotzen eta aztertzen dira, eta, berezitasun gisa, ez dago jasota gorroto-delituekin zerikusia duen arau-hauste administratiborik. Ezohiko egoera hori pandemia-egoeraren ondorio da, mugatuta edo itxita egon baitira egoera epidemiko normal batean gorroto-delituekin zerikusia duten arau-hauste administratiboengatik salaketa gehien izaten diren lekuak: kirol-ikuskizunak, ostalaritza edo gaueko aisia.

GORROTO DELITUEN BANAKETA

Ertzaintzak 2020an 241 gorroto-delitu erregistratu zituen, hazkunde esponentziala, beraz, % 129,5ekoa izan da, eta, batez ere, delituak hautematean nahiz erregistratzean poliziak izandako eraginkortasun handiagoaren ondorio da hori. Ertzaintza gero eta hobeto prestatuta dago kolektibo zaurgarriak deitzen direnen aurkako era honetako delituetan, eta, horrek erraztu egiten du identifikazioa, tratamendua eta datuen zenbaketa.

Iaz erregistratutako 241 gorroto-delitu horietatik % 48,5 (117 kasu) arrazistak edo xenofoboak izan ziren, % 21 (50 kasu) sexu-orientazioarekin eta -identitatearekin lotuta zeuden, % 12 (29 kasu) dibertsitate funtzionalarekin, % 10etan (24 kasu) oinarria ideologia eta orientazio politikoa zen, % 7k (16 kasu) biktimaren sexuarekin zuten zerikusia eta gainerako % 2k: aporofobiarekin (2 kasu), adinarekin (1 kasu), antisemitismoarekin (1 kasu) eta sinesmen eta praktika erlijiosoekin (1 kasu).

 

Gorroto-delitu gehien erregistratu ziren hiru kategorietan honako hauek izan ziren kolektiborik kaltetuenak:

  • % 48,5, 117 eraso arrazista edo xenofobo: Kolektiborik kaltetuenak izan ziren arabiarrak (29 kasu, eraso arrazisten edo xenofobo guztien % 25), beltzak (24 kasu, % 20,5), nazionalitateagatik edo jatorriagatik eraso egin zieten pertsonak (25 kasu, % 20, 3), latinoak (17 kasu, % 14,5), ijitoak (9 kasu, % 8) eta asiarrak (1 kasu, % 1).
  • % 21, sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako 50 eraso: Kolektibo biktimizatuenak izan ziren gayena, 31 gertakari eta sexu-orientazioaren eta -identitatearen aurkako eraso guztien % 62; transgeneroena, 10 gertakari, guztien % 20; eta lesbianena, 3 kasu eta guztien % 6.
  • % 12, dibertsitate funtzionalagatiko 29 eraso: Iaz gorroto-delitu gehien jasan zituzten pertsonak desgaitasun mental bat zutenak izan ziren (9 kasu, dibertsitate funtzionalagatik egindako eraso guztien % 31), eta ondoren desgaitasun fisiko bat zutenak (5 kasu, % 17) eta desgaitasun psikiko bat (4 kasu, % 14) edo sentsorial bat (4 kasu, % 14) zutenak.

DELITU-TIPOLOGIA

Delituen tipologiari dagokionez, 2020an gailendu ziren lesioak (71 kasu, guztien % 29,5), eta ondoren mehatxuak (53 kasu, % 22), koakzioak (30 kasu, guztien % 12,5), eta tratu umiliagarria (30 kasu, guztien % 12,5).

Bestalde, nabarmendu behar dira gorroto-diskurtsoak (14 kasu, guztien % 6), 2 sexu-eraso (guztien % 1) eta burutu gabeko hilketa bat.

 

LURRALDE BANAKETA

Bizkaia izan zen gorroto-delitu gehien erregistratu zituen lurraldea, 128 kasurekin (guztien % 53), eta Gipuzkoan 64 kasu erregistratu ziren (guztien % 26,5) eta Araban beste 44 (guztien % 18). Bestalde, hiru kasutan ezin izan zen gertakariaren lekua identifikatu eta beste bi kasutan beste lurralde batean gertatu ziren (Kantabrian eta Asturiasen).

Udalen banaketari dagokionez, 241 gertakarietatik 43 Bilbon gertatu ziren (guztien % 18), 32 Gasteizen (guztien % 13), 19 Barakaldon (guztien % 8), 15 Donostian (guztien % 6), 10 Irunen (guztien % 4) eta 9 Getxon (guztien % 4).

DELITUAREN LEKUA

2020an gorroto-delitu gehienak, % 38,6, kalean gertatu ziren eta, kasu askotan, biktima bizi zen lekuaren inguruan. Horrek eragin psikologiko gehigarri bat du biktimetan, gertakariek euren familietan ere izan baitezakete eragina. Bigarren lekuan, kasuen % 25ekin, etxean bertan edo eremu komunetan egindako delituak daude. 2020an kasuen % 8 baino ez ziren gertatu ostalaritzako, aisialdiko edo antzeko lokaletan, hain zuzen ere, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketengatik. Laugarren lekuan Internet bidez egindako gorroto-delituak daude, eta kasu guztien % 7,5 dira.

BIKTIMAK

Eraso horien biktimei dagokienez, % 56k, zehazki 195ek, espainiar nazionalitatea zuten. Horietatik 150, % 77, jatorri euskaldunekoak ziren. Eta Euskadi barruan gehienak, ordenari jarraituz, Barakaldokoak eta Bilbokoak ziren (% 20,5 batekoak eta bestekoak), eta ondoren Donostiakoak (% 12) eta Gasteizkoak (% 8).

Sexuaren arabera, 2020an 143 biktima emakumeak izan ziren (% 41) eta 203 gizonak (% 59).

Biktimen batez besteko adina 28 urtekoa izan zen.

BIKTIMARIOAK

Inputatutako pertsonei dagokienez, gehienak espainiar nazionalitatekoak dira: 101 pertsona, guztien % 63,5. Horietatik 86 jatorriz Euskadikoak dira, % 85, hain zuzen ere. Eta Euskadi barruan gehienak, ordenari jarraituz, Gasteizkoak (% 24,5), eta ondoren Bilbokoak (% 20) eta Barakaldokoak (% 18,5).

Sexuen arabera, 2020an 44 emakume inputatu zituzten (% 27,5) eta 115 gizonezko (% 72,5)

Delitu horiengatik inputatutako pertsonen batez besteko adina 37,3 urtekoa da.

2 iruzkin
  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-06-01

    No se tienen que tender a normalizar bromas siquiera de mal gusto salen incluso en contenido audiovisual ni ataques de este tipo en diferentes medios, inciten a la violencia, solicitar borrado de contenido cuando el filtro lo debe hacer de manera automática bajo amenaza de sanción. Tampoco publicación de ofertas laborales claramente abusadoras, no se deben permitir, hay unos mínimos se deben respetar y el desconocimiento no exime de su cumplimiento. Hay que reclamar más por parte de la ciudadanía.

  • Argazkia JAVIER MARTÍNEZ VADILLO
    2021-06-01

    Ez da txantxak normalizatzeko joera izan behar, ezta gustu txarreko txantxak normalizatzeko joera ere, ikus-entzunezko edukietan ere ez dira mota horretako erasoak egiten hainbat hedabidetan, indarkeria bultzatzen dute, edukia ezabatzea eskatzen dute iragazkia automatikoki egin behar denean, zehapenaren mehatxupean. Argi eta garbi abusuzkoak diren lan-eskaintzak ere ez dira argitaratu behar, ez dira onartu behar, gutxieneko batzuk errespetatu behar dira eta ez ezagutzeak ez du salbuesten horiek betetzetik. Herritarrek gehiago eskatu behar dute.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XII legealdia 2020 - 2024)