Bingen Zupiriak Euskalteka plataforma berriaren aurkezpenean parte hartu du

2021-05-27
  • Euskaltelek eta EITBk Euskalteka sustatu dute, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma berri eta aitzindaria
  • Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berriaren helburu nagusia
  • Lehen fase honetan, ETB1, ETB3 eta eitb.eus-en eduki nagusienak egongo dira Euskaltekan. EITBk 300 orduko lehen eskaintza bat prestatu du, programa arrakastatsuenekin, hainbat generotakoak eta publiko ororentzat
  • Plataforma berri honek aukera eskainiko die Euskalteleko telebistako bezeroei mota guztietako euskarazko saioak eskura izateko, modu errazean, eta jarraipena ematen dio euskarazko edukiak sortu eta zabaltzeko Euskaltelen apustuari
  • Plataforma zabalik dago euskaraz ekoitzitako produktu gehiago bertara biltzeko, etorkizunean Euskadin ikus-entzunezkoen arloan erreferentziazko bideoteka bihurtzeko helburuarekin 

Euskaltelek eta EITBk Euskalteka aurkeztu dute, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma berri eta aitzindaria. Abiapuntu gisa, EITBren saio arrakastatsuenen 300 orduko programazio eskaintza biltzen du, hainbat generotakoa eta publiko ororentzat.

Zerbitzu berriaren aurkezpena ostegun honetan egin da, EITBren Bilboko egoitzan. Bertan parte hartu dute Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Isabel Octavio EITBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak. Euskadiko ikus-entzunezko ekoizpenaren eta kulturaren erakusleiho berritzaile hau sortzeko bi entitateek egindako elkarlanaren garrantzia azpimarratu dute guztiek.

Hala, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ekimena goraipatu du. "Euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskaren Legea onartua izan zenetik, eta EITBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte. Ibilbide oparo horretan mundu analogikotik digitalerako iraultza ere erabatekoa izan da eta erabakigarria, besteak beste, ikus-entzunezko kulturgintzaren zabalkunderako. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, ongietorria ematen diogu eta txalotzen dugu EITB eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategiko hau, euskara ezagutzera eman eta erabilera sustatzen, Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako", esan du.

Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea, bestalde, harro agertu da euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideoteka aurkezteaz, "plataforma aitzindari bat, Euskadiko kultur panoraman mugarri". "Orain 25 urte jaio ginenean hartutako konpromisoaren adibiderik onena da hau, euskal gizartearen garapenaren alde lan egiteko eta gure kultura eta gure hizkuntza sustatzeko. Euskatelen lanak mamitzen duen guztiaren laburpena da Euskalteka: gizartearekiko konpromisoa, euskara, kultura, teknologia, berrikuntza eta bezeroarekiko gertutasuna". Horrez gain, azpimarratu du zerbitzu berri hau "erreferentzia diren bi euskal enpresaren lankidetzatik" jaio dela, "nor bere esparruan erreferentzia diren Euskaltel eta EITB, biak ala biak helburu berarekin: Euskadiren garapen teknologiko, kultural eta sozialean protagonista eta sustatzaile izatea".

Mikel Agirre EITBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, berriz, urtetan EITBk eta Euskaltelek jorratu izan duten aliantzaren garrantzia azpimarratu du. Agirrek nabarmendu du euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea dela hau. "300 orduko lehen eskaintza bat dago jada martxan, euskarazkoa eta lehiakorra, nahieran kontsumitu ahal izango dena. Bere kanaletako edukiei difusio handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio ekimen honek", azaldu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak