qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2021/05/28)

2021-05-28

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, MLBN Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 22 aholkularitza-enpresari irekitako zehapen-espedientearen eta horren euskal administrazioekiko erlazioaren inguruan.

Lehendakariak argitu du Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) ikerketa, aholkularitza-zerbitzuetako enpresa batzuei jarritako zigorrarekin amaitu dena, ez dela euskal administrazio publikoetara mugatzen. "Ez dira Administrazio publikoak ikertuak, enpresak baizik", adierazi du.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak zuhurtziaz jokatuko duela, prozedurak irekita jarraitzen duen bitartean “errudunak” ez seinalatzeko. “Eskatzen zaigun informazio guztia emateko lankidetza-jarrera izango dugu. Jarrera gardena edozein irregulartasun saihesteko”, gaineratu du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak kontratazio publikoan praktika onak egiteko eta indarrean dagoen legedia zorrotz betetzeko konpromisoa berresten duela azpimarratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Sánchez Gobernuko presidente jaunarekiko erlazioan izandako ezbetetzeei buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak aldebiko harremanaren bidea irekita mantentzea duela, akordio-borondatearekin. "Erakundeen ardura da gure gizartearen bizi-baldintzak hobetzen jarraitzea, urratsez urrats. Ez dut etsiko, autogobernuak, bizikidetzak eta ongizateak merezi dutelako ", adierazi du.

Iñigo Urkulluk aitortu duenez, pandemiaren aurkako eguneroko borrokak asko baldintzatzen du Espainiako Gobernuarekin harremana, hain zuzen, egoerak "elkar ulertzea eta elkarlana ahalik eta gehien bultzatzen saiatzera behartzen gaitu guztiok". Ildo horretan, positibotzat jo ditu berriki, maiatzaren 10ean, eskualdatu diren lau transferentziak. Gainera, lan-egutegian jasotako helburu partekatua urrirako bederatzi eskumenen akordioa lortzea dela esan du. "Horrekin batera, bi aldeen arteko harremana, akordioa eta lankidetza bideratzea espero dugu, bai zuzeneko laguntzen kudeaketan, bai Europako funtsen kudeaketan", gaineratu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña talde Mixtoko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Maiatzaren 18ko inbasioan Ceutan sartu diren bidaiderik gabeko adingabeei buruz.

Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak etika unibertsalaren oinarrizko premisa lehenetsiko duela eta erakunde eta elkarte guztien arteko lankidetza maximizatuko duela, errealitate horri modurik onenean erantzuteko. "Nire ustez, erakunde publikoen betebeharra da etorkizun berri baten bila migratzen duten pertsonak artatzea. Oinarrizko konpromisoa da hori, bai barne zuzenbidean, bai nazioarteko zuzenbide humanitarioan eta giza eskubideen zuzenbidean ", adierazi du.

Gainera, migrazioen errealitate globalaren eta estrukturalaren aurrean, Gobernuak erantzunkidetasunean oinarritutako Europako politika bateratua proposatu duela azaldu du, SHARE proposamenean jasotzen dena, hain zuzen. "Gure konpromisoa politika komunak eta lankidetzakoak sortzea da. SHARE proposamena oinarri hartuta, akordio bat lortu da Ceutan dauden 200 gazte eta adingaberi harrera egiteko ", azaldu du.

Lehendakariak azpimarratu du Euskadi beti izan dela gizarte solidarioa sufrimendu-egoeren aurrean, eta arduraz jokatu duela premia- eta zaurgarritasun-errealitateen aurrean.

Interpelazioa, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari eginaetorkizunean COVID-19aren antzeko krisietan neurri eraginkorragoak hartu ahal izateko aurrekaririk gabeko ariketa kolektibo bat abiatzeko asmoen inguruan.

Lehendakariak nabarmendu du aipatzen den "aurrekaririk gabeko ariketa kolektibo bat" martxan dagoela 2020ko martxotik, 14 hilabete daramatza irekita. “Ariketa kolektibo honen bidez pandemia ezezagun eta gure bizitzan ohikoa ez den eragina duen arazo bati aurre egin diogu, neurri eraginkorrenak hartzen saiatuz“, gaineratu du. Horrela, esan du hau ez dela laborategiko ariketak egiteko unea, etorkizunean gerta daitekeena irudikatuz, izan ere, benetako arazoa hemen dugu, gaur eta orain.

Parlamentuan tramitatzen ari den Pandemiaren aurkako Legea eskatzen den “ariketa kolektibo” horretarako aukera bat dela gaineratu du Lehendakariak, eta adierazi du, horrez gain, Osasun Publikoaren lege-proiektua ere, aurten onartu eta aurkeztuko dena, aukera berri bat izango dela.

Galdera, Carmelo Barrio Baroja euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ostalaritzaren ordutegien eta taldeen murrizketak arintzeari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du egunez egun egoera aztertzen jarraituko dutela, erabakiak orekaz hartuz eta osasun-agintarien gomendioetan oinarritutako neurriak hartuz. Ildo horretan, azken neurriak igande honetan amaituko diren hiru asteko aldirako hartu zirela esan du, eta, beraz, astelehenean LABIren Aholku Batzordean irizpideak eta erabakiak partekatuko dituztela gaineratu du.

Lehendakariak adierazi du intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen duela, nahiz eta jaitsiera moteldu den, eta txertaketa aurrera doala, baina azpimarratu du funtsezkoa dela erabakiak behar baino lehen ez hartzea, batez ere txostenek arrisku handikotzat jotzen dituzten guneetan: leku itxiak, aireztapen murriztua dutenak, pertsona desberdinekin elkartzeko tokiak eta maskara modu iraunkorrean erabiltzen EZ diren lekuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak