Berriak Segurtasuna

Josu Erkoreka: “Ezin da zehaztasuna eskatu txertoen inguruan, ez baitago modurik zenbat dosi iritsiko diren jakiteko”

2021-05-26

Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko Sailburua, Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote, gaur goizean, Bizkaia Irratiako “Goizeko izarretan” saioan. Bertan gaurkotasuneko hainbat gai errepasatu ditu.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan, Erne sindikatuak bigarren dosia Astrazeneca jaso nahi duten Ertzain guztiei dosia bermatzearen inguruan azaleratu duen kezkari buruz galdetuta, Erkoreka sailburuak azpimarratu du ez dagoela modurik zenbat txerto iritsiko diren jakiteko, eta, beraz, ezin dela zehaztasuna eskatu txertoen gaiaren inguruan. “Guk zintzotasunez eta zehaztasunez jokatuko dugu parametroen barruan”, gaineratu du.

Josu Erkoreka lehendakariordeak, ezker abertzaleko gazteek zabaldutako gorroto mezuei buruz galdetuta, adierazi du gorroto mezuak argiak eta esplizituak direla, baina, gorroto delitua den ala ez epaileek edo fiskaltzak erabakiko dutela. Jaurlaritzak datuak bildu eta fiskaltzaren esku jarri dituela azaldu du; eta orain fiskaltzari dagokiola aurrea egiteko bidea dagoen erabakitzea. “Guk irizpide argiak nahi ditugu gorroto mezuen inguruan, jakin dadin jardunaren mugak non dauden”, esan du.

Ertzaintzaren aurka egindako gazteen protesten inguruan, Segurtasun sailburuak nabarmendu du Ertzaintzak arau batzuk dauzkala bere jarduna arautzeko, eta horien arabera, errespetuz jokatu behar duela jendearekiko eta koertzio ahalmena proportzionaltasunez erabili.  Arau hauek betetzen ez diren kasuetan portaera argitzeko bideak badaudela gaineratu du eta espedienteren bat ireki beharko balitz hala egingo litzakeela. “Bideak daude salaketak egiteko eta legean jasotako errespetua eta proportzionaltasuna mantentzen dela bermatzeko”, esan du.

Bestalde, polizia ezberdinen artean koordinazioa hobetzeko helburuarekin Segurtasun batzorde bat deitu nahi dela iragarri du Erkoreka sailburuak, izan ere, badira 3 urte batzorde hori bildu ez dela. Segurtasun sailburuak azaldu duenez, gai berriak eta arazo berriak sortzen diren heinean beharrezkoa da polizia bakoitzaren  eskumenak  zein diren erabakitzea eta horretarako Segurtasun batzordea biltzea beharrezkotzat jotzen du. Delitu berrien adibide dira, esaterako, delitu digitalak, batzuk Euskaditik egindakoak dira baina beste asko kanpotik egindakoak; eta kasu hauetan, Erkorekaren ustez, ezinbestekoa da polizia ezberdinen arteko elkarlana.

Espainiko gobernuak Kataluniako preso politikoen inguruan egindako adierazpenen inguruan, Segurtasun sailburuak esan du, orain, tokatzen dena, azken urteetako egon ezinarekin bukatu eta egonkortasuna bilatzea dela, eta, bide horretan, indultua neurrietako bat izan daitekeela. “Gauzak lasaituko liratekeelako eta adostasunereko prestutasuna erakutsiko lukeelako”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak