Artolazabalek iragarri duenez, ETA-k espetxeetako funtzionarioen kolektiboarengan gauzatutako presioa aitortuko duen azterlana egingo da

2021-05-25
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Zaballako espetxea bisitatu du, eta, bertan, Máximo Casadori egin dio omenaldia, 2000. urtean erail zuten funtzionarioari
  • Artolazabalek iragarri duen dokumentua Deustuko Unibertsitateko Arrupe Institutuak egingo du, zinegotziei, ertzainei edo Estatuko Segurtasun Indarreko kideei buruz eginiko beste lan batzuen formulari jarraikiz
  • Ana Agirre sailburuordeak iragarri duenez, sei pertsona, “profil teknikoko funtzionarioak”, Euskadiko espetxeen kudeaketaren buru izango dira, Justiziako hiru zuzendarien ikuskaritzapean

 Vitoria-Gasteiz, 2021/05/25

“Gaur hona nator, bere memoriaren oroimenez, eta loreak utziko ditut, basakeria terroristaren presioa eta zentzugabekeria bizi behar izan duten espetxeetako funtzionarioen kolektiboarekiko errespetu eta elkartasun sakonaren seinale”. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak hitz horiek esan ditu, Máximo Casadoren oroimenez jarritako xaflaren ondoan lore-sorta bat utzi baino minutu batzuk lehenago; Máximo Casado Langraiz Okako espetxeko funtzionarioa izan zen, eta ETAk erail zuen, 2000ko urriaren 22an.

Artolazabalek, gaur arratsaldean, Arabako espetxea bisitatu du, Zaballa izenez ezagutzen dena, Ana Agirre Justiziako sailburuordearekin eta haren hiru zuzendariekin –Eugenio Artetxe, Javier Landeta eta Jon Uriarte– batera; hiru horiek, urriaren 1etik aurrera, Euskadiko espetxeen kudeaketa hartuko dute beren gain.

Ekitaldian, Karmele Arias Zerbitzu Orokorretako zuzendaria eta Jaime Tapia espetxeetako aholkularia ere izan dira.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari Benito Aguirre espetxeko zuzendariak egin dio harrera; bera izan da anfitrioia.

Arabako espetxearen barrualdera bisita egiten hasi aurretik, sailburuak elkartasuneko hitz batzuk izan ditu espetxeetako funtzionarioentzat, eta “basakeria terroristaren presioa eta zentzugabekeria” direla-eta bizi behar izan zituzten sasoi zailak aitortu dizkie.

Hori horrela, “sufrimendu hori aitortzeko eta ez ahazteko”, Artolazabalek iragarri du azterlan bat jarriko dela abian, eta, hartan, “larderia kriminal” horiek aitortuko direla. Azterlana Deustuko Unibertsitateko Arrupe Institutuak egingo du.

 “Gure Giza Eskubideen Zuzendaritzak jarraituko dio ETAren mehatxupean egon diren zinegotziei, presiopean egon diren ertzainei edo Estatuko Segurtasun Indarrek Euskadin bizi izandako egoera zailari buruzko beste lan batzuen formula berari”, esan du sailburuak. Azterlana datorren urtean aurkeztea espero duela esan du sailburuak.

Artolazabalek esan duenez, “biktimak Euskadiko espetxe-eredua lantzeko oinarri dugun ardatza dira eta izango dira”, eta justizia errestauratiboaren eta “birsozializatzearen, berreztearen eta birgizarteratzearen” aldeko apustua berretsi du.  Ildo horretatik, Máximo Casadoren bizitza pertsonalaren zertzelada laburra eman du, eta hauxe esan du: “garrantzitsua da estatistiketan ez galtzea; izan ere, izen-abizenak dituzte eta ezin ditugu haien izenak eta ibilbideak ahaztu”.

Sei pertsona gehiago Justiziako taldean

Ana Agirre Justiziako sailburuarekin batera, bere hiru zuzendariak egon dira; izan ere, haiek hartuko dute, aurrerantzean, Euskadiko espetxe-ereduaren kudeaketaren ardura. “Helburu nagusia presoak birgizarteratzea da, baina hori bide luzea da, eta giza taldea behar du, ibilbidea zehaztuko duten profesionalak behar ditu”, esan du Agirrek. 

Hala, Jon Uriarteren zuzendaritzak administrazio batetik bestera pertsonala aldatzeari buruzko guztia hartuko du bere gain. Bestalde, Javier Landeta azpiegiturez eta baliabide orokorrez arduratuko da, eta Eugenio Artetxek espetxeko gizarte-ekintzarekin eta espetxeetako barne-araudiarekin zerikusia duen guztiaren agintea hartuko du.

Era berean, Ana Agirrek iragarri du sailean sei pertsona gehiago sartuko direla, hiru zuzendaritzetako baten mende egongo diren funtzionarioak, haien lan-arloaren arabera baten edo beste baten mende egongo direnak, eta, aldi berean, 30 pertsonak osatzen duten talde bateko buru izango direla.

Justiziara iritsiko diren sei pertsona horiek hainbat arlotatik etorriko dira. Bik ibilbide zabala dute espetxe-eremuan, tratamendu-esperientzia handia eta gazte-justizian ere esperientzia handia; beste pertsona bat Lanbidetik dator, eta, bertan, gizarte-inklusioan eta prestakuntzan espezializatu da, eta gainerakoek administrazio orokorrean dute esperientzia handia, zehazki antolamendu-egitura, azpiegitura eta gainerako ekipamendu eta kontratazioetan.

Agirrek Langraiz Okako espetxe zaharraren etorkizuna ere aipatu du; hura, gaur egun, ez da erabiltzen. “Ez dugu erabaki zer egin”, esan du sailburuordeak, eta zera esan du: “Garrantzitsua da aurretik espetxeen azpiegturen plana prestatzea eta planak 5 edo 10 urtera zer beharrizan aurreikusten diren jasotzea. Beharrizan horiek ezagutzen ditugunean, eraikinak behar horietara egokitzea aztertu beharko da”. Hori dela eta, honako hau esan du amaitzeko: “Zubieta 2023ra arte erabilgarri egongo ez dela kontuan hartuta, marjina dugu azpiegituren diagnostikoa lantzeko, arinegi ibili gabe”.

Artolazabalek eta Agirrek hitz egin ondoren, Benito Aguirre espetxeko zuzendaria komitibarekin espetxe barrura joan da. Sailburuak eta Justiziako taldeak zenbait espazio bisitatu dituzte, besteak beste: bisita-gunea, erizaintza, modulu batzuk, aisia-guneak eta okintzako, garbitegiko, sukaldaritzako eta industria elektrikoko lantegiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak