Eusko Jaurlaritzak arrantza sektorearekin lotura duten turismo jarduerak arautuko ditu (Gobernu Bilera 2021-5-25)

2021-05-25
  • Ondarea zabaltzeko, produktuei balio handiagoa emateko, arrantza teknikak zabaltzeko eta dinamizazio ekonomikoa sustatzeko helburuarekin
  • Turismo jarduerak erauzketako arrantza sektorearen jarduera dibertsifikatu nahi du

Itsas arrantzarekin eta akuikulturarekin erabateko lotura edo lotura partziala duten jarduerak eta sektorean ari diren pertsonen errentak hobetzen edo osatzen dituzten jarduerak, hala nola, turismo arrantza, arrantza erakustaldiak eta arrantza edo itsas turismoa, arautuko ditu Eusko Jaurlaritzak, arrantza sektorearen jarduera osagarri gisa. Horretarako, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak elkarrekin sinatutako dekretu bat onartu du Gobernu Kontseiluak.

Erregulazio horren bidez, honako hauek lortu nahi ditu gobernu autonomoak:

  • Arrantzarekin, akuikulturarekin eta sektore horien ingurunearekin lotura duten ondarea, tradizioak, lanbideak, gastronomia eta kultura zabaltzea.
  • Arrantza eta akuikulturako produktuak sustatzea eta produktu horiei balio handiagoa ematea
  • Arrantza teknikak, arrantza aparailuak eta tresnak eta sektore horren bilakaera soziala, ekonomikoa eta teknologikoa zabaltzea, batez ere itsasoko baliabideak eta ekosistemak hobeto babestera bideratutakoa.
  • Arrantza jarduerarekin eta akuikulturarekin lotura duten arrantza produktuak eta oroimenerako materialak eta dibulgazio materiala eskuratzea erraztea.
  • Arrantzaren eta akuikulturaren sektoreen dinamizazio ekonomikoa eta sustapena sustatzea.
  • Paketatzaileen, saregileen eta neskatilen lana ikusaraztea.

 Jarduera horiek egin ditzakete arrantzan, itsas akuikulturan edo itsasontzitik itsaski biltzen aritzeko baimen, emakida eta lizentzien titularrek eta kofradiek, elkarteek eta kooperatibek eratutako merkataritza erakundeek. Turismo operadoreen edo turismo jardueren garapenarekin lotura duten beste zerbitzu enpresa batzuen lankidetza izan ahalko dute.

Dekretuaren arabera, turismoko arrantzan, arrantza erakustaldietan eta itsas eta arrantza turismoko jardueretan ari diren arrantza ontzien, pertsonen eta enpresa edo erakundeen erregistro bat sortuko da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko