Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak eta Gasteizko alkateak berretsi egin dute Gasteiz erakunde komunen egoitza izendatzeko lankidetza‑hitzarmena berritzea

2021-05-23

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak berretsi egin dute Gasteiz erakunde komunen egoitza izendatzeko lankidetza‑hitzarmena berritzea, 1/1980 Legearen 41. urteurrena beteko dela eta.

Ekitaldian Josu Erkoreka lehen lehendakariordea eta Segurtasuneko sailburua, Idoia Mendia bigarren lehendakariordea eta Lan eta Enpleguko sailburua eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua ere izan dira.

Ajuria Enea jauregian Hitzarmena sinatu ondoren, Lehendakaria, alkatea eta gonbidatuak Andre Maria Zuriaren plazara joan dira. Bertan, "40+1, Vitoria-Gasteiz Euskadiko hiriburua" argazki-erakusketa bisitatu dute Gasteizko Udaleko diseinatzaile grafiko Vicente Peralesen eskutik. Erakusketa Gasteizko historian zehar, 1980tik gaur egun arte, argazkiak eta prentsa-ebakinak dituzten bost kuboz osatutako espazio bat da, eta Euskal Administrazio Publikoaren eraikin esanguratsuenetako batzuk erakusten ditu. Ikurriñaren igoerarekin amaitu da ekitaldia, Forondako Atea kaleko lorategi nagusian.

Gasteiz erakunde komunen egoitza izendatzeko lankidetza‑hitzarmena

Sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotzen denari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak guztira 40 milioi euro jarriko ditu 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteetan, urte bakoitzean 10 milioi euro. Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen honek 2013an eta 2017an sinatutakoak berrituko ditu, lau urtekoak horiek ere. Partida ekonomiko hori hiriko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko inbertsioak egiteko erabiliko da.

Vitoria-Gasteizen zenbait inbertsio egin ahal izateko helburuarekin eta borondatearekin berritu du Jaurlaritzak hiriburutza kanona izenaz ezagutzen dena. Inbertsio horiek hiri ingurunea baldintza onenetan zaintzen laguntzen dute, baita herritarren segurtasuna eta mugikortasun eta irisgarritasun azpiegiturak sustatu eta, oro har, zerbitzu publikoa hobetzen. Hiriak hainbat gastu orokor eta inbertsio gastu dakartzaten jarduerak egin behar izaten ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza delako, bai eta haiekin lotutako gainerako erakundeena ere, hala nola Ararteko, Kontuen Euskal Epaitegia eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

Toki araubidearen arloan eskumena duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren bidez, Eusko Jaurlaritzak urtean hamar milioi euro jarriko ditu, lau urtetan zehar, honela banatuta: 7,5 milioi euro Vitoria-Gasteiz sustatzeko, erakunde komunen egoitza den aldetik, Udalaren gastu orokorrak finantzatzeko, bai eta hiri espazio publikoan errehabilitazio eta mantentze lanak egiteko ere; eta beste 2,5 milioi euro mugikortasunaren, ingurugiro azpiegituren, gizarte eta kultura ekipamenduen eta hiri azpiegituren arloan inbertsioak egiteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak