Berriak Osasuna

Osakidetzaren Paziente Bizia programak NAOS saria jaso du, obesitatea prebenitzeko ohitura osasungarriak sustatzen laguntzeagatik

2021-05-20

450 pertsona inguruk parte hartu zuten, 2020an, bai pertsona osasuntsuei bai gaixotasun kronikoren bat dutenei bizi-kalitatea hobetzeko eskaintzen zaizkien autozaintzaren inguruko bost lantegietakoren batean.

Osakidetzaren Paziente Bizia programak NAOS Estrategia saria jaso du osasun-eremuan; Elikadura Segurtasuneko eta Nutrizioko Espainiako Agentziak ematen ditu, urtero. Epaimahaiak Osakidetzari programa horren bidez gainpisua eta obesitatea goizetik detektatzeko neurriak ezartzeko, elikatzeko ohitura osasungarriak sustatzeko eta jarduera fisikoa erregulartasunez egin dadin bultzatzeko duen gaitasuna aitortzen dio.

Azken urtean, pandemia gorabehera, 450 pertsona inguruk Paziente Bizia programak proposatzen duen lantegietakoren batean parte hartu dute. Lantegi horietan, autozaintzak irakasten zaizkie osasun-egoera hobearekin bizi nahi dutenei, edo gaixotasun kronikoa izan eta bizi-kalitatea hobetu nahi dutenei. Parte-hartzaileek, esaterako, elikadura-ohiturak, ariketa, atsedena, arazoak konpontzeko teknikak, estresaren kontrola, emozioak maneiatzea edo sexualitatea lantzen dituzte. Lantegiak zailtzaileei ere zuzentzen zaizkie.

Programak bost tailer mota eskaintzen ditu:

 

  • Nire osasuna aktiboki zainduz: edozein gaixotasun kroniko duten pertsonei zuzentzen zaie.
  • Nire diabetesa zaintzen: II motako diabetesa duten pertsonei zuzentzen zaie.
  • Osasuna zaintzen ijitoen herrian: ijitoen erkidegoari zuzentzen zaio.
  • Minbiziaren ondoren nire osasuna zaintzen: prozesu onkologikoa igaro duten pertsonei eta/edo zaintzaileei zuzentzen zaie.
  • Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa: herritar guztiei zuzentzen zaie (anonimoa eta ordutegirik gabea).

 

Gaur egun, lantegiak Zoom bidezko saioen bitartez egiten dira; saioak 2 ordu eta 15 minutukoak izaten dira, astean behin (7/8 aste), Entrenamendu Aktiboko online ikastaroa izan ezik, ez baitu ordutegirik.  
Pixkanaka presentzialtasuna berreskuratu ahal izatea aurreikusten da, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu zena. Hala ere, online eskaintzari eutsiko zaio.

Programak osasunarekin eta gaixotasunarekin lan egiteko modu berriak dakartza; interesa pertsonaren behar, sentimendu eta bizipenetan zentratzen du, helburuak une bakoitzera egokitzeko.

  1. urtean abian jarri zenetik, 8.000 pertsona inguruk parte hartu dute lantegietan. Lantegi horiek, pandemia sasoi hauetan, are garrantzi handiagoa dute; izan ere, aukera ematen dute trebetasunak eskuratzeko, herritar bakoitzak bere osasuna zaindu eta autonomia irabazi ahal izateko.

Paziente Bizia programari buruzko argibide gehiagorako: https://www.osakidetza.euskadi.eus/osasun-eskola-ataria/-/paziente-bizia-programa/.

 

Harremanetarako datuak: 943 00 65 51 telefono-zenbakia edo pacienteactivo@osakidetza.eus helbide elektronikoa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan