Euskadiko standak hasiera eman dio bere jarduerari FITURen, ezohiko edizio batean pandemiaren ondorioz

2021-05-19
  • Javier Hurtado sailburuak inauguratu ondoren, arratsaldean, bilerak eta euskal helmugen eta turismo-enpresen ohiko aurkezpenak egin dira.
  • Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Turismoko Estatu Idazkaritzak jarduera-protokolo bat sinatu dute Euskadi Adimen Turistikoaren Sisteman sartzeko eta Helmuga Turistiko Adimenduna programaren barruan jarduerak garatzeko.

FITUR azokako Euskadiko standa gaur goizean estreinatu da, COVID-19 delakoaren ondorioz osasun-segurtasunari buruzko arauek markatutako edizio batean. Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen standean izango diren pertsonek aste honetan izango dituzten aldaketen artean daude, besteak beste, edukiera-murrizketak, tabernarik ez izatea eta osasun-kontrolak.

Hala ere, ohiko jarduera guztiak ez du eraginik izan, eta lan-eremuko bilerak, aurten zabalagoak, eta Estatuko turismo-azoka garrantzitsuenean euskal turismo-enpresek eta -erakundeek egiten dituzten aurkezpenak arazorik gabe egingo dira, ezarritako edukiera-arauak betez.

Hala, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak standa inauguratu ondoren, arratsaldeko 3etatik aurrera hainbat aurkezpen eta ekitaldi egin dira. Aurkezpenen gaiak hauek izan dira: Bilbo-Bizkaia markako turismo-produktu berriak, “San Sebastián Pintxos & Parks” ekimena Donostiako berdeguneak eta tokiko gastronomia sustatzeko, Portugaleten hiriaren 700. urteurrena dela-eta antolatuko diren ekitaldiak eta “Arabako maiteminduen arnasbideak” ekimena.

Gainera, gaur arratsaldean, jarduera-protokolo orokorra sinatu dute Eusko Jaurlaritzak eta Turismoko Estatu Idazkaritzak, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia eta Segittur, Helmuga Turistiko Adimenduen proiektuaren buru den erakunde publikoen bidez, Euskadi Adimen Turistikoaren Sisteman (SIT) sartzeko. Proiektu honek aukera ematen dio turismo-leku bati hainbat informazio-iturritako datuen azterketa sakona egiteko, informazioa kargatu, prozesatu eta aztertzeko gai den tresna bati esker. Tresna horrek informazioa erabilgarria, garrantzitsua, sistematizatua eta ordenatua bihurtzen du, helmugaren eta bere eragile guztien zerbitzura jartzeko.

Hitzarmen honi esker, bi jarduera nagusi garatuko dira, Helmuga Turistiko Adimenduna (DTI) programari dagozkionak. Donostiak eta Gasteizek bat egin zuten, eta Bilbok parte hartuko du:

1.- Bilboko Diagnostikoaren eta Ekintza Planaren txostena, eta Ekintza Planaren jarraipenaren ebaluazioa, Donostia eta Gasteizko berritze-auditoriarekin batera.

2.- DTI metodologia hiriburuak ez diren euskal turismo-lekuetara egokitzea, hau da udalerri batek baino gehiagok osaturiko eskualdeetara, eta ondoren gidatzea.

Eta Adimen Turistikoaren Sistemarekin zerikusia duten beste 3 jarduketa:

1.- ITSn dagoeneko irekita dauden informazio-iturri publikoetatik datozen datu-modulu berriak garatzea. Lau aginte-koadro/txosten berri garatu eta abian jartzea, batez ere INEren eragiketei buruzkoak.

2.- BASQUETOURen berezko datu-iturrietatik abiatuta aukeratutako datu-modulu berriak garatzea. “Itourbask sareko turismo-bulegoen jarduera” informazio-iturriko aginte-/txosten-koadro bat garatzea eta abiaraztea.

3.- Euskadiko SIT-en kontsulta daitezkeen 2020. urtean garatutako aginte-koadroen/txostenen datuak eguneratzea eta ele bietan mantentzea.

 

Bihar, osteguna, eta etzi, ostirala, aurkezpen eta ekitaldi gehiago egingo dira Euskadiko standean, eta, horrez gain, azokako euskal turismo-enpresek eta -erakundeek standaren lan-eremuan bilerekin jarraituko dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak