Berriak Hezkuntza

Jokin Bildarratz sailburuak Jakin-Mina Araba zikloko ziurtagiriak banatu ditu

2021-05-20
  • 2020-2021 ikasturte honetan, DBH 4. mailako 257 euskal ikaslek hartu dute parte Jakiundek antolatzen duen hitzaldi zikloan

  •  Programaren xedea da gazteen ezagutza zabaltzea eta haien jakin-mina piztea, ezezagun zaiena bilatzeko interesa sortaraziz ikasleengan

 

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Arabako Jakin-Mina hitzaldi zikloaren amaiera ekitaldian parte hartu du gaur goizean. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiak antolatzen du ziklo hau, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta. Sailburuarekin batera, Juan Ignacio Perez Iglesias Jakiundeko presidenteak parte hartu du ekitaldian, “Infordemia Covid-19” hitzaldia eskainita, eta Jakin-Mina Araba hitzaldi zikloan hizlari aritu diren hainbat akademiko ere bertan izan dira.

Gasteizko Artium Museoan egin den ekitaldian, aurten hitzaldietan parte hartu duten ikasle arabarrek euren ziurtagiriak jaso dituzte. 2020-2021 ikasturtean, programak hamar urte bete dituelarik, Jakin-Mina zikloak 20 hitzaldi eskaini ditu guztira, eta DBHko 4. mailako 257 ikaslek hartu dute parte (31 Arabakoak, 89 Bizkaikoak eta 137 Gipuzkoakoak), hiru lurralde historikoetako 33 ikastetxetakoak.

Goi-mailako hizlariak

Hitza hartu duenean, Bildarratz sailburuak Jakin-Mina zikloaren eta bertan eskaintzen diren hitzaldien helburua gogorarazi du. "Gure gizartea jakintzaren bidetik aberastea du helburu, gazteen eta gure ikasleen ezagutza zabaltzea. Prestakuntzan, ezagutzan eta gure gazteen jakin-mina pizten laguntzeko asmoz jaio zen programa hau", adierazi du.

Horrela bada, urtez urte zikloan parte hartzen duten akademikoen maila altua azpimarratu du sailburuak, DBHko ikasleei ezagutzak hurbilduz. "Zalantzarik gabe, Jakin-Mina bezalako programa bat diseinatzerakoan, funtsezkoa da zikloak eta gaiak ondo definitzea. Baina are garrantzitsuagoa da hizlaririk onenak aukeratzea. Beharrezkoa da gai bakoitzean aditu onenak izatea, hori baita bide bakarra ezagutzaren transmisioa egoki egingo dela bermatzeko. Beren ezagutzak onenek konta ditzaten nahi dugu, ikasleek ahalik eta etekinik handiena lor dezaten. Ondo prestatutako ikasle horiek dira Jakin-Mina bezalako ekimen batek izan dezakeen arrakastarik handiena. Eta aurten ere, ezaugarri hori bete dute ", esan du.

Era berean, Bildarratz sailburuak txalotu egin du, pandemia gorabehera, Jakin-Mina zikloa ez dela gelditu 2020-2021 ikasturtean, eta Jakinde zoriondu du hitzaldi horiei eusteko egin duen ahaleginagatik, bide telematikoa erabilita.

Jakin-Mina

Jakiundek antolatuta, DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduriko hitzaldi zikloa da Jakin-Mina, hainbat diziplina eta gaitan ezagutza zabaldu asmoz. Hitzaldiak aditu ezagunek ematen dituzte beren jakintza-arloetan, eta ekimen honek aukera paregabea ematen die parte hartzen duten ikasle gazteei, azken berrikuntzak bertatik bertara ezagutu ditzaten, bai ikerketan, bai hainbat arlotako egungo joeretan.

Jakin-Minaren bidez, ikasleak harremanetan daude errealitate zientifikoarekin (hitzaren zentzu zabalean, natura eta gizarte-zientziak barne), artistikoarekin eta literarioarekin, hezkuntza-sistemak ikuspegi estandarizatu batetik hurbiltzen dizkien gaietan, edo curriculum-gaietan ohikoak ez diren gaietan.

Programa honek akademikoki motibatutako gazteen garapen intelektual eta pertsonala sustatu nahi du, lehen mailako adituek emandako hitzaldi eta erakustaldien diziplina anitzeko programa baten bidez. Jarduera honen bidez, Jakiundek gazte horien ezagutza zabaldu nahi du, eta haien jakin-mina piztu, ezezaguna dena bilatzeko interesa sortaraziz.

Jakin-Mina Araba

Arabako Jakin-Mina zikloaren baitan, honako hauek izan dira lurralde honetako ikasleei aurten zuzenduriko hitzaldiak, ezagutzaren hainbat arlotatik: 

2020ko azaroan:

“La democratización de la tecnología. Supercomputación y bioinformática para el desarrollo de la Medicina personalizada”. Iñaki Pinillosek emana (NASERTIC-en zuzendaria Nafarroan, eta Jakiundeko akademikoa).

2020ko abenduan:

Ciencia, tecnología y bienestar: ¿Cómo podemos fabricar objetos más pequeños que un cabello y para qué nos puede servir?”  Lourdes Basabe-Desmonts ikertzaileak emana (Ikerbasque Research Professor, eta Jakiundeko kide).

2021eko urtarrila:

Emakume txikanoa, janzkera eta generoa: Existitzeko eta eusteko jantzita”. Amaia Ibarraran irakaslearen eskutik (Ingeles Filologian doktore; UPV/EHUko Ingeles eta Aleman Filologia eta Itzulpengintza eta Interpretazio Saila)

2021eko otsaila:

Baliabide digitalak antzinaroko hizkuntza eta epigrafia zaharren edizio lanetan”, Joakin Gorrotxategik eskainia (Linguistika Indoeuroparreko katedraduna, UPV/EHU; eta Jakiundeko kide).

2021eko martxoa:

Patrimonio e identidad: algunas claves para sobrevivir a la globalización”. Agustín Azkaratek (Arkeologia Katedraduna eta Kultur Paisaiak eta Ondarearen UNESCO Katedraren zuzendari UPV/EHU; Jakiundeko kide).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Ignacio Pérez Iglesias, Jakiundeko presidentea