Lehendakariordeak Enpleguaren Euskal Estrategia eta hamarkada batean planteatuko dituen aukerak helarazi dizkio Mondragon Korporazioari

2021-05-19

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak gaur jakinarazi die Mondragon Korporazioko ordezkariei Enpleguaren Euskal Estrategiaren edukia, bai eta datorren hamarkadarako aurreikusten dituen kalitatezko enplegua sortzeko aukerak ere. Halaber, pandemiaren ostean aurre egiten ari garen prozesu honetan talde horretako kide diren enpresek Euskadin duten garrantzia azpimarratu du, baita horien trakzio-faktorea ere.

Alfonso Gurpegui Enplegu eta Gizarteratze sailburuordea eta Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordea lagun zituela, Mendia Mondragon Korporazioan izan da gaur, Aretxabaletan, eta bilera egin du Iñigo Ucín presidentearekin, Vicente Atxa errektorearekin eta Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidentearekin, hurrenez hurren, eta Zigor Ezpeleta Kudeaketa Sozialeko zuzendariarekin. Lehendakariordeak aldian-aldian euskal eragile ekonomiko eta sozialekin egiten dituen bileren parte da topaketa, Sailaren lan-ildoak ezagutarazteko eta bere politikak eraginkorragoak izan daitezen ekarpenak jasotzeko.

Bileran, Mondragon Korporazioko ordezkariek Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiaren ildo nagusiak ezagutu dituzte. Estrategia horrek hurrengo hamarkadan arlo horretako politika publikoak markatuko ditu, eta kalitatea, berdintasuna eta prestakuntzarako eta aktibaziorako eskubide berri bat ezartzea izango ditu helburu. Ildo horretan, lehendakariordeak adierazi du oso garrantzitsua dela Euskadin aitzindaria eta errotuta dagoen eredu kooperatiboa eta gizarte-ekonomiakoa, eta adierazi du Enpleguaren Euskal Estrategiak, hain zuzen ere, honako hau jasotzen duela: "Langileen inplikazioa sustatzea enpresetan, funtsezko elementua baita partaidetzaren eta inklusioaren kulturan oinarritutako erakunde-eredu batean aurrera egiteko, enpresa proiektu erkidetzat hartuko duena".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak