IX. “Ekinaren Eguna”, maiatzak 22, Nazioarteko Bioaniztasunaren Eguna

2021-05-19
  • Kostaldeko Naturguneak zainduz
  •  Oria itsasadarreko eta Arena hondartzako (Muskiz) naturguneak, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa katalogatuak biak, izango dira aurten Bioaniztasunaren egunean ospatzen den Ekinaren Eguneko protagonistak.
  •  Orioko Herri Ikastolako ikasleek eta Giltzarri, Barakaldoko gazteentzako plataformak, parte hartuko dute zabor bilketa eta mikroplastikoen arazketa bat eginez.

 

Maiatzaren 22an, Nazioarteko Biodibertsitatearen Eguna dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailaren AZTERTU Programak “EKINAREN EGUNA”ren bederatzigarren edizioa ospatuko du bi egunetan bi jarduera desberdin eginez.

Maiatzaren 20an Oria itsasadarreko tarte baten garbiketa burutuko dute Orioko Herri Ikastolako 60 ikasle baino gehiagorekin. Goizeko 9:30etatik 13:00 etara  ikasleak Orioko Arraun Etxera hurbilduko dira non Begi Bistan elkartearen laguntzaz,  ibaira sartuko diren bertan aurkituko dituzten hondakinak batzeko.

Ekintza burutu aurretik, eta hondakinek itsas eta ibai ekosistemetan duten eragina ezagutarazteko helburuarekin, AZTERTU Programako arduradunak ikastetxera hurbilduko dira aurkezpen txiki bat ematera, jarduera testuinguruan sartuz.

Maiatzaren 22an Muskiz-eko Arena hondartzan egongo dira, goizeko 11:00etatik 13:30etara Giltzarri taldearekin, itsasoa eta harea kutsatzen dituzten plastikoen hondarrak identifikatzen  eta jasotzen. Bi helburu nabarmenduko dira mikroplastikoen arazketa ekintza honetan. Batetik hareatza garbitzea. Bestetik bizimodu jasangarriago bat izatearen garrantziaz kontzientziatzea, izaki bizidunentzat kaltegarriak diren materialen erabilera ekidin eta hondakinak modu zuzen baten nola kudeatu daitezkeen azalduz.

Ekintza hareatzaren gune batean kokatuko da, hondartzaren erdiko sarreratik gertu eta egun horretan Arena hondartzara hurbiltzen diren pertsonek ekintzan parte hartzeko aukera izango dute, oso erraza baita eta edozein adinarentzat zuzenduta baitago.

“EKINAREN EGUNA”ren ekimen bietan jasotako hondakinak modu egokienean kudeatuko dira. Horretarako, bilketa bereizia egingo da ekintza bukatu ondoren jasotakoa birziklapen edukiontzietara eramanez. Hauetaz gain, hondakin berezien (hondakin industrialak, arriskutsuak, birzikla ezinak, etab) kudeaketa zuzena ere bermatuko da.

Ekintzaren antolatzaileak, AZTERTU Programak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasunaeta Ingurumen saila) eta INGURUGELA dira. 

 

 

Aztertu Programa

Eusko Jaurlaritzak 1992an jarri zuen martxan AZTERTU programa, AZTERKOSTA izena zuela, itsasertzaren gaineko ingurumen-hezkuntzarako “Coastwatch” Europa mailako programa gurera ekarrita.

Gerora, IBAIALDE kanpainarekin egin zuen bat, Euskadiko ibaien egoera ere ikertu ahal izateko.  Ikasturte honetan, NATURA kanpaina berria abian jarri da gure inguruko babesguneak esagutarazteko asmoarekin.

AZTERTU programak aukera ematen du Euskadiko itsasertzaren eta ibaien egoerari buruzko balorazio orokorrak egiteko, iritziak eta ideiak emateko, arazoak antzemateko, interesgarri iritzitako arloak proposatzeko eta ingurunearen ezagutzan eta hobekuntzan lan egiteko.

Urteak badira 20.000 bat pertsonek parte hartzen dutela AZTERTU programak urtero proposatutako ekintza ezberdinetan, gehiengoa ikasleak izanik. Hala eta guztiz ere, ezin dugu ahaztu hainbat elkarte, udal kolektibo, familia eta pertsona ezberdinen inplikazioa handituz doala.

*informazio gehiago http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus/r49-aztertu/eu/

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak