Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Gobernu-Kontseiluak Euskadiko Aurrezki-Kutxen Lege-Proiektua onetsi du (2011-07-12(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko uztailak 12

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrezki-Kutxen Lege-Proiektua

Gobernu Kontseiluak onetsi egin du EAEko kutxei duten kapitala indartzeko, bai eta efizientzia eta gobernu egokia indartzeko ere, aukera emango dien lege-proiektua.

Lege berriarekin % 40ra murriztuko da administrazio publikoen ordezkaritza, eta hautetsi politikoek ezin izango dituzte gobernu-organoetako karguak eduki, ez eta sektore publikoko mendeko erakunde edo administrazioren bateko goi-kargudunek ere.

Lege-proiektuak gobernu-organoetan ordezkaritza duten talde eta erakundeen kopurua handitu du, eta Eusko Legebiltzarrari eta Batzar Nagusiei dagokienez, ospe eta profesionaltasun handikoak izan beharko dira kideak.

Hirurogeita hamalau artikulu ditu arau-testuak, eta egoitza soziala Euskadin daukaten aurrezki-kutxen araubidea ezartzen da bertan, baita egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo duten aurrezki-kutxek EAEn egiten dituzten jardueren araubidea ere.

Legea indarrean jartzen denetik aurrera, aurrezki-kutxek bi hilabeteko epea izango dute estatutuak eta erregelamenduak legean jasota datozen xedapenetara egokitzeko. Gero, Eusko Jaurlaritzara bidali beharko dituzte, eta han hilabete izango dute, onartzeko. Ondoren Batzar Orokorra eta gainerako gobernu-organoak eratu beharko dira, hurrengo bi hilabeteetan.

Berritasun garrantzitsuenak 2010eko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege-dekretuan ezarritako erreformaren babespean sortutako figuren erregulaziotik eratorri dira. Horrek, alde batetik, gobernu-organoen profesionalizazioa bultzatzen laguntzen du eta, bestetik, kategoria goreneko baliabideen bitartezko kapitalizazioa lortzen, gainerako finantza-erakundeen baldintza berberekin. Halaber, etorkizuneko legeak beste irizpide batzuk ezarri ditu aurrezki-kutxetako gobernu-organoetako ordezkaritza sektorialaren inguruan.

Araudi berriak aukera ematen du aurrezki-kutxek kreditu-erakunde gisa dagozkien eginkizunak banketxe baten bidez garatzeko, finantza-negozio guztia banketxe horren esku uztearen bitartez, aktibo ez finantzario batzuk edo guztiak eskualdatu ahal izango dituztela gainera.
Araudiaren arabera, Babes Sistema Instituzionala izango litzateke funtsean honako baldintza hauek betetzen badira:

1. Negozio-politikak eta -estrategiak izaera loteslearekin zehazten dituen erakunde nagusi bat egotea.

2. Erakunde zentrala Babes Sistema Instituzionala osatzen duten erakundeetako bat izatea, edo guztien partaidetza duen eta sistemaren atal den beste kreditu-erakunde bat izatea.

3. Babes Sistema Instituzionala eratzen duen kontratu-akordioak kaudimen eta likideziari buruzko elkarrekiko konpromisoa izatea sistema osatzen duten erakundeen artean.

4. Babes Sistema Instituzionala osatzen duten erakundeek batera ipintzea euren emaitzen zati garrantzitsu bat.

5. Erakundeak sisteman gutxienez 10 urtez egon beharko direla ezartzea kontratu-akordioan.

Gobernu-organoak

Aurrezki-kutxek jarduera zuzenean garatzen dutenean, honakoak dira horien gobernu-organoak: Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea. Honako hauek ere izango dira kutxen organoak: Zuzendaritza Nagusia, Inbertsio Batzordea, Ordainketa eta Izendapen Batzordea, eta Gizarte-ekintzako Batzordea.

Aurrezki-kutxek jarduera zeharbidez garatzen dutenean, Batzar Orokorra, Administrazio Kontseilua eta Kontrol Batzordea bakarrik izango dira gobernu-organoak.

Banku-erakundearen Administrazio Kontseiluko ordezkariak izendatzeko, taldeek Administrazio Kontseiluan duten proportzioa hartuko da kontuan.

Gobernu-organoak guztiz berrituz gero, banku-erakundearen Administrazio Kontseilukoan dituzten ordezkariak ere berritu beharko dira.

Kutxak jarduera zuzenbidez nahiz zeharbidez eman, Batzar Orokorreko kideek ezin izango dute dietez gainerako beste ordainsaririk jaso. Aldiz, Administrazio Kontseiluko eta Kontrol Batzordeko kideen jarduera ordaindu ahal izango da, arduraldi esklusiboa badute.

Araudi-eskemaren arabera, Batzar Orokorrak izendatuko ditu Administrazio Kontseilua, Gizarte-ekintzako Batzordea eta Kontrol Batzordea. Batzarra ordezkatzen duen talde bakoitzak, bere kabuz, Administrazio Kontseiluan eta Kontrol Batzordean dagozkion kideak proposatuko ditu izendatzeko, eta Batzar Orokorrak izendatuko ditu (ezin izango da leku bitako kide izan aldi berean, eta Kontrol Batzordeko kideak Batzar Orokorrak izendatuko ditu, kontseilari nagusien artetik).

Administrazio Kontseiluak bere baitan eratuko ditu Inbertsio Batzordea eta Ordainketa eta Izendapen Batzordea. Inbertsio Batzordeko kideak Administrazio Kontseiluak izendatuko ditu, eta Ordainketa eta Izendapen Batzordeko kideak Batzar Orokorrak. Gainera, Administrazio Kontseiluak Batzorde Betearazlea eratu ahal izango du bere kide batzuk elkartuz, eta eskuordetzeen bitartez jardungo du batzorde horrek.

Batzar Orokorra

Kontseilari nagusiak lau urterako izendatuko dira, eta berriz ere aukeratu ahal izango dira, baina agintaldiaren epea hamabi urtekoa izango da gehienez. Aldi bakoitzean Batzarreko kide erdiak berrituko dira.

Jarraian azaldutako taldeak ordezkatzen dituzten kontseilari nagusiek eratuko dute Batzar Orokorra, zehaztutako ehunekoekin:

Ezarleak (% 47)
Bulegoak dituzten toki-korporazioak (% 17)
Erakunde fundatzaileak (% 12)
Kutxetako langileak (% 7)
Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak (% 6)
Egoitza duen lurralde historikoa (% 6)
Euskal Autonomia Erkidegoa (% 5)

Ezarleak: Autonomia-erkidego bakoitzeko ezarleen ordezkariak esleitzeko, pertsona fisikoen gordailuak hartuko dira kontuan. Konpromisarioek aukeratuko dituzte, zozketa publikoan izendatuta, eta zerrenda bakarra aurkeztuko da erkidego bakoitzeko. Babes-sistema instituzionalen edo zeharkako jardunaren kasuetan, prozedura bera jarraitu beharko da, baina kutxak eta banku-erakundeak hartutako gordailuak hartuko dira kontuan.

Toki-korporazioak: Haiek aukeratuko dituzte beren ordezkariak, arautegi erregulatzailearekin bat etorriz, eta talde politiko bakoitzak udalbatzan duen proportzionaltasuna kontuan hartuta. Ordezkariak autonomia-erkidegoen arabera esleitzeko, pertsona fisikoen gordailuen saldoa hartuko da kontuan, eta babes-sistema instituzionalen edo zeharkako jardunaren kasuetan, kutxak eta banku-erakundeak hartutako gordailuak hartuko dira kontuan.

Erakunde fundatzaileak: oro har, zuzenean izendatuko dituzte ordezkariak. Bereziki, Udalbatzak badira, zuzenean aukeratuko dituzte euren ordezkariak, beren arautegi erregulatzailearekin bat etorriz, eta talde politiko bakoitzak udalbatzan duen proportzionaltasuna kontuan hartuta.

Euskal Autonomia Erkidegoa: Eusko Legebiltzarrak izendatuko ditu. Osoko bilkurak aukeratuko ditu, Legebiltzarra osatzen duten taldeek duten legebiltzarkide-kopuruari dagokion proportzioan.

Lurralde historikoak: Batzar Nagusiek izendatuko dituzte ordezkariak. Osoko bilkuretan aukeratuko dituzte, Batzarkide-talde bakoitzak duen kide-kopuruari dagokion proportzioan.

Kutxetako langileak: Sistema proportzionalaren bidez aukeratuko dituzte euren ordezkariak enplegatuen legezko ordezkariek.

Interes kolektiboak ordezkatzen dituzten erakundeak: Jarraian azaldutako erakundeek izendatuko dituzte ordezkariak, zehaztutako ehunekoekin, eta dagozkien arau erregulatzaileekin bat etorrita. Hona hemen: :

- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkatutako sindikatuak eta sindikatu-konfederazioak (% 1)
- Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkatutako enpresaburuen elkarteak (% 1)
- Merkataritza-ganberak (% 1)
- Kontsumitzaile Elkarteen Federazioa (% 1)
- Gizarte-ekintzako hirugarren sektorean jarduten duten erakundeak eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan ordezkatutako gizarte-zerbitzuen eremuan lan egiten duten profesionalak (% 2).

Administrazio Kontseilua

Administrazio Kontseiluko kideak izendatzean, Batzar Orokorreko talde guztietako ordezkariak egongo direla ziurtatu beharko da, eta Batzar Orokorrerako ezarritako antzeko proportzionaltasuna bete beharko da.

Proposamen bat baino gehiago egotekotan, ordezkari-talde bakoitzak, bere kabuz, dagozkion kideak proposatuko ditu izendatzeko, eta horien aldeko botoa emango du. Batzar Orokorrak izendatu beharko ditu.

Kideen gehiengoak bere eginkizunak betetzeko berariazko ezagutzak eta esperientzia izan beharko ditu. Gainera, eginkizun betearazleak dituzten kideek, Zuzendaritza Nagusirako aurreikusitako prestakuntza tekniko eta esperientzia bera izan beharko dute (gutxienez bost urteko esperientzia finantza-erakundeetan goi-administrazioko, zuzendaritzako, kontroleko edo aholkularitzako lanak egin, edo pareko garrantzi eta tamainako beste erakunde publiko nahiz pribaturen batean antzeko ardura duten lanak egiten).

Administrazio Kontseiluko kideen agintaldiaren iraunaldia eta berrikuntzari dagokienez, Batzar Orokorreko kide diren kontseilari nagusientzat ezarritako baldintza berberak izango dituzte.

Kontseiluko lehendakari, lehendakariorde eta idazkariaren karguetarako izendapenak Administrazio Kontseiluak berak egingo ditu, bere kideetatik aukeratuta. Lehendakariak eta lehendakariordeak, erakundean ez ezik, Batzar Orokorrean ere izango dute kargu hori.

Batzorde Betearazle bat sortu ahal izango da Administrazio Kontseiluko kideen artean, kutxaren zenbait arlo jakin kudeatu eta administratzeko. Hala eginez gero, Kontseilua eratzen duten talde guztiek egon behar dute ordezkatuta.

Inbertsio Batzordea eratuko da Administrazio Kontseiluaren baitan, eta Administrazio Kontseiluak berak izendatuko ditu bertako kideak, bere kideetatik aukeratuta.

Administrazio Kontseiluak, era berean, Ordainketa eta Izendapen Batzordea ere eratuko du, eta Batzar Orokorrak aukeratuko ditu bertako kideak, Administrazio Kontseiluko kiden artetik.

Kontrol Batzordea Batzarrak delegatuta daukan organoa da, eta Administrazio Kontseiluaren eta Batzorde Betearazlearen jarduna ikuskatzea eta gainbegiratzea da bere zeregina. Administrazio Kontseilua osatzen duten talde berdinetako ordezkariek egon behar dute, proportzionaltasun-irizpideei jarraituz. Bertako kideak izendatzeko prozedurari dagokionez, Administrazio Kontseilurako erabilitako berbera izango da.

Batzar Orokorrak izendatuko ditu bertako ordezkariak kontseilari nagusien artetik, betiere kontseilari horiek jakintza eta esperientzia egokiak biltzen badituzte, eta ez badira Administrazio Kontseiluko kide.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan