Tapiak aitortzen du Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikitako 21 euskal udalen klima-ekintzarekiko konpromisoa
- Aitortze-ekitaldia Klimaren Gailurra - COP 26 aurreko prestakuntza-jardueretako bat da. Azaroaren hasieran egingo da, Eskoziako Glasgow hirian, eta Parisko Akordioa berrikusiko da bertan
- Halaber, tokiko energia eta klima-berrikuntzaren alorrean toki-erakundeei zuzendutako bi laguntza-lerro aurkeztu ditu sailburuak
- Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) tokiko klima-ekintzaren aldeko mundu-mugimendu handiena da, eta mundu osoko 10.000 udalerri baino gehiago biltzen ditu
Eusko Jaurlaritzak aitortu nahi izan du Euskadiko hogeita bat udalerrik -Alkateen Klima eta Energia Itunari atxikita daudenek- egiten duten lan handia, tokiko eremutik energia- eta klima-trantsizioari heltzeko. 21 udalerri horiek 2050erako lortu nahi dituzten helburuetako batzuk dira Udalerrien deskarbonizazioa bizkortzea, klima-aldaketaren inpaktuetara moldatzeko gaitasuna handitzea eta herritarrek energia seguru, jasangarri eta eskuragarria izateko duten ahalmena indartzea; helburu horiek Euskadiko tokiko klima-ekintzaren abangoardian kokatzen dituzte aipatutako udalerriak.
Donostiako Miramar Jauregian egindako ekitaldi batean, eta hiriko alkateak, Eneko Goiak, ongietorria eman ondoren, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, bi diploma eman dizkie udalerri hauetako alkateei: Abanto-Zierbena, Amurrio, Balmaseda, Basauri, Bilbo, Donostia, Durango, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Ispaster, Legazpi, Mungia, Muskiz, Oñati, Portugalete, Sestao, Tolosa, Usurbil eta Gasteiz.
Horiek guztiak Alkateen Klima eta Energia Itunaren parte dira, hau da, tokiko klima-ekintzaren aldeko herri eta hirien munduko mugimendurik handienaren parte, eta hamar urte baino gehiagoko ibilbidea aitortu zaie "toki-eremutik klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren erronkan egindako lanarengatik, 2050. urtean isuriei dagokienez lurralde erresiliente eta neutro batera iristeko". 21 udalerri horiek hartzen dituzten biztanleak ia 1,7 milioi pertsona dira, Euskadin bizi diren 2,2 milioi pertsonetatik.
Tapia sailburuak nabarmendu du "Euskadi jada prestatzen ari dela azaroaren hasieran Glasgown egingo den Nazio Batuen Klimaren Goi-bileran parte hartzeko". Hitzordua 2015eko Parisko Goi-bileraz geroztik garrantzitsuena izango da, eta orduan hartutako konpromisoak berrikusteko eta helburu berriak, asmo handiagokoak, ezartzeko balioko du, berotze globala geldiarazteko eta 2 ºC-tik behera mantentzeko.
"2050. urtean karbonoari dagokionez neutroa izango den Euskadi lortzeko dugun ardurak urrats sendoak egitera behartzen gaitu", azpimarratu du sailburuak. "Europako Itun Berdearekin bat egin nahi izan dugu, eta gure Basque Green Deal propioa diseinatu ere bai. Etorkizuneko eredu bat, isuriak murrizteko eta energia berriztagarria sortzeko helburuak biltzen dituena, baina eredu ekonomiko gisa ere sortzen dena, industria eta teknologia palanka nagusi dituela; beraz, zientzia, teknologia, ekonomia zirkularra, industria, energia-trantsizioa edo elikatze-katea helburu berarekin lerrokatzen dira: bidezko garapena eta garapen jasangarria".
Toki-erakundeentzako laguntzak
Atxikitako euskal udalerrietako klimaren eta energiaren arloko ibilbidea balioan jartzeaz gain, Tapia sailburuak beste udalerri batzuk ere ekimenarekin bat egiteko animatu ditu. Hain zuzen ere, udalak eta toki-erakundeak energia- eta klima-trantsizio horretan sostengatzeko, bi laguntza-programa aurkeztu ditu Tapiak tokiko esparruan klima- eta energia-proiektuak diruz laguntzeko.
Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen dituen energia-auditoretzen laguntza-programa eta Ihobe Sozietate Publikoak kudeatzen duen tokiko klima-ekoberrikuntzako proiektuetarako laguntza-lerroa dira.
*Informazio gehiago atxikitako dokumentuan (1Toki-erakundeei zuzendutako laguntza-programak)
Alkateen Klima eta Energia Itunari buruz
Alkateen Klima eta Energia Ituna (Covenant of Mayors for Climate and Energy) nazioarteko ekimen bat da, eta mundu osoko herriak eta hiriak modu zabalean lotzen ditu klimaren eta energiaren tokiko ekintzaren inguruan. Ekimen horretan 61 herrialdetako 10.000 tokiko eta eskualdeko gobernu baino gehiago biltzen dira, eta, beren borondatez, klimaren eta energiaren nazioarteko helburuak ezartzeko konpromisoa hartzen dute.
2009az geroztik Energiaren Euskal Erakundea eta, 2019az geroztik, Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa, dira Euskadiko Alkateen Itunaren erakunde koordinatzaileak, euskal udalerriei tokiko esparruan klima- eta energia-trantsizioa lortzea ahalbidetuko duten tresnak eta ekimenak ezartzen laguntzeko helburuarekin.
Udalerriei aitortza egin ondoren, jardunaldi tekniko bat egin da, Alkateen Itunaren Europako bulegoak babestua. Jardunaldi horretan, Miguel Morcillok, Europako bulegoaren ordezkariak, aitortu du "Euskal Autonomia Erkidegoak egindako lan garrantzitsua, bertan klima-aldaketari modu integralean heltzen baitiote, bai arintzeari bai horrek eragindako eraginetara egokitzeari dagokionez. Euskadin ezarritako klima-gobernantzarako eredua -Udalsarea 2030en bidezko sare-lana nabarmenduz-, garatutako tresnak eta euskal udalerriei energia- eta klima-trantsizioan laguntzeko laguntza-ildoak inspirazio izan daitezke zentzu horretan urrats sendoak egiten ari diren beste lurralde batzuentzat".
Jardunaldi tekniko honetan, Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobe sozietate publikoak azaldu dituzte udalerriei beren helburuak lortzen laguntzeko dituzten klima-ekintzako eta energia-trantsizioko tresnak, eta Legazpi eta Balmasedako udalerriek tresna horien aplikazioan izan dituzten esperientziak eta lortutako emaitzak aurkeztu dituzte.
*Informazio gehiago atxikitako dokumentuan (2 Aitorpena jaso duten Udalerriak)