Berriak Segurtasuna

Asteburu honetan udaltzaingoek eta Ertzaintzak aurreko asteburuetan jarritako isunen erdia baino gutxiago jarri dituzte osasun-araudia urratzearekin lotuta

2021-05-18

Alarma-egoera amaitutzat eman ondoren, erdira jaitsi dira osasun-araudia urratzeagatik Ertzaintzak eta udaltzaingoek egindako isun-proposamenak. Asteburu honetan, ostiraletik igandera bitartean, 565 isun proposatu dituzte, eta maiatzaren 9aren aurreko asteburuan 1.342 proposatu zituzten. Isun-proposamen gehienak nahitaezkoa den maskara ez janzteagatik eta kalean alkohola kontsumitzeagatik egin dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek indarrean dauden osasun-arauak betetzen direla zaintzeko egindako kontrolen ondorioz, 565 isun formulatu dituzte joan den ostiraletik, maiatzaren 14tik, igandera, maiatzaren 16ra, bitartean. Horietako gehienak nahitaezkoa den maskara ez janzteagatik (199) eta kalean alkohola kontsumitzeagatik (176) formulatu dituzte.

Gainerako arau-hausteak izan dira gutxienez metro eta erdiko tartea ez gordetzea, itxita egon beharko luketen gazte lokaletan, txokoetan edo elkarte gastronomikoetan jardueraren bat egitea eta eremu publikoetan pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea. Isunak jartzeko beste arrazoi batzuk izan dira ostalaritzan eta jatetxeen arloan ordutegiak ez betetzea eta beste kasu orokorrago batzuk. Asteburu honetan, beraz, era horretako 190 arau-hauste erregistratu dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 177 isun Araban, 328 Bizkaian eta 60 Gipuzkoan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko