Gobernu Kontseiluak 2021-2024 aldirako Gasteizko hiriburutza kanonari buruzko lankidetza hitzarmena baimendu du (Gobernu Bilera 2021-5-18)

2021-05-18

Gobernu Kontseiluak Vitoria-Gasteizko Udalarekin lankidetza hitzarmen bat sinatzea onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunen egoitza den aldetik Gasteizko hiriaren sustapena finantzatzeko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak guztira 40 milioi euro jarriko ditu 2021, 2022, 2023 eta 2024 urteetan, urte bakoitzean 10 milioi euro. Partida ekonomiko hori hiriko azpiegiturak eta ekipamenduak hobetzeko inbertsioak egiteko erabiliko da. 

Vitoria-Gasteizen zenbait inbertsio egin ahal izateko helburuarekin eta borondatearekin berritu du Jaurlaritzak hiriburutza kanona izenaz ezagutzen dena. Inbertsio horiek hiri ingurunea baldintza onenetan zaintzen laguntzen dute, baita herritarren segurtasuna eta mugikortasun eta irisgarritasun azpiegiturak sustatu eta, oro har, zerbitzu publikoa hobetzen. Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmen honek 2013an eta 2017an sinatutakoak berrituko ditu, lau urtekoak horiek ere. 

Toki araubidearen arloan eskumena duen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren bidez, Eusko Jaurlaritzak urtean hamar milioi euro jarriko ditu, lau urtetan zehar, honela banatuta: 7,5 milioi euro Vitoria-Gasteiz sustatzeko, erakunde komunen egoitza den aldetik, Udalaren gastu orokorrak finantzatzeko, bai eta hiri espazio publikoan  errehabilitazio eta mantentze lanak egiteko ere; eta beste 2,5 milioi euro mugikortasunaren, ingurugiro azpiegituren, gizarte eta kultura ekipamenduen eta hiri azpiegituren arloan inbertsioak egiteko. 

Vitoria-Gasteiz Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen egoitza izendatu zen maiatzaren 23ko 1/1980 Legearen bidez. Hiriak hainbat gastu orokor eta inbertsio gastu dakartzaten jarduerak egin behar izaten ditu Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren egoitza delako, bai eta haiekin lotutako gainerako erakundeena ere, hala nola Ararteko, Kontuen Euskal Epaitegia eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko