
Gobernu Kontseiluak Elkarrekin Bonuen deialdiak onartu ditu, guztira 600.000 euro (Gobernu Bilera 2021-5-18)
Gobernu Kontseiluak, Beatriz Artolazabalek proposatuta, gaur eman die oniritzia Elkarrekin Bonuen programan jasotako hiru dirulaguntza-lerroen aurtengo deialdiei, eta guztira 600.000 euro izango dira.
Programaren helburu nagusia da bakegintzaren eta bizikidetzaren arloko gizarte zibileko elkarte eta erakundeen eta ikastetxe, udal eta herritarren parte-hartzean interesa duten erakundeen arteko lankidetza-ekintzak sustatzea eta bultzatzea, bizikidetza eta adiskidetze kultura sendotzeko.
Zehazki, Elkarrekin Bonuen deialdiak hiru modalitateetan onartu dira: hezkuntza-esparruko proiektuak: ikastetxeak (350.000 euro); tokiko bizikidetza: udalak (150.000 euro); eta herritarren parte-hartzea: irabazi asmorik gabeko elkarteak, antolakundeak eta gizarte-mugimenduak (100.000 euro). Helburua da irabazi asmorik gabeko erakunde baten eta ikastetxe, udal edo herritarren parte-hartzearen esparruko erakunde baten artean sustatutako proiektuak diruz laguntzea.
Proiektuok finantzatzeko, kudeaketaz arduratzen den Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzak bonu-sistema bat aurreikusi du, eta ekarpen ekonomiko bat egingo die hainbat arlotan prestakuntza- edo dinamizazio-zerbitzuetan jardundako ordu bakoitzeko. Zehazki, hauek dira arloak: bakearen kultura, giza eskubideak, biktimekiko elkartasuna, adiskidetzea eta gatazkak konpontzea.
Elkarrekin Bonuak programa 2014an jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzak, bakearen, giza eskubideen, indarkeriarik ezaren eta printzipio demokratikoen sustapena sendotzeko ekimen osagarri gisa.