Berriak Osasuna

Eusko Jaurlaritzak 5 milioi euro baino gehiago bideratzen ditu osasuneko ikerketa- eta garapen-proiektuetarako laguntzetara (Gobernu Bilera 2021-5-18)

2021-05-18
  •  Ikerketa translazionala sustatu nahi da; alegia, emaitzak eta ezagutza aplikatzea praktika klinikoari, pazientearen onerako 
  • Deialdiak hainbat izaeratako taldeen arteko lankidetza sustatzen du, osasuneko garapen teknologikoa bultzatzeko eta aberastasuna sortzen ere laguntzeko 

Eusko Jaurlaritzak, Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren aginduz, osasuneko ikerketa- eta garapen-proiektuen laguntzetarako 2021eko deialdia onetsi du; 5.650.000 euroko aurrekontua du. Partida hori bi bloke nagusitan banatzen da. Batetik, 3.150.000 €, Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzeko eta Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzeko lerroko proiektuetarako, eta, bestetik, 2.500.000 €, Osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzeko lerroko eta Interes bereziko ekintza osagarrien lerroko proiektuetarako. 

Deialdia 2021erako Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako Estrategian kokatzen da, eta bat dator 2030erako Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planaren ardatz estrategikoekin eta Euskadiko espezializazio adimenduneko RIS 3 estrategiarekin. 

Agindu horretan arautzen diren jarduketen xedea honako hau da: pertsonen osasuna eta osasun-sistemaren eginkizuna hobetzen laguntzea eta, osasun-laguntza eta bizi-kalitatea hobetuko duten produktu, zerbitzu eta prozesu berrien bitartez, garapen sozioekonomikoari laguntzea. 

Xede horiek betetzeko, deialdia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei dago zabalik. Elkarlaneko ikuspegia duten eta osasunean, gizartean eta ekonomian eragina duen ezagutza sortzera eta integratzera bideratzen diren proiektuak egitea sustatzen da. 

Deialdiak lau laguntza-lerro ditu: 

  • lerroa: Osasun-arloko ikerketa-jarduera sustatzea, osasun-sistemaren ikerketa-gaitasuna bultzatzeko, ikerketa-talde berriak sortzea barne. Halaber, ikerketa-proiektu integratuak eta proiektu biomedikoak finantzatzeko laguntza ere jasotzen da. 
  • lerroa: Osasun-arloko ikerketa-jarduera areagotzea, pertsonal fakultatibo espezialista, unibertsitateko diplomadun edo Erizaintzako edo Fisioterapiako gradudunak kontratatzea finantzatzeko, aldi berean ikerketa-jarduerak egiten dituzten profesionalen jarduera kliniko-asistentzialaren zati bat egiteko. 
  • lerroa: Osasuneko ikerketa estrategikoa sustatzea, Euskadik osasun-eremuan dituen gaitasun zientifiko-teknologiko guztiak aprobetxatzeko, bai eta garapen teknologikoa, produktu berriena, prozesuena eta zerbitzuena bultzatzeko ere. 
  • lerroa: Interes bereziko ekintza osagarriak, RIS 3 helburuekin bat datozenak.  

Eusko Jaurlaritzak eutsi egiten dio ikerketarekin duen konpromiso irmoari, eta aurtengo zuzkidura handituko du, % 31,08an, iazkoaren aldean. 

Hori hala egingo du, Osasun Planean eta osasun pertsonalizatuko RIS3 estrategian jasotzen diren lehentasunei erantzuteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko