Euskadiko gizarteratzeko erakunde publikoa Aukerak deituko da, eta presoak prestatuko ditu lan-munduan sartzen laguntzeko

2021-05-17
  • Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak erakunde berriaren eginkizunak azaldu ditu, eta askatasun gabetutako pertsonen lan-munduarekin zerikusia duten alderdi guztiez arduratuko da
  • Presoen bokazioak eta trebeziak sustatuko ditu erdi-askatasun egoeraren aukerak baliatuz
  • Espainiako Gobernuarekin izenpetutako akordioak aurreikusten duenez, transferentziaren zati hori 2022ko urtarrilaren 1ean gauzatuko da

 Vitoria-Gasteiz, 2021/05/17

Aukerak deituko da eta “gizartearekin zubia-lana” egingo du. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakitera eman du Euskadiko espetxeen kudeaketarako transferentziarekin Euskadin sortuko den gizarteratzeko erakunde publikoa Aukerak deituko dela, presoei emango zaien bigarren aukerari aipamena eginez.

Aukerak zubi bat ere izango da, gizarteak laguntza eman diezaien kasu askotan estigmatizatuta eta aurrez juzgatuta dauden pertsona horiei. Bestalde, zigortuek ere gizarteratzeko konpromisoa hartu behar dute eta jarrera proaktiboa izan behar dute”, azaldu su sailburuak Radio Vitoria irratian egindako elkarrizketa batean.

Eusko Jaurlaritzak iragarri duen erakunde edo agentzia publikoaren helburua izango da presoak gizarteratzea lan-munduarekin zerikusia duten alderdi guztiak landuz, prestakuntzatik hasita lan-munduan eta gizartean txertatu arte.   

“Erakunde publiko malgua eta moldakorra izango da bigarren aukerak bideratzeko, eta pertsonak euren bokazioen eta trebezien arabera prestatuko ditu. Horretarako, erdi-askatasun egoerek ematen dituzten aukerak baliatuko ditugu”, adierazi du Artolazabalek.

Erakunde berri hau sortzearen oinarrian dago presoek berrezteko eta lan ordainduaren bidez gizarteratzeko duten eskubidea, kulturara eta nortasunaren garapen integralera sarbidea emanda.   

 

Alde horretatik, sailburuak bata bestearen atzetik aipatu ditu Euskadiko kartzeletan garatu ahal izango diren hainbat jarduera, besteak beste, ekoizpen-tailerrak edo nekazaritza-ustiategiak. “Garatuko diren jardueren artean daude presoei lana emango dieten ekoizpen-tailerrak sortzea eta kudeatzea, bai eta egindako produktuak edo zerbitzuak merkaturatzea ere”, aipatu du.

Gizarteratzeko erakunde berri hau 2022ko urtarrilean jar liteke abian, Espainiako Gobernuarekin espetxeak Jaurlaritzara eskualdatzeko izenpetutako akordioa osatzen denean.

Antzeko aurrekari bakarra Katalunian dago, 1983tik baita Kataluniako espetxeen arduraduna. Hala ere, Euskadiko kudeaketa-ereduak beste urrats bat emango du, presoen prestakuntza, berreziketa eta lana integratuko dituen bakarra izango baita.  

Bestalde, Beatriz Artolazabalek adierazi du “bikaina” izan zela joan den larunbatean egin zen Euskadiko Espetxe Eredua jardunaldia, espetxeetako eguneroko jardunean parte hartzen duten agenteei entzuteko prozesuari hasiera ofiziala ematea izan baitzen.

“Beti esan izan dut entzutea dela ikasteko modurik onena. Horregatik, oso pozik irten nintzen: asko eta oso gauza interesgarriak entzun nituen, eta guztiak gogoan hartu nituen. Jardunaldia iritziak entzuteko prozesua abian jartzeko lehenengo urratsa izan zen, eta sektore gehiagorekin ere elkartuko gara haien ekarpenak eta iritziak jasotzeko”, adierazi du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Jasotako kritikei dagokienez, Artolazabalek argi utzi nahi izan du Euskadiko eredua aipatzen duenean ez dela iradokitzen ari orain arte egindako lana ez dela ona izan. “Nik ez dut hori esan nahi, ez horixe! Gure lanak nondik nora joko duen eta gure ekintza-lerroak zein izango diren esaten ari naiz: genero-ikuspegia, aita eta/edo ama espetxean dituzten adingabeak, presoen osasuna, bereziki osasun mentala eta adikzioak… Ez dago zalantzarik Hirugarren Sektoreko erakundeek urte asko daramatzatela lanean, eta ondo gainera, Euskadiko kartzeletan”.

Azkenik, Artolazabal sailburuak berriz defendatu du bide errestauratiboa; izan ere, “aztertu beharreko bide bat eskaintzen digu, biktimen eskubideak eta duintasuna babesteari erabateko begirunea adieraziz”, esan du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak