Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskal ordezkaritza batek Berlineko eta Kataluniako biktimen Memorialak bisitatuko ditu aste honetan

2011.eko uztailak 12

Eusko Jaurlaritzako eta Biktimen Batzordeko kideen bidaia etorkizuneko Memoriaren Zentroaren prestaketa-lanen barnean dago

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak; Iñigo Iturrate, Jesús Lorza, Carlos Urquijo eta Aintzane Ezenarro Biktimen Batzordeko legebiltzarkideek; Inés Ibánez de Maestu Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak; eta Maixabel Lasa Terrorismo Biktimei Laguntzeko zuzendariak osatutako euskal ordezkaritza bat bi egunez joango da Berlin eta Kataluniara, etorkizuneko Euskadiko Memoriaren Zentroaren prestaketa-lanen baitan.

Beste leku batzuetan egin diren Memorialen esperientziak ezagutzea da bisiten helburua. Iganacio Pérez Macías Espainiako Gobernuko Terrorismo Biktimen Bermerako Zuzendaritza Orokorraren ordezkaria ere egongo da bisitetan. "Ikasiko dugu, saiatuko gara esperientzia hauetatik interesgarriena ateratzen gure Euskadiko Memoriaren Zentroa elaboratzeko, adostasun maximo posibletik", adierazi du Maixabel Lasak. Gainera, gogoratu duenaren arabera, Zentroak, Memoriaren Egunarekin eta Memoriaren Maparekin batera, "etorkizuneko belaunaldiei utzi behar diegun hiruko jazoera osatu behar du ezagutzera emateko, eta inoiz ez ahazteko, herrialde honetan hainbat hamarkadatan zehar pertsona asko bidegabeko sufrimendu baten biktima izan direla".

Lasak biktima guztien memoria gordetzea ezinbestekotzat jo du "elkarbizitza justu eta iraunkorrago batentzat". "Oraindik desagertu ez den erakunde terrorista bakarrarekin, hau da ETArekin, amaitzeko bidearen amaieran gaudenean, erronka honi heltzeko garaia da, berriro ez errepikatzeko", baieztatu du.

Bihar, asteazkenean, ordezkaritzak Topografía del Terror fundazioa (erregimen Naziaren krimenen historia hartzen du) eta Berlinhohenschönhausen Memoriala (STASIk, Gerra Hotzean zehar, ekialdeko Alemaniaren biztanleengan ezarri zuen errepresioari buruzkoa) bisitatuko ditu.

Ostegunean, Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko kideak Kataluniara joango dira Memorial del Exilio museoa bisitatzera (La Junquera herrian). Programa ofizialari amaiera emateko, euskal ordezkaritzak lore-eskaintza bat egingo du Kataluniako terrorismoaren biktimen omenezko monolitoaren aurrean, 20:00etan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)