Euskadik % 2 murriztu zituen bere berotegi-efektuko gasen isuriak pandemiaren aurreko urtean

2021-05-17
  • 2005. urteaz geroztik , euskal ekonomia % 20 hazi da, eta berotegi-efektuko gasen (BEG) isuriak % 27 murriztu dira, 2019ko azken inbentariotik ondorioztatzen denez.

  •  Sektore guztiek hobera egin zuten aurreko ekitaldiaren aldean, nekazaritza-sektoreak izan ezik (% 1 igo zen).

  •  Garraioak bere joera-aldaketa finkatu du, eta ondoz ondoko bi urtez behera egin du hamarkada batean lehen aldiz.

 

Euskadiko deskarbonizazio-prozesua bizkortu egin da. Hori da, izan ere, EEEko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak eta Alexander Botok, Ihobeko zuzendari nagusiak, Euskadiko berotegi-efektuko gasen (BEG) isurien azken inbentarioa gaur aurkeztean nabarmendu duten ondorio nagusia. Inbentarioa pandemiaren aurreko 2019. urteari dagokio.

Dokumentuak erakusten du Euskadik % 2 murriztu zituela isuriak 2018arekin alderatuta, eta, beraz, beheranzko joera argia dela: 1990ean (erreferentzia-urtea) Euskadik 20,8 milioi CO2 baliokide sortu zituen; 2005ean 25,5 milioira arte igo zen; baina geroztik beheranzko bilakaera gertatu da, 2019an erregistratutako 18,6 milioietara arte. Beraz, isuriak % 27 murriztu dira 2005arekin alderatuta, eta % 11 1990arekin alderatuta.

Emaitza horiek bilakaera positiboa erakusten dute: “2019an gertatu dira, goranzko BPGd baten testuinguruan, eta iazko osasun-krisiaren aurrekoak dira; beraz, efizientziaren eta egitura-aldaketen ondoriozkoak dira, ez koiunturaren ondoriozkoak”, EEEko eta Ihobeko arduradun nagusiek azpimarratu dutenez.

Hazkundea eta isuriak bereiztea

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera emandako 2019ko berotegi-efektuko gasen inbentarioa batera aurkeztu dute, lehen aldiz, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak (Ihobe) eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE). Bi zuzendariek hazkunde ekonomikoa BEG isurien murrizketarekin bateragarri egiteko beharra nabarmendu dute. “2005az geroztik, gure ekonomia % 20 hazi da, eta BEG isuriak, berriz, % 27 murriztu dira. Isurien jaitsiera hori hazkunde ekonomikoaren testuinguruan gertatzen da, eta horrek erakusten du hazkundea eta berotegi-efektuko gasen isuriak bereizi eta desakopla daitezkeela”.

Inbentarioan ikusitako kopuruetatik ondorioztatzen denez, berotegi-efektuko gasen isuriek Euskadiko Klima 2050 Estrategiaren helburuek markatutako bidea baino are joera hobea dute. Estrategiaren jomuga da 2030era iristea isurien % 40ko murrizketarekin 2005. urtearekin alderatuta (eta, azken azterketaren arabera, % 27ra hurbiltzen ari da).

Inbentarioak kanpoko talde batek egiaztatutako metodologiari jarraitu dio, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren gidalerroei jarraituz.

Hobekuntza orokorra sektore guztietan

Txosten honetan jasotako 2019ko isuriek beherakada orokorra erakusten dute ia sektore guztietan, nekazaritzako % 1eko igoera izan ezik. Garraioak bere joera-aldaketa finkatu du, eta ondoz ondoko bi urtez behera egin du hamarkada batean lehen aldiz (-% 1,3 2018ko ekitaldian eta -% 0,6 2019an).

Beste sektore hauek ere murriztu dituzte isuriak: energiak (-% 3), industriak (-% 3), bizitegi- eta zerbitzu-sektoreak (-% 6) eta hondakinen sektoreak (-% 2). Isurien buruan jarraitzen duten hiru sektoreak energia, garraioa eta industria dira, guztizkoaren % 86 batuz.

Energiaren sektoreak gainerako sektoreei hornitzen diela kontuan hartzen duen ikuspegitik aztertuz gero, isuri gehien sortzen dituzten sektoreak garraioa (% 35) eta industria (% 29) izango lirateke, eta ondoren energiaren eraldaketaren esparrua (% 13); zerbitzu- eta bizitegi-sektorearen batura, berriz, isurien % 15aren erantzulea izango litzateke.

Horrela, bai energia-efizientzia eta bai energia berriztagarriak deskarbonizazio-prozesuaren aliatu handiak dira. Azken urteotan Euskadin inplementatutako energiaren erabilera arrazionala sustatzeko programek eta berriztagarrien proiektuek efektu onuragarria erakusten dute isurketak murrizteari dagokionez, aldi berean enplegua eta aberastasuna sortuz.

Inbentarioak Euskadin isuriak murrizteko ahalegin handiagoa egin duten sektoreak ere aztertzen ditu: industria (-% 38 2005arekin alderatuta), energia (-% 42 aldi berean) eta bizitegi-sektorea (-% 11). Nekazaritzak eta hondakinek ere gutxiago isurtzen dute, baina ekarpen txikia egiten dute.

Zerbitzuen sektorearen isuriak, aldiz, % 4 igo dira 2005az geroztik, eta guztien artean garraioa da gehien hazi dena (% 14 aldi horretan). Horregatik da hain adierazgarria aztertutako azken bi urteetako joera-aldaketa. Espero izatekoa da 2020an are gehiago erori izana, pandemiaren koiunturazko arrazoiengatik. Sektore honetako isurien % 96 inguru errepideko garraioari lotua dago.

Bestalde, lurraren erabileren, erabileren aldaketaren eta basogintzaren eremuak 1,7 milioi tona CO2 xurgatzea eragin zuen 2019an.

Urtebete EBren helburuaren aurretik

Isuri lausoetan fokua jarriz (nekazaritzak, hondakinek, bizitegi-sektoreak, zerbitzuek, garraioak edo arautu gabeko industriak sortutakoak), Euskadik Europar Batasunak estatu kideentzat markatutako helburu lotesleak hobetzen ditu, 2019an jada bete baitu 2005. urtearekin alderatuta isuri lausoak % 10 murrizteko 2020rako finkatutako helburua. Beraz, urtebete aurreratu da, % 11ra iritsi baita jada.

2019ko inbentarioko datuetatik ateratzen den beste ondorioetako bat da Euskadiko isuriek tenperatura 2 ºC-tik behera mugatzeko helburua (-% 25 2030ean) beteko duen ibilbidea jarraitzen dutela, baina ez 1,5 ºC-ko helburua betetzekoa (-% 45 2030ean). Horregatik, Eusko Jaurlaritzak uste du “gure klima-anbizioa handitu behar dela”.

Isuri-eskubideen Europako merkataritzari buruzko araudiaren barruan araututako sektoreen isuriak (energia-sektorea eta energia-kontsumo intentsiboa duen industria) igo egin ziren 2019an, ziklo konbinatuko elektrizitate-ekoizpenaren isurien gorakadaren ondorioz, Estatu osoan ikatz bidezko elektrizitate-ekoizpenak behera egin baitzuen.

Isuri-intentsitate txikiagoa Europako batezbestekoa baino

Europaren testuinguruan, Euskadik EBren isurien % 0,5 hartzen du. Biztanleko 8,4 tona isurtzen ditu, Europako batezbestekoa (7,9) baino pixka bat gehiago. Hala ere, gure isuri lausoak % 8 txikiagoak dira (4,6 4,9ren aldean). Eta BPGd-aren unitate bakoitzeko isuriei dagokienez (isuri-intentsitatea), gure isuria Europako batezbestekoa baino 6 puntu txikiagoa da.

Euskadik EBko batezbestekoa baino isuri-intentsitate txikiagoa du. Alegia, “efizienteagoak gara ekonomia gehiago sortzen dugulako Europako batezbestekoa baino BEG gutxiago isuriz”, azaldu dute Botok eta Ansolak. “Azken 30 urteetan Euskadiren energia-intentsitatea % 40 baino gehiago hobetu dugu, eta horrek esan nahi du EAEko industriak produktu-unitate bat egiteko 1991n behar zuen energiaren % 60 behar duela gaur egun”.

Bi zuzendariek gogorarazi dutenez, inbentarioak oraindik azken urteko pandemiaren ondorioak eta mugikortasunaren murrizketa jasotzen ez baditu ere, kutsadura-mailak nabarmen murriztu dira Euskadin 2020an. Batez ere garraio-sektorean, sektore hori baitzen duela bi urtera arte gainerakoen kontrako joera zuena eta berotegi-efektuko gasen isuriak igotzen zituena.

Bai Botok eta bai Ansolak nabarmendu dute “pandemiak isuriak murriztean dituen efektuak alde batera utzita Eusko Jaurlaritzak abiarazitako egiturazko neurriekin jarraitu behar dela. 2019ko uztailaren 30ean, azken inbentario honen erreferentzia-urtean, Klima-larrialdiari buruzko Adierazpena onetsi zen. Gainera, une honetan klimaren arloko konpromiso handizaleagoak bilatzen ari dira etorkizuneko Energia Trantsizioaren eta Klima Aldaketaren Legearen bidez eta Lege horrekin batera etorriko den planaren bidez. Horri guztiari batuko zaizkio LIFE Urban Klima 2050 proiektua (Europako Batzordeak kofinantzatua, hogei euskal erakunderen parte-hartzearekin), Hidrogenoaren Euskal Estrategia edo energia jasangarria sortzeko Ekiola bezalako ekimenak”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak