Beatriz Artolazabalek PP-Csi erantzun dio Euskadiko Espetxe Ereduan biktimak izango direla kudeaketaren “epizentroa”

2021-05-14
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ETAren biktimekin arinkeriaz jokatzea aurpegiratu dio Luis Gordillo Alderdi Popular-Ciudadanoseko ordezkariari
  • Ordezkari popularrak Legebiltzarrean interpelazio bat aurkeztu zuen Artolazabalek espetxeen eskualdaketa azal zezan
  • Gainera, Elkarrekin Podemos alderdiak Euskadiko espetxe-ereduaren lerroei buruz egindako galderari ere erantzun dio

 Vitoria-Gasteiz, 2021/05/14

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua oso minduta agertu da gaur Luis Gordillo PP-Cs-eko ordezkariak aurkeztu duen eta gai nagusia espetxeen eskualdaketa izan duen interpelazioarekin. Artolazabalek esku-hartzean behin baino gehiagotan gaitzetsi du legebiltzarkidearen jarrera, eta azpimarratu dio biktimak kudeaketaren “epizentroan” egongo direla, “euren premiak eta eskubideak” begien bistatik galdu gabe.

“Biktimak dira eta izango dira gure giza eskubide eta elkarbizitza politikaren ardatza; izan ere, oraindik asko falta da biktimekin dugun zorra kitatzeko, eta, gainera, erresilientziaren eta eskuzabaltasunaren eta etorkizunera gorrotorik eta mendekurik gabe begiratzearen eredu izan ditugu”, adierazi du.

Hori dela eta, sailburua minduta agertu da PP eta Ciudadanoseko hainbat buruzagik, Gordillo bera barne dela, egindako intsinuazioekin. “Hotsandiko tituluen bila ibiltzea, herritarrak intsinuazio baldar eta errazekin eta, batez ere, errealitatearekin zerikusirik ez dutenekin berotzea arduragabea izatea da”, aurpegiratu dio, Eusko Jaurlaritzak datorren urriaren 1ean espetxeen kudeaketa bere gain hartzen duenean ETAko presoei mesedezko tratua emateari buruz egindako salaketa batzuk gogoratu ondoren.

Artolazabalek luzatu egin du Gordillori egindako errieta: “Ez zaitez hona moralitateari, gauzak ongi egiteari edo ETAko biktimen defentsari buruzko lezioak ematera etorri. Ez didazu irabaziko biktimekiko enpatian eta hurbiltasunean; ez eta ETA kondenatzean edo ETAtik urruntzean ere.

Eusko Legebiltzarraren aurrean eman duen erantzunean, sailburuak “Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak” dokumentuaren edukia gainbegiratu du labur-labur, eta ordezkari politikoak dokumentua aztertzera gonbidatu ditu. Era berean, gogorarazi du Espainiako Gobernuak espetxeak Jaurlaritzari eskualdatu zizkion egun berean aurkeztu zuela berak aipatutako dokumentua Gobernu Kontseiluan, eta gero, berak eskatutako agerraldi batean Eusko Legebiltzarrean.

“Orain hilabete  batzuk ditugu lanerako, geure ereduari, pertsona ardatz duen eta delituren bat egin duten eta askatasun gabetuta dauden pertsonak birsozializatzea eta gizarteratzea helburu duen ereduari, forma ematen jarraitzeko”, adierazi du. “Berriro diot”, jarraitu du esanez, “pertsonez ari garela, gizarte-heziketaren bidez, arreta gabezietan jarriko duen eta gizartera itzuliko dituen ekimenak aktibatuko dituen lanaren bidez, pertsonak gizarterako berreskuratzeaz ari garela, helburu gisa berrerortze-tasak murriztea jarrita”.

Artolazabalek esku-hartzea amaitzeko adierazi du “iraupen-lasterketa” baten aurrean gaudela, eta legealdi batzuk beharko direla “nahi dugun gizarte heldua” lortzeko. Azkenik, eskua luzatu dio Popular-Ciudadanos legebiltzar-taldearen ordezkariari “ekarpen eraikigarriak” eginez parte har dezan lan komunean.

Elkarrekin Podemos alderdiari emandako erantzuna

Bestalde, Elkarrekin Podemos alderdiaren ordezkariak, Miren Gorrotxategik, ahoz erantzuteko egindako galdera bati ere erantzun dio sailburuak.

Elkarrekin Podemos alderdiaren ordezkariak zalantzan jartzen zituen Euskadirako espetxe-eredua diseinatzeko lerroak, eta Artolazabalek erantzun dio joan den asteazkenean agertu zela Eusko Legebiltzarreko Justizia Batzordearen aurrera onartu berria den Gazte Justiziaren V. Plana azaltzera.  “Oso harro esan dezaket legebiltzar-talde guztiok goraipatzen dugula Euskadiko Gazte Justiziaren Sistema”, esan du, eta aitortu du gazteenekin “bi hamarkada hauetan egindako lanak emandako esperientziatik eta lan horren bidez ikasitakotik” abiatuta ekingo zaiola urriaren 1ean lanari.

“Uste dugu aukera bat dugula aurrean, eta hurbiltasuna lagungarria izango dela kudeaketa hobetzeko”, esan du Artolazabalek. Bestalde, aitortu du erdi-askatasun egoera ezberdinak indartu behar direla, “izan ere”, adierazi du, “kriminologiaren ikuspegitik egiaztatu da egoera horietara iristeko aukera emanda barnealdi itxiaren bidez baino arrakasta handiagoa izaten dela birsozializatzeko prozesuan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak