Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Makina Erreminta sektorearen erresistentzia-gaitasuna nabarmendu du

2021-05-14
  • Lehendakariak Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren eguna-AFMren Batzar Nagusiari amaiera eman dio

  • Eusko Jaurlaritzak indar osoz lan egingo du nazioarteko esportazioek eta merkataritza-harremanek industria-jarduerak eskatzen duen erritmoa berreskura dezaten

Iñigo Urkullu Lehendakariak Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren eguna-AFMren Batzar Nagusiaren itxiera-ekitaldian parte hartu du.

Erakunde-itxiera baino lehen, Joseba Kondek, Juan José Acha-Orbeak y Pedro Ruiz de Aguirrek urrezko intsignia bana jaso dute.

Lehendakariak, bere hitzaldian, azpimarratu du Makina Erreminta sektorea erresistentzia-gaitasunaren adibide dela; eta, gaineratu du krisi hau gaindituko dugula eta pandemian ikasitakoari esker indar gehiagoarekin aterako garela.  

Lehendakariak adierazi duenez, txertaketa industriaren aliatu nagusia izango da jardueraren susperraldian; "txertaketak erritmo onean egiten du aurrera eta aurreikuspenak positiboak dira". Hala, Lehendakariak susperraldi ekonomikoaren lehen zantzuak ikus daitezkeela aipatu du: industria-ekoizpenaren indizea hazi egin da; Gizarte Segurantzako afiliazioa hazi egin da; eta lan-kontratazioa ere hazi egin da. Klusterrak berak aurten % 15eko hazkundea espero du eta datorren urtean pandemia aurreko fakturazio maila berreskuratzeko aukera.

Era berean, Industria Abagunearen Behatokiak berretsi egiten du industria-ehunaren proaktibitatea digitalizazioari eta energia-eraginkortasunari lotutako proiektu eraldatzaileak bultzatzeko. "Makina Erreminta sektoreak enpleguari eta I+G+Bren aldeko apustuari eusten diola berretsi du. Azken finean, pertsonei eta lehiakortasunari laguntzea: industriaren aktibo baliotsuenak", adierazi du Urkulluk.

Lehendakariak, nazioarteko mugikortasunaren mugak oztopo direla jakinda, ziurtatu du indar osoz lan egingo dutela esportazioek eta nazioarteko merkataritza-harremanek industria-jarduerak eskatzen duen erritmoa berreskura dezaten.

AFM, Advanced Manufacturing Technologies

Makina-erreminta, osagarri, osagai eta erreminten fabrikatzaileen Espainiako Elkarteak Espainian dauden makina-erreminten eta fabrikazio-teknologia aurreratuen enpresen % 90 ordezkatzen du. Hau da, Espainiako fabrikazio aurreratu eta digitalaren interesak ordezkatzen dituen erakundea da AFM.

AFMk Donostian du bere egoitza nagusia eta beste egoitza bat dauka Txinan (Tianjin). Bere xedea da nazioartekotzea sustatzea, bai eta elkartuta dituen enpresen teknologia-berrikuntza bultzatzea ere, INVEMA (Makina Erremintaren Ikerketa Fundazioa) bere teknologia-unitatearen bitartez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak