Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak bere babes osoa eskaini die legez kontrako adopzioen biktimei

2011.eko uztailak 12

Gaur goizean bildu da ANADIRen

Euskadiko ordezkariekin Lehendakaria, Justizia eta Herri Administrazioko sailburu Idoia Mendiarekin batera, ANADIR adopzio irregularrek eragindakoen elkarte nazionalarekin bildu da. ANADIRen presidente nazional Antonio Barrosok eta elkarte beraren Euskadiko presidente Maite Sarraldek biktimen kezka eta arazoak helarazi dizkiote lehendakariari, eta hark Euskadin gertatutako kasuak argitzeko beharrezko babes eta estaldura guztia emateko konpromisoa hartu du.

Aurtengo urtarrilaren amaieran, ANADIRek baterako demanda bat aurkeztu zuen Estatuko Fiskaltza Nagusian, lapurtutako 261 haurren kasuak salatzeko; horietatik 40 kasu Euskadikoak ziren. Hala ere, egun jada badira 70 kasu. Handik gutxira, ANADIRen Euskadiko ordezkariek bilera izan zuten Idoia Mendia sailburuarekin, jaioberrien ospitaleetako heriotzetan jarraitzen diren protokoloen eta erregistroetan frogak lortzeko arazoen inguruan eztabaidatzeko, beste hainbat gairen artean. Sailburuak bere saileko biktimei laguntzeko zerbitzua eskaini zien, eragindako familiek laguntza psikologikoa izan dezaten. Gaur, Lehendakariak eskaintza hori berretsi du eta Euskal Jaurlaritzak kasu horiek ebazteko eskain dezakeen laguntza guztia biktimen esku jarri du.

Zehazki, Eusko Jaurlaritzak hasieratik eskaini du Biktimari Laguntzeko Zerbitzuaren aholkularitza eta laguntza psikologikoa, zerbitzu horrek ematen duen lege-jardueren inguruko informazioarekin batera. Orain arte, 20 kasuri eman zaie arreta, hamarri Gipuzkoan eta beste hamarri Bizkaian.

Justiziako sailburuordea, Justizia Zuzendaritzarekin eta Bulego Judizial eta Fiskalarekin elkarlanean, jardunbideei buruzko protokolo bana prestatzen ari da Biktimari Laguntzeko Zerbitzuarentzat eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearentzat.

Horrez gain, Justizia Sailburuordetzak organo eskudunekin gestioak egin ditu zuzenean ezagutzeko salatzaileek frogak eskuratzeko dituzten zailtasunak. Euskadiko biktimek Sailburuordetzari jakinarazi diote zenbait artxibo judizialetan arazoak izan dituztela erregistro zibileko agiriak aurkitzeko, zehazki abortuei buruzko paperak aurkitzeko, bereziki Gipuzkoan; eta horri buruzko egoera-txostena egin zen.

Justizia Ministerioak familiei laguntza emateko antzeko sistemak gaitu ditu estatu-mailan eta, familien errebindikazioei erantzunez, ADN bankua sortu du.

Ildo horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren eskumena ez izan arren, lehendakariak beste erakunde batzuen jarduna jarraitzeko konpromisoa hartu eta berriz ere adierazi du biktima, elkarte eta erakundeei entzun, lagundu eta haiekin lankidetzan jarduteko prest dagoela eragindakoentzat hain larria eta mingarria den egoera honi erantzun egokia emateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)