Kontroleko osoko bilkura (2021/05/14)
Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.
Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariaren ustetan egungo autogobernuko tresnekin erantzun integral eta eraginkorra emateko dugun gaitasunaren inguruan.
Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Autogobernuari esker, pandemiari erantzun integrala eta eraginkorra eskaintzen zaiola. "ERTEei osagarria; DBEa Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera baino handiagoa; Osasun eta Hezkuntzako profesionalen indartzea; enpresa eta autonomoentzako abalak; 1.600 milioiko Covid Funtsa, 100 milioi baino gehiagoko laguntza pandemiako hilabete bakoitzean", zehaztu du. Gainera, Lehendakariak zenbait datu konparatibo eta azterlanen emaitzak azaldu ditu, Euskadi edozein herrialde aurreraturen pareko mailan erantzuten ari dela erakusten dutenak.
Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, alarma-egoerarik gabeko testuinguru berrian dagoen osasun-egoerari buruz.
Lehendakariak adierazi duenez, datu epidemiologikoek "bide onetik" goazela erakusten dute, eta "itxaropenerako eta konfiantzarako arrazoiak ditugu". Hala ere, datozen hiru asteak erabakigarriak izango direla esan du, bi helburu bateratzeko: intzidentzia-tasa ahalik eta gehien murriztea eta txertaketa ahalik eta gehien handitzea, infekzio-arriskua eta morbi-hilkortasuna murrizteko eta, horrekin, ospitaleetako eta ZIUko tentsio asistentziala jaisteko.
Lehendakariak aitortu du bere garaian Osasunaren Lege Organikoan aldaketak ez egiteak, Justizia Auzitegi Nagusiaren autoek eta alarma-egoeraren amaierak, mugatu egin dituztela jarduteko ahalmena, baina azpimarratu du neurri eta gomendio oso argiak dituen dekretu bat dagoela indarrean.
Ildo horretan, talde gisa jarraitu eta jarduteko beharra adierazi du, "50 urtetik gorako pertsona guztiei lehenbailehen txertoa jartzea dagokigu, eta, aldi berean, gutako bakoitzetik hasita, mugikortasuna eta taldeak mugatzea, pertsonen arteko distantzia eta burbuila soziala mantentzea dagokigu. Dena kutsatzeko arriskua murrizteko".
Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, alarma-egoera bukatu eta gero Euskadik duen egoerari buruz.
Lehendakariak azpimarratu du erakunde guztiak modu eraginkor eta koordinatuan ari direla erantzuten arlo guztietan eta herritarren gehien-gehienak konpromisoa eta ardura erakusten ari direla. “Gizarteak aitortzen eta eskertzen dugun berebiziko ahalegina egin du 14 hilabete luze hauetan. Azken txanpan gaude, amets gaizto hau gainditzetik gertu”, esan du. Hala, garrantzitsuena azpimarratu du: erantzukizuna eta konpromiso indibiduala eta kolektiboa.
Gainera, Lehendakariak nabarmendu du Euskadin osasun-gomendioen arabera eta beste autonomia-erkidego batzuen antzeko irizpideekin jardun dela. Emaitzei dagokienez, hainbat datu objektibo azpimarratu ditu: Euskadin Estatuko batez bestekoa baino test eta txerto gehiago; Euskadin, gaixo eta hildako gutxiago.