Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak lankidetza-hitzarmen berri bat adostu dute

2021-05-12
  • Akordio honek hiru erakundeen arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzen ditu 2021etik 2024ra bitarteko aldirako.

Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak, elkarlanerako oinarri orokorrak ezarriz hiru erakundeek sinatutako esparru-hitzarmenaren berri eman dute.

Hitzarmen honek lexikografiaren arloko programak finantzatuko ditu, baita Bizkaiko euskararen corpusa bultzatzea helburu dutenak ere. Labayru Fundazioak, halaber, lankidetzan jardungo du unibertsitateekin eta beste erakunde akademiko batzuekin bere helburu nagusia betetzeko hizkuntzaren arloko ikertzaileak prestatzeko: euskal kulturaren balioak garatu eta eguneratzearen aldeko lanak eta zerbitzuak sustatzea.

Jarraipen Batzorde bat arduratuko da hitzarmenean aurreikusitako jarduerak aztertzeaz eta garatzeaz, eta ordaindutako gastuen jarraipena egingo du.

Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Labayru Fundazioak sinatutako akordioa lau urterako aurreikusten da, 2021-2024 aldirako.

Lankidetza hitzarmen honekin dagoeneko 21 urte dira hiru erakundeek euskal kulturaren alde  elkarrekin lan egiten dutela.

Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, `Labayru beti izan da erakunde estrategikoa Eusko Jaurlaritzarentzat. Bizkaitik Euskal Herri osorako proiekzioa duen erakundea da´ eta gaineratu duenez, `Labayru Fundazioa euskararen munduan erreferentzia-erakunde bihurtu da, batez ere Euskal Herriaren sartalde honetan, batez ere sartalde euskara, bizkai euskara ere deritzona, bizi den eta dirauen lurralde honetan´.

Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak azaldu duenez `Ezaguna da LABAYRUk euskal kulturan egiteko estrategikoa daukala eta hain zuzen be horregaitik nahi dogu bere lanari aitortza, eta segida eman hitzarmen honekin. Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lankidetza konpromiso honek garrantzia handia dauka, Labayru Fundazioak euskararen sustapenean, zabalkundean, material didaktikoaren sorkuntzan eta irakaskuntzan egindako ibilbidea eta lana oso oparoa da.´ Bilbaok gaineratu duenez ´Bizkaian du egoitza Labayruk baina adarrak euskararen eremu osoan ditu, eragina eta ekarpena esan bezala euskararen eta euskal kulturaren eremu osorakoa da. Nik gaur hori aitortu nahi diet eta indarrean jarri eginiko ahalegina

Bestalde, Igone Etxebarriak, Labayru Fundazioko zuzendariak esan duenez `hitzarmen markoak laguntasun horren jarraikotasuna adierazten dau, eta hori be guztiz garrantzitsua da gure lana epe luzeagora enfokau ahal izateko. talde konprometidua daukagu, eta, behar dan babesa euki ezkero´. Igonek zera adierazi du `gure hizkuntza eta gure ondarea zabaltzen jarraituko dogu.´

Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskal hizkuntza eta kultura ikertu, sustatu eta zabaltzeko. Helburu horiek lortzeko hainbat arlotan egiten du lan, bai ikerketan, bai dibulgazioan: irakaskuntza, itzulpengintza, herri-ondarearen bilketa, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia, toponimia...

Gaika antolatuta dagoen Euskal Biblioteka ezinbesteko osagarria da lan horretarako, eta Euskal Herriari, bere hizkuntzari eta inguruko lurraldeei buruzko ondare bibliografiko eta dokumental baliotsua gordetzen du: liburutegia, hemeroteka, dokumentu-artxiboa, argazki-artxiboa, ikus-entzunezko funtsa, kartelak eta bestelako dokumentazioa, besteak beste liburuxkak, pegatinak, egutegiak...

Labayru Fundazioa euskara mintzatuaren erreferentziazko erakundea da Bizkaian. Alde batetik zerbitzuak ematen ditu: alfabetatze eta euskalduntze eskolak, itzulpenak, euskararen erabilera planak. Eta bestetik, ikerketara bideratutako zentroa da, batez ere euskara, literatura, etnografia eta bibliografia bezalako arloetan. Bi jarduerak hertsiki lotuta daude, ikerketaren emaitzek zerbitzuetan dutelako eragina eta argitalpenen oinarria direlako.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak