Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria: "Susperraldi ekonomikoa indartu eta azkartzeko Eusko Jaurlaritzaren apustua irmoa da"

2021-05-12

Iñigo Urkullu Lehendakariak Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak lagunduta, CEBEK- Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren Batzar Nagusiari amaiera eman dio. 

Bilboko Euskalduna jauregian ospatu den itxiera-ekitaldian, Lehendakariak adierazi du une honetan ekonomiaren susperraldiak txertaketaren eskutik egingo duela aurrera. Ildo horretan, susperraldi ekonomikoa indartu eta bizkortzeko Eusko Jaurlaritzaren apustua irmoa dela azpimarratu du, eta baliabideak eta anbizio handiko aurrekontua dituztela ziurtatu du, aurreko urtean baino 770 milioi euro gehiago.

Lehendakariak azpimarratu du egoera horren aurrean eutsi egingo zaiela eta, ahal den neurrian, indartu egingo direla berrikuntza-, nazioartekotze-, inbertsio-, teknologia- eta digitalizazio-politikak enpresa eta industrian. Hala, aurten, euskal inbertsio publikoa 955 milioi eurotik gorakoa izango da, eta I+Gko gastua 535 milioi eurora iritsiko da. "Inbertsio publiko gehiagorekin eta I+G gastu gehiagorekin begiratzen diogu etorkizunari", gaineratu du.

Halaber, Lehendakariak nabarmendu du Euskadi aurre egiteko gai dela, eta itxaropentsu agertu da proba berri hau elkarrekin gainditzeko gai izango garelako.

Krisi honen ondorioz eman den eta emango den aldaketaren aurrean, Lehendakariak adierazi du Berpiztu edo Euskadi Next programek aukera eman dutela berriz ere diagnostikoa eta estrategia partekatzeko, indarrak batzeko eta sektore estrategikoak hautatzeko, Europa osoan aurre egin behar diogun eraldaketa berde, digital eta sozialaren buru izateko. Ildo horretan, Urkulluren ustez, hazkundea finkatzeko eta enplegu-aukerak sortzeko ahalegina egitea da gakoa. "Gure konpromiso partekatua langabezia tasa % 10etik behera jartzea da, enplegu gehiago eta hobea sortzea. Batzen gaituen helburu bera azpimarratu nahi dugu: galdutako lanpostu guztiak berreskuratzea", adierazi du.

Lehendakariak eskerrak eman dizkie CEBEKi eta enpresa guztiei, arriskatzeagatik eta inbertitzeagatik, jarduerari eusteagatik eta jarraitzeagatik, hain une zailetan errotzea eta enplegua bermatzeagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak