Lehendakariak Hirugarren Sektore Sozialak “berdinen gizartea, gizarte justuagoa" eraikitzeko egindako lana eskertu du
Iñigo Urkullu Lehendakaria, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak lagunduta, Sareen Sareak Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna dela-eta antolatu duen ekitaldian izan da; eta bertan, Hirugarren Sektore Sozialak “berdinen gizartea, gizarte justuagoa" eraikitzeko egindako lana eskertu du.
Ekitaldi horrek, 2016ko maiatzaren 12ko 6/2016 Legea indarrean sartu izana oroitzen du. Lege horrek Euskadiko hirugarren sektore sozialean lehena eta oraina markatu baitzuen. "Eraldaketa sozialeko unibertso bat" lelopean, Sareen Sareak #SAREIDOSKOPIO kanpaina aurkeztu du. Ideia horren bidez, gizarte-erakundeek egunero lan egiten dute Euskadi bidezkoagoa, solidarioagoa, kohesionatuagoa eta sozialki inklusiboagoa eraikitzeko.
Aurten, gizarte-erakundeek euren eguna ospatu ahal izan dute egungo osasun-krisiari egokitutako formatu batean. Horrela, ekitaldia zuzenean eman da Sareen Sarearen Youtubeko kanaletik, bertan egon ezin izan diren herritar, erakunde eta eragile sozial eta politiko guztiekin egun hori partekatu ahal izateko.
Lehendakariak bere hitzaldian nabarmendu du Hirugarren Sektore Sozialaren ekarpenik gabe euskal gizartea ez litzatekeela berdina izango elkartasunari, parte-hartzeari edo kohesioari dagokienez, ezta justiziari, demokraziari edo berdintasunari dagokionez ere. "Zuen ereduari esker, esku-hartze sozialeko erantzukizun publikoko sistemak komunitarioak dira. Sareen Sarean bildutako erakundeei esker, kalitate handiagoko zerbitzua eskaintzen dugu, hau da, pertsonalagoa, integrala, iraunkorra eta gertukoa ", adierazi du.
Sareen Saria
Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna, halaber, Euskadi solidarioagoa, kohesionatuagoa eta inklusiboagoa eraikitzen lagundu duten pertsonen lana aitortzeko unea da. Sareen Saria saria Mª Ángeles Arbaizagoitia Fedeafeseko presidenteari eman zaio aurten, boluntariotzan 30 urte baino gehiagoko eskarmentua duena. Bere ibilbide luze eta oparoan erantzun kolektiboak eraiki ditu osasun mentalaren esparruan, eta erreferente bat da sektore osoan, Araban eta Euskadin ere.
Erresilientzia pandemiaren aurrean
Aurtengo ekitaldiaren gai nagusia erakunde sozialen erresilientzia izan da, Covid-19ren inpaktuaren aurrean. Mahai-inguru bat egin da, ustekabeko ondorioak ekarri dituen pandemiaren aurrean, erakundeek egokitzeko eta erantzuteko izan duten gaitasunari buruz.
Lucía Merino Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiko koordinatzaileak moderatutako solasaldi batean, gizarte-eremu desberdinetako hiru euskal elkarteren esperientziak entzun ahal izan dira. Agintzari elkarteko Yolanda Martinek, Agipad elkarteko Felix Sarasuak eta Ascudeaneko Vanessa Resak krisialdian zehar nola lan egin duten kontatu dute eta zein programa jarri dituzten martxan hainbat behar soziali erantzuteko.
Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala eta Sareen Sarea
Hirugarren Sektore Soziala herritarren ekimeneko erakundeek, irabazi-asmorik gabeek, osatzen dute eta horren helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.
Gaur egun, ia 4.000 erakundek osatzen duten sektoreak 38.000 pertsona baino gehiagori lana ematen die, 138.000 boluntario biltzen ditu eta Euskadiko BPGaren %2,3ko baliokidea den bolumen ekonomikoa kudeatzen du .
Sareen Sarea elkartea 2014an sortu zen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 16 erakunde-sare biltzen ditu. Horiek guztiek hainbat esparru jorratzen dute: desgaitasuna, gizarteratzea, familia, adinekoak, etorkinak, enplegurako zentro bereziak, lan-munduratzeko enpresak edo garapenerako laguntza.