Arriolak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Gasteizen trena lurperatzeko hartu duen konpromisoa, eta izapideak arin egiteko eskatu dio Garraio Ministerioari

2021-05-10
  • Trenbidea Gasteizen integratzeko sortutako sozietateak eraikuntza-proiektuen idazketan aurrera egitea erabaki du, ingurumen-izapideekin batera

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriolak berretsi egin du gaur Eusko Jaurlaritzak abiadura handiko trena Gasteizen lurperatzeko lanak finantzatzeko hartu duen konpromisoa, jarduketa hori egiten ari den erakunde arteko batzordea bildu ondoren. ‘Alta Velocidad Vitoria-Gasteizko Abiadura Handia SA’ sozietatearen kide diren Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioa, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Arabako Foru Aldundia eta Gasteizko Udala bildu dira gaur arratsaldean Madrilen, abiadura handiko trena Gasteizko hiriburuan integratzeko proiektuaren egoera aztertzeko. Une honetan proiektua, Arkauteko lotunearekin batera, ingurumen-izapideak egiteko fasean dago. Bileran Iñaki Arriola sailburua, Garraioko estatu-idazkari Pedro Saura, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Arabako diputatu nagusi Ramiro González izan dira.

Arriolak bileratik irtetean azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak “inolako zalantzarik gabe” bere garaian hartuko du bere gain obra horren kostuaren dagokion portzentaia, “jarduketa estrategikoa baita Gasteizentzat, abiadura handia hirian integratzeko adostutako soluzioa”. 

Sailburuak abiadura handiko trena Euskadira baldintzarik onenetan iristeko beharrezkoa den azpiegitura horretan “izapideak arintzea eta aurrera egitea” ahalbidetuko duten formulak bilatzeko eskatu du. Aldi berean gogorarazi duenez, gaur egun trenbidea Gasteizen lurperatzeko proiektuaren zein Arkauteko lotunearen proiektuaren inguruan egiten ari den ingurumen-inpaktuaren azterketa prozedura “konplexua da, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak ebatzi beharreko 11.000 alegazio baino gehiago ditu”. “Prozesu luzea baina funtsezkoa da —gaineratu du—, are gehiago Gasteizko testuinguruan eta ezaugarriekin egin beharreko obra honetan, jarduketak ingurumenarekin arduratsua eta bermatzailea izan behar baitu”.

Ildo horretan, sozietateak eraikuntza-proiektuen idazketan aurrera egitea adostu du, informazio-azterlana izapidetzearekin batera.

Bileran, Arriola sailburuak agerian jarri du, halaber, Eusko Jaurlaritzak Arkauteko lotunearen eta Gasteizerako sarbidearen obren zati bat zuzenean eta kudeaketa-gomendio bidez egikaritzeko duen interesa, Gipuzkoako adarrean egiten ari den bezala.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Pedro Saura, Gorka Urtaran, Ramiro González