Eusko Jaurlaritzak 2,4 miloi euroko diru-laguntza deialdia onartu du Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratzeko eta hedatzeko (Gobernu Bilera 2021-5-11)

2021-05-11

Eusko Jaurlaritzak 2.400.000 euroko diru-laguntza deialdia onartu du, gaurko Gobernu Kontseiluan, 2021-2023 aldirako Euskal Kultura Ondarearen garrantzia azpimarratu eta hedatzeko jarduerak sustatzeko.  Euskal Kultura Ondarea zaindu, aberastu, babestu, hedatu eta sustatzeko helburua duten diru-laguntzak dira gaur onartutakoak. 

Honako hauek izango dira Kultura eta Hizkuntza Politika sailak diruz lagunduko dituen jarduerak: 

  • Babes Bereziko edo Ertaineko Kultura Ondasunen gaineko jarduketak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, taldeko kategoriarekin.
  • Babes Bereziko edo Ertaineko Kultura Ondasunak berrerabiltzea, landa-izaerakoak edo industrialak, aitortuak edo aitortuak izateko espedientea hasita dutenak, kategoria indibidualarekin.
  • Babes Bereziko edo Ertaineko Kultura Ondasunen garrantzia nabarmentzea eta hedatzea, balioztatzea edo aintzatestera bideratutako jarduerak.
  • Babes Berezi edo Ertaineko Kultura Ondasun higiezinak edo haien ingurunea desjabetzeko finantzaketa.
  • Euskal Kultura Ondarearen EAEko Erregistroan sartuta dauden ondasunak edo babestuak izateko espedientea irekita dutenak zaindu, aberastu eta babesteko beste edozein jarduera. 

Diruz lagunduko diren proiektuak 2021. ekitaldian hasi beharko dira edo hasita egon beharko dute, eta gehienez, 2023ko abenduaren 31a baino lehenago amaitu beharko dira. Ondasunen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoek edo irabazi-asmorik gabeko pertsona juridiko publiko zein pribatu interesdunek eskatu ahal izango dituzte laguntzak. 

2020-2022 aldian Euskal Kultura Ondarea zaintzeko eta babesteko 32 proiektu lagundu ziren diruz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko