Berriak Osasuna

Osasun Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiak zabaldu egin dute nahasmendu mental larria duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko hitzarmena, eta 827 plaza izango ditu (Gobernu Bilera 2021-5-11)

2021-05-11

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Osasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena zabaldu eta hobetzeko; horrela, egoitza-bizitokirako gaur egun dauden 783 plazez gainera, beste 44 plaza egongo dira. Guztira, 827 pertsona izango dira hitzarmen honen onuradun, honela banatuta: 392, egoitza-zentroetan edo laguntzadun etxebizitzetan, eta 435, eguneko zentroetan. 

Hitzarmena zabaltzean, era berean, areagotu egingo da 2021erako aurreikusitako aurrekontua, 775.000 euroan, eta 2022rako aurreikusitakoa, 900.000 euroan. Akordioa zabaltzeari eta hobetzeari esker, hamabi pertsona, apirilaren erdialdetik, beste zentro batean bizi dira; zentro hori Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen du eta Santurtziko Itsastarren Etxean dago. Diziplina anitzeko profesionalen talde batek ematen du gaixotasun mental kronikoa duten eta haien ohiko ingurunean premiei egoki erantzun ezin dieten pertsonentzako Santurtziko zentro horretan arreta, Osakidetzak lagunduta. 

Egoitzak, tutoretzapeko pisuak eta eguneko zentroak nahasmendu mental larria duten eta ospitale-intentsitateko zaintzak behar ez dituzten baina, aldi berean, haien etxeetara itzultzeko baldintza egokietan ez dauden pertsonentzako baliabide egokienak dira. Pertsona horiek jarraituko dute Osakidetzaren eskutik behar duten osasun-asistentzia anbulatorioa jasotzen eta, bestalde, zentro mota horretako gizarte-zerbitzuen zorroko berezko prestazioak. 

Erakundeen arteko elkarlana 

Hitzarmen hau 2019an jarri zen indarrean, eta 2022ra arte luzatuko da; helburu du baliabide gehiago ematea eguneko arretarako zentroei, laguntzadun etxebizitzei edo egonaldi luzeko egoitzei, pertsona horiei arreta indibidualizatuagoa eskaintzeko. 

Nahasmendu mental larria edo kronikoa duten pertsonei zuzendutako zentroetako zerbitzu eta prestazioak foru-aldundien eskumena dira, eta haiei dagokie onuradunek zentro horietara sarbidea izateko bide ematea. Eusko Jaurlaritzak, bestalde, elkarlanean dihardu zentro horiek abian jartzeko, eta beharrezkoa den osasun-asistentzia ematen du. Hitzarmen honi esker, gainera, finantza aldetik Euskadiko gizarte-zerbitzuen sistemako zentroetan kolektibo horretarako plazen garapenean jardungo du elkarlanean, haietako izaera soziosanitarioa aintzat hartuta. 

Hitzarmena zabaltzeak erakunde biek berme publikoko gizarte-zerbitzuetan aurrera egiteko duten borondate argia erakusten du, kasu honetan osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen parte-hartzerako eta bizi-kalitaterako laguntzak hobetzeko.

 

Iruzkin bat
  • 2021-07-21

    Podrían indicarme si vosotros gestionas el centro ZUTITU ubicado en Bilbao? De ser así podríais indicarme un email a donde dirigirme para presentar una queja, gracias.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko