Berriak Hezkuntza

Lankidetza-hitzarmena, Hezkuntza Saila eta Euskampus Fundazioaren artekoa (Gobernu Bilera 2021-5-11)

2021-05-11

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du Hezkuntza Sailaren eta Euskampus Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea. Lau urteko iraupena izango duen hitzarmenak bi aldeen arteko harremana arautzen du, bataren zein bestearen betebehar eta konpromisoak jasotzeaz gain.

Hitzarmen honen arabera, Hezkuntza Sailak dokumentuan jasotzen diren helburuekin bat datozen zuzendaritza eta koordinazio-ekintzak egiteko konpromisoa hartzen du, baita Euskampus Fundazioa finantzatzekoa ere. Bestetik, Euskampus Fundazioak sinatu beharreko dokumentuan zehazten diren helburuak betetzeko konpromisoa hartzen du.

Hitzarmenean jasotzen diren helburu nagusien artean nabarmentzen da, Euskampus agregazio-eremua osatzen duten erakundeen gaitasunak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako beste erakunde batzuekin eta nazioarteko erakundeekin (bereziki Akitaniakoekin) lotuko dituzten kooperatiba-jarduerak bultzatzea eta kudeatzea.

Zientzia eta ikerketa zientifiko eta teknologikoaren arloko sentsibilizazio, dibulgazio eta prestakuntza-planak euskal gizartean sustatzea ere bada jasotako beste helburuetako bat.

Era berean, hitzarmenaren xede da Euskadiren nazioarteko proiekzioa lagunduko duten ikerketa-ekintzak egitea Lehendakari Agirre Center-en bidez, erreferentziazko nazioarteko unibertsitateekin ezarritako Gizarte Zientzien esparruko proiektu berezien bidez, hala nola, New Yorkeko Columbia Unibertsitatearekin, Seton Hall University-rekin eta George Mason University-rekin.

Euskampus Fundazioa

Euskampus, beste jarduera batzuen artean, Euskal Herriko eraldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalaren prozesuan trakzio-elementu gisa jarduten duen fundazioa da, ezagutzaren gizartearen nazioarteko abangoardian kokatzeko.

Fundazioaren jarduna, besteak beste, honako jarduketa-ildo hauen garapenera zuzenduta dago: batetik, elkarlaneko ikerkuntza eta berrikuntza babestea, prestakuntzako, ikerkuntzako, garapeneko eta berrikuntzako lankidetza-programak eta lankidetza-proiektuak sustatzeko, eta jarduera horien euskarri izango diren egiturak sortzea; eta bestetik, espazio komunak ezartzea, lankidetza ahalbidetuko duten ikerketa, transferentzia eta berrikuntzarako. Transferentzia horrek pertsonen eta beren inguruaren zerbitzura dagoen ekonomia sustatzeko laguntza eman beharko du, baita bidezkoago, jasangarriago eta zuzenagoa den garapen soziala sustatzeko ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko