Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskal autonomoek Interneten aldeko apustua egiten dute beren negozioaren kudeaketa hobetzeko

2011.eko uztailak 12

 

  • Fundetec fundazioaren txosten baten arabera, profesional horiek estatuko batez bestekoa gainditzen dute Interneten erabileran, webguneen jabetzan eta online salmentan.

Bilbao, 2011ko uztailaren 12a.- 2010eko udan Langile Autonomoen Araubide Berezian erregistratutako Euskadiko 178.158 autonomoetatik (estatuko guztizkoaren % 5,7), % 41ek ekipamendu informatikoa dauka -ordenagailua, PDA edo Smartphone- bere negozioaren kudeaketarako, Espainiaren batez bestekoa % 48 izanik; horietatik, denek dute Interneterako sarbidea, eta % 47k webgune propioa dauka. Datu horiek estatuaren batez bestekoaren oso gainetik kokatzen dute Erkidegoa bi adierazle horiei dagokienez (% 74 eta % 36, hurrenez hurren).

Hori ondorioztatzen da, Federación Nacional de Trabajadores Autonomos (ATA) federazioaren eta Unión de Profesionales de Trabajadores Autónomos (UPTA) erakundearen lankidetzarekin eta IDCren partaidetzarekin, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ezarpenari eta erabilerari dagokionez horien egoera ezagutzeko, Fundetec fundazioak landutako "El trabajador autónomo y la Sociedad de la Información 2010" txostenean.

Lan eta Immigrazio Ministerioaren diru-laguntza jaso du Gizarte Ekonomiaren, Langile Autonomoaren eta Enpresen Erantzukizun Sozialaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez. Txostenaren hirugarren edizioa da, eta estatu osoko autonomoei egindako 3.500 inkesta ingurutan dago oinarritua, horietatik 160 Euskadikoak izanik. Inkestatutako langileak bederatzi jarduera-sektoretan zeuden banatuak (automozioa, merkataritza, eraikuntza, garraioa, industria, finantza-jarduerak, jarduera zientifikoak, ostalaritza, etab.).

Hortaz, azterlanean ondorioztatzen denez, Euskadiko autonomoek garrantzia ematen diote IKTak beren negozioetan sartzeari, beren produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko ezinbesteko tresna gisa. Hala ere, oraindik handia da teknologia horiek erabiltzen ez dituzten profesionalen ehunekoa eta, beraz, inplikaturiko eragile guztien artean -Administrazio Publikoa eta enpresa teknologikoak- lan egiten jarraitzeko premia dago, autonomoek IKTak txerta ditzaten beren prozesuetan.

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Xabier Sabalza jaunak baieztatu duenez, Euskadiko autonomoen posizioak ziur asko IKTak euskal enpresen lehiakortasun-tresna gisa erabiltzea sustatzeko politiken bultzada izan du, batez ere elkarteak IKTen konponbideentzako konfiantza-preskriptore izan diren enpresetan. Horretaz gain, adierazi duenez, Jaurlaritzak asmoa du IKTen erabilera ezartzeko ildo berarekin jarraitzeko, gaur egun inplantalari deitutako figura berria erabiltzen duen programa pilotu batekin osatzen ari dena. Inplantalariak autonomoei hautatutako konponbideak ezartzeko lanean laguntzen dieten espezialistak dira.

Era berean, METAPOSTA zerbitzua martxan jartzea azpimarratu du. Zerbitzua doakoa da autonomoentzat, eta aukera ematen du dokumentuen kudeaketa propioa egiteko, eta hornitzaileekin, bezeroekin edo kudeatzaileekin harremana modu seguruan eta jarraitzeko moduan izateko, zerbitzu aurreratuen erabilera sustatuz, hala nola sinadura edo faktura elektronikoa.

Berritasunak

Lehen aldia da txostenak autonomoen eta gizarte-sareen eta software-aplikazio libreen arteko harremana aztertzen duela. Emaitza izan da Internet daukaten ia euskal autonomo guztiek (% 96) ezagutzen dituztela gizarte-sareak -estatuko batez bestekoa (% 87) gaindituz-, eta % 43k erabiltzen ditu. Gehien erabiltzen dena Facebook da (% 83), eta horren atzetik Twitter (% 71) eta Linkedln (% 57).

Hala ere, software libreen erabilerari dagokionez, batez bestekoaren azpitik kokatzen dira (% 28): % 24k kode irekiko konponbideak ditu, nagusiki komunikaziokoak (% 94), ofimatikakoak (% 47) eta enpresa-arlokoak (% 44); hala ere, inkestatutako profesional guztiak daude gustura edo oso gustura aplikazio horiekin.

Adierazle teknologikoak

Beste arrazoi batzuen artean, egungo egoera ekonomikoaren ondorioz, Merkataritza elektronikoaren erabilera Espainia osoan ahuldu bada ere, Interneterako sarbidea duten eta bide horretatik produktu edo zerbitzuren bat saltzen duten euskal autonomoen proportzioa -% 14- Estatuko batez bestekoaren gainetik kokatzen da (% 9), eta hornitzaileei erosten dietenak (% 14), aldiz, batez bestekoaren azpitik daude (% 29). 

Sarearen bidez ez saltzeko arrazoien artean, negozioarentzat izan ditzakeen aukerak ez ezagutzea nagusitzen da (% 20), eta horren atzetik, % 20ek bezeroen ohiturak adierazi ditu, eta % 18k segurtasun informatikoarekin lotutako arazoak aipatzen ditu. Hala ere, Internet bidez ez erosteko gehien aipatzen den arrazoia negozioaren tamaina da (% 27), eta horren atzetik finantziaziorik eza (% 21) eta eremua ez ezagutzea (% 20).

Ekipamendu informatikoren bat daukaten euskal autonomoen % 66k ez du ezagutzen ziurtagiri digitala, % 23k ezagutzen du baina ez du erabiltzen, eta % 11 erabili egin du. Era berean, ekipamendu informatikoa duten autonomoen % 28k ez du ezagutzen faktura elektronikoa. Izan ere, % 8k erabiltzen du, eta % 40k ezagutzen du baina ez du erabiltzen.

IKTen erabilgarritasuna

Azkenik, IKTak txertatzearekin lotuta gehien balioesten diren alderdiak honako hauek dira: negozioaren kudeaketa hobetzeko gaitasuna (% 39), zerbitzuaren kalitatea handitzea (% 18), negozioaren ospea nabarmentzea (% 11), eta produktibitatea handitzea (% 13).

Ez ezagutzea da IKTak oraindik erabiltzen ez dituzten euskal autonomoen oztopo nagusia, prestakuntzarik ez izateagatik, eta horien inguruan trebatuak ez egoteagatik, beren negozioarentzat ekar ditzaketen onurei dagokienez. Horren ildotik, Fundetec fundazioko zuzendari nagusi Alfonso Arbaiza jaunak horri buruz adierazi duenez, "ezinbestekoa da kolektibo hori IKTak bere negozioetan txertatzearen premiaz jabe dadila lortzea, egungo egoera ekonomikoan bizirauteko beharrezkoak diren produktibitate- eta lehiakortasun-mailak lor ditzaten".

Txostena honako helbide honetan deskarga daiteke: www.fundetec.es.

Fundetec fundazioari buruz

Fundetec (www.fundetec.es) irabazi-asmorik gabeko fundazioa da, eta bere helburua da Informazioaren Gizartea Espainian sustatzeko lanean laguntzea, herritarrei, enpresei eta erakundeei Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) baliatzeko aukera errazten dieten ekimenak garatuta. Fundetec fundazioak sustatzen dituen ekintzak honako hiru lan-ildo hauen inguruan egituratzen dira: bazterkeria-arriskuan dauden gizarte-taldeen alfabetatze digitala; IKTen erabilera sustatzea beren lehiakortasuna hobetzeko tresnak dituzten autonomoengan, ETEetan eta mikroETEetan; eta enplegatuen IKTen arloko prestakuntza bultzatzea, Hogar Conectado a Internet (HCI) (Internetera  konektatutako etxea) programen bitartez.

Iruzkin bat
  • @Saregune
    2011.eko uztailak 12

    Comentario de Twitter:
    RT @irekia_news: Euskal autonomoek Interneten aldeko apustua egiten dute beren negozioaren kudeaketa hobetzeko . http://bit.ly/mXPMNV

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan