5 M € Ibilgailuen Renove Planerako (2021)
2.500 ibilgailu ordeztea aurreikusten da
- Planaren edizio berri honen bidez aurrera egin nahi da Euskadiko ibilgailu zaharrenen parkea berritzeko bidean, etorkizunean teknologia alternatiboei bide emanez.
- Urtean 950 tpb energia aurreztea aurreikusi da.
- Trantsizio energetikoan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Energia Estrategiak aurreikusi du petrolioa erabilera energetikoetarako kentzea 2050ean.
Eusko Jaurlaritzak eta ibilgailuen salmentaren sektoreko ordezkariek bilera egin dute gaur arratsaldean, eta Ibilgailuen Renove Planaren edizio berriaren xehetasunak azaldu dituzte. Plan horrek 3.000 euro arteko laguntza emango du 10 urtetik gorako ibilgailuak eraginkortasun energetiko handiko beste batzuekin ordezteko, bai gasolinazkoak bai gasoliozkoak bai energia alternatiboak erabiltzen dituztenak. Aurreikusitako aurrekontua 5 milioi eurokoa da.
Ibilgailuen Renove Planaren hirugarren edizioa abian jarri aurretik, informazio-bilera bat egin da ibilgailuen salmentaren sektoreari begira. Bertan parte hartu dute Euskadiko hiru kontzesionario elkarteetako ordezkariek -Luis Cebriánek SEAren izenean, Jon Lekuek Bizkaiko Kontzesionarioen Sarearen izenean eta Javier Bagüések AEGren izenean-, Javier Zarraonandia Industria sailburuordearekin eta Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarekin batera. Erakunde hori arduratuko da laguntzen kudeaketaz.
Bileran, Renove planaren ildo nagusiak aurkeztu dira. Aurreko edizioarekin bat etorriz, 3.000 euro arteko laguntza emango da eraginkortasun handiko ibilgailu berri bat erosteagatik eta ordezkatzen duen ibilgailua txatarreratzeagatik; ibilgailu zaharrak hamar urte baino gehiago izan behar ditu partikularren kasuan, eta 7 urte baino gehiago enpresen eta autonomoen kasuan. Alde horretatik, energetikoki eraginkorra den erosketari emango zaio balioa, eta, beraz, A kategoria energetikoko ibilgailuek, gas naturalekoak, PGLkoek, hidrogenokoek edo elektrikoek baino ez dute laguntzarik jasoko.
Laguntzak jaso ahal izango dituzte oinarriak EHAAn argitaratu ondoren (ekainaren 1erako dago aurreikusita) eskuratutako ibilgailuek. Guztira, 2.500 ibilgailu inguru berritzen lagunduko dela aurreikusten da, eta horri esker, 950 tpb energia aurreztuko dira urtean, errepideetatik 1.500 ibilgailu behin betiko kentzeren baliokidea.
Horren harira, gogorarazi behar da espedienteak jaso ahala kudeatzen direla beti, eta osotzat joko direla, eta, beraz, berrikusi ahal izango direla dokumentazioa osorik eta zuzen ematen den egunean. Espediente partzialek ez dute inola ere txanda gordetzeko aukerarik emango. Jarritako 5 milioi euroko guztizko aurrekontua osatzen duen ebazpena argi eta garbi berresten denean amaituko dira laguntzak.
Ibilgailuen Renove Planaren edizio berri honek behin betiko osatu nahi du euskal errepideetan gaur egun zirkulatzen ari diren parkeko ibilgailu zaharrenen ordezkapena. Laguntza horiek, batez ere mugikortasun elektrikoari laguntzeko MOVES programekin batera, mugikortasuna gero eta eraginkorrago eta jasangarriago bihurtzea dute helburu. Ildo horretatik, eta Euskal Energia Estrategiaren helburuekin bat etorriz, hau da, karbono gutxiko eta petrolio gabeko energia-eredua izatea 2050ean, edizio berri honekin betetzen da energia konbentzionalak dituzten ibilgailuen eraginkortasunaren sustapena, energia alternatiboak dituzten mugikortasun-eredu berriei bide emateko.