Berriak Lehendakaritza

16 urtetik gorako biztanleriaren % 40,1ek dosi bat jaso du gutxienez

2021-05-11

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin batera.

Txertoari dagokionez, Sagardui sailburuak jakinarazi du Osakidetzak 148.846 txerto eman zituela joan den astean, hau da, Euskadiko biztanleriaren % 40,1ek dosi bat du gutxienez, eta % 16,2k lortu du immunitaterik handiena (kalkulua > = 16 urteko populazioarekin egiten da). Osasun sailburuak esan du ez dela gaitasun kontua, txertoen eskuragarritasun kontua baizik. Osakidetzak 60-69 urtekoen txertaketan jarriko du arreta aste honetan. Hala ere, jarraipen zehatza egiten ari dira, adin-taldeetako pertsona guztiei txertoa eskaintzeko. Hori dela eta, txertoa jartzeko falta diren 70 urtetik gorako pertsonei txertoak ematen jarraituko da. Gotzone Sagarduik zehaztu duenez, dosiak eta hitzorduetarako lekuak dauden heinean, adin-tartean 59 urtetik beherakoak deitzen ari dira.

Bestalde, Osasun sailburuak koronabirusak Euskadin  duen eraginari buruzko datu eguneratuak eman ditu jakitera; eta adierazi duenez, aurreko olatuetan baino erritmo txikiagoarekin bada ere, azken bi asteetan ikusi da COVID-19ren intzidentziak behera egin duela etengabe, eta areagotu egin dela erritmoa maiatzaren 2tik. Sagarduiren ustez, prebentzio-neurriak aplikatzen eta zorrotz betetzen jarraitzeko animoa izan behar du horrek, eta, horri esker, intzidentzia murrizten jarraitu ahal izango baita, balio egokiagoetara iritsi arte. "Herritarren zuhurtzia eskatzen dugu berriro, pandemiak indarrean jarraitzen duelako, eta, beraz, ez dugu existituko ez balitz bezala jokatu behar", azpimarratu du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK   

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak gaurko saioan onartu du, Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei zuzendutako 2,1 milioi euroko dirulaguntza deialdia irakasleek, 2021-2022 ikasturtean, Lanbide Heziketarako estrategikotzat jotzen diren esparruetako jarduera-ildoetan formakuntza jaso dezaten. Bozeramailean esan duenez, deialdi honekin lortu nahi dena da, “itunpeko ikastetxeetako irakasleen gaitasun digitalak eta teknologikoak indartzea, besteak beste irakaskuntza-ikaskuntza prozesu berritzaileak eta jasangarriak sustatzeko eta teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzuteko gai izan daitezen”.

Gainera, Gobernu Kontseiluak gaurko Hezkuntza Sailaren eta Euskampus Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatzea onartu du. Hitzarmenaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren nazioarteko bikaintasuna bultzatzea eta ikerketa zientifiko eta teknologikoarekin lotutako gaietan prestakuntza-, sentsibilizazio- eta dibulgazio-planak sustatzea. Lau urteko iraupena izango duen hitzarmenak bi aldeen arteko harremana arautzen du, bataren zein bestearen betebehar eta konpromisoak jasotzeaz gain.

Bestalde, gaurko Gobernu Kontseiluaren bileran gizarte-alokairurako eta etxebizitzak birgaitzeko laguntza-programak finantzatzera 62.130.000 euro bideratuko direla jasotzen duen  Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren agindua onartu da. Agindu horren bidez, publizitatea eman zaie 2021 ekitaldi honetan alokairua sustatzeko eta etxebizitza eta eraikinak birgaitzeko urte anitzeko dirulaguntzen ildoak finantzatuko dituzten ordainketa- eta konpromiso-kredituei.

Osasun alorrean, Osasun sailburuak jakinarazi du tratamendu medikoekiko atxikidura bermatzeko, eta agindutako medikazioa hartzeari inork ez diola arrazoi ekonomikoengatik utziko bermatzeko diru-laguntzak eskaintzen dituela Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak ezarritako koordainketa farmazeutikoaren aurrean. Horrela Gobernu Kontseiluak argi berdea eman die laguntza horiei, eta eskabideak aurkezteko epea irekita egongo da maiatzaren 18tik abenduaren 10era arte.

Era berean, Gobernu Kontseiluak baimena eman du Osasun Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko lankidetza-hitzarmena zabaldu eta hobetzeko; horrela, egoitza-bizitokirako gaur egun dauden 783 plazez gainera, beste 44 plaza egongo diraGuztira, 827 pertsona izango dira hitzarmen honen onuradun.

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duen kontziliaziorako eta seme-alabak dituzten familientzako prestazioetarako ohiko laguntza-paketeari.  Guztira, Eusko Jaurlaritzak 64 milioi euro inguru inbertituko ditu bi horien artean, 2021. urte honetan.

Kultura eta Hizkuntza Politika sailari dagokionez, Gauko Gobernu Kontseiluak 2.400.000 euroko diru-laguntza deialdia onartu du, aurten eta ondorengo bi urteetan, Euskal Kultura Ondarea zaindu, babestu, aberastu, ezagutzera eman eta sustatzeko ekimenetarako.

Bingen Zupiria sailburuak jakitera eman du, COVID 19ak kultur-jarduera profesionaletan izan dituen ondorioak oso larriak izan direnez, baita Euskadin ere, Gobernu Kontseiluak 2021ean kultura arloko profesionalei zuzendutako COVID-19 laguntzetarako hasieran aurreikusitako gehienezko dirua gehitzea onartu duela gaur. Horrela hasierako 1,1 milioi euroak beste 4.810.000 euroan gehituko dira jasotako eskaerei ahalik eta erantzun egokiena eman ahal izateko. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 5.910.000 euro bideratuko ditu kultura arloko profesionalei dirulaguntza berezi hauen bitartez laguntzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

2 iruzkin
  • 2021-05-11

    Por favor corrijan el error de los 16 años. Muchas gracias

  • 2021-05-11

    Por favor, me expliquen el titular. Saben ustedes que población de más de 16 años tiene Euskadi?, SE IMAGINAN EL 40% YA VACUNADA?.
    De paso me explican que vacuna le han puesto a los de 16--a 50 años?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak