Ogasuneko Sailburuordeak, Itziar Agirrek, premiazkoa ikusten du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera uda baino lehen egitea
Estatuak 2021-2024 ekitaldietarako planteatu duen egonkortasun-programa berriaren aurrean, non aldi horretarako defizit-helburuen aurreikuspen berri bat egiten baita, Itziar Agirre Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuordeak uste du premiazkoa dela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak (EIBM) uda baino lehen beste deialdi bat egitea, Estatuarekin euskal erakundeentzako defizit- eta zor-helburuak adosteko.
Deialdi horri esker, Agirreren ustez, beste zenbait kontu adosteko aukera ere egon daiteke: finantza-transakzioen gaineko zerga ituntzea, zenbait zerbitzu digitalen gaineko zerga ituntzea eta Ekonomia Ituna aurtengo uztailean indarrean jarriko den OSS BEZ sistema berrira egokitzea.
Ogasuneko sailburuordeak Itunak eta Adconcordiamek Bilbon antolatutako "IX. Finantza Publikoak eta Zorraren Iraunkortasuna" jardunaldietan egindako hitzaldia baliatu du EIBMren bilera hori eskatzeko, bai eta Euskadik Estatuarekin aurrekontu-egonkortasunaren arloan duen koordinazioaren eta lankidetzaren oraina eta etorkizuna aztertzeko ere. Bere hitzaldian, Agirrek Ekonomia Itunaren esparruan aurrekontuen egonkortasunari buruz orain arte egin diren akordioak aztertu ditu.
Pandemiaren agerpenaren, krisi ekonomikoaren eta, ondorioz, osasun- eta ekonomia-krisiak eragin zuen diru-sarreren beherakadaren ondoren, Ekonomia Ituna eta Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan lortu beharreko akordioak euskal autogobernuaren giltzarri bihurtu dira, beste behin ere.
2020ko irailaren 30ean lortutako akordioa horren adibide izan zen; izan ere, egun horretan egindako Batzorde Mistoan, lehen aldiz, foru-aldundiek 2020rako eta 2021erako dituzten defizit-helburuei buruzko akordioa lortu zen. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak "gure finantzaketa-erregimenari, Kontzertu Ekonomikoari, bultzada" gisa definitu zuen lorpen hori.
Akordio horren ondorioz, euskal erakunde guztientzat % 3,5eko defizita ezarri zen 2020rako, eta % 3koa 2021erako. Azken kasu horretan, % 2,2 Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta % 0,8 foru-aldundiei.
Itziar Agirrek adierazi duenez, neurri horiek posible izan ziren joan den irailean Europak zerga arauak bertan behera utziko zituela iragarri ostean. Erabaki horrek pandemiaren hasieratik izan zuen arrastoari jarraitzen zion, beti adierazi baitzuen austeritatetik ihes egiteko eta gastu publikoaren malgutasuna babesteko asmoa zuela.
"Bi urte hauetan zerga-araurik ez egoteak ez du esan nahi zerga-erantzukizunik ez dagoenik; izan ere, erakunde guztiok susperraldian zentratu behar dugun bi urte hauen ostean, aurrekontu-egonkortasunaren bidea berreskuratu beharko dugu", azpimarratu du Ogasun sailburuordeak.
Zentzu horretan, Ekonomia Itunak euskal errealitatera egokitutako erantzunak behar dituen autogobernu maila bat eskatzen du arlo ekonomikoan.
Izan ere, gogorarazi duenez, 48. artikuluak euskal erakundeen autonomia fiskal eta finantzarioaren printzipioa ezartzen du, eta 62.b artikuluak Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoari esleitzen dio aurrekontuen egonkortasunaren arloan lankidetza- eta koordinazio-konpromisoak adosteko eginkizuna.