Artolazabal sailburuak prebentzio-neurri gisa heziketan oinarritutako Gazte Justiziaren v. Plana aurkeztu dio Legebiltzarrari

2021-05-12
  • Aurreko planekin lortutako emaitzek adingabeen birsozialiazioa lantzen duen ereduaren arrakasta jartzen dute agerian
  • Azken hamarkadotan behera egin du gazteen delinkuentziak, eta berrerortze-tasa globala % 17,8koa da
  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Euskadiko Gazte Justiziaren Sistemaren zeharkakotasuna eta sailen arteko elkarlana balioetsi ditu
  • “Arrakasta aitortuta duen sistema bat dugu, eta datorren urriaren 1etik aurrera Euskadiko espetxeak kudeatzeko inspirazioa izango da”, nabarmendu du Artolazabalek

Vitoria-Gasteiz, 2021/05/12

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua gaur agertu da Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen, Berdintasunaren eta Justiziaren Batzordearen aurrera, berak eskatuta, 2020-2024ko Gazte Justiziaren Plana aurkeztera. Artolazabalek, esku-hartzean, Euskadiko Gazte Justiziaren Sistema goraipatu du, eta neurri judizialak betetzean Euskadiko adingabeen tratamenduan izandako arrakasta azpimarratu du, “prebentzio-armarik onena” heziketa izan dela nabarmenduz.

“Kasurik gehienetan, delitu horiek egin dituztenak bilakaera-prozesuetan eta zaurgarritasun handiko egoeretan dauden eta tratamendu hezitzaileen bidez aztertu eta sustatu behar diren beste gaitasun eta ahalmen batzuk dituzten nerabeak izan dira”, adierazi du sailburuak.

Alde horretatik, Artolazabalek aurreko planek izandako arrakasta agerian jartzen duten datuak eman ditu, eta berrerortze-tasa globalak, egungo % 17,8ra jaitsi arte, izan duen beherakada nabarmendu du. “Gure sistemak alderantzizko piramide baten antza du”, adierazi du grafikoki. “Piramide honen oinarri zabalean 14 urtetik 18 urtera bitarteko adingabe guztiak daude; guztira, gutxi gorabehera, 85.000 neska-mutil. Horietatik 600ek baino ez dute jasotzen urtean nolabaiteko neurri irmo edo kautelarren bat. Eta gehienek gizartearentzako lanak eginez betetzen dituzte neurri horiek; gutxi batzuek betetzen dute beste era bateko neurriren bat hezkuntza-zentroetan”, sailburuak esan duenez % 1 inguruk.

Gazte Justiziaren Sistemak aurretik garatutako plan guztiak UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuak aztertzen ditu amaitzen direnean. Alde horretatik, organismo horren ebaluazio profesionalek egiaztatu dute pixkanaka gutxitu egin dela gazteen delinkuentzia. “Datuek egiaztatzen dute eredua egokia dela”, azpimarratu du sailburuak.

Eta, gainera, hauxe aitortu du: “Plan hau ere gizarte-alarmak desaktibatzeko, aniztasunari balioa emateko, estereotipoak gainditzeko eta, exijentziatik, bigarren aukerak sortzeko tresna ezin hobea bihur dadin nahi dugu”.

Alde horretatik, sailburuak eskualdatu berria den, joan den astelehenean izenpetu zen, espetxeen transferentzia aipatu du; izan ere, Euskadiko espetxe-eredua gazteenekin egindako lanean oinarrituko da. “Arrakasta aitortua duen sistema bat dugu, eta sistema horren balioak eta funtzionatzeko modua izango dira datorren urriaren 1etik aurrera Euskadiko espetxeak kudeatzeko inspirazioa” esan du sailburuak, Gazte Justiziaren Sistemaren esperientzia eta balioak eredu gisa jarri dituen aldi berean.

Horrez gainera, Artolazabalek sailen arteko elkarlanaren garrantzia ere azaldu du, 60 ekintza baino gehiago gauzatzeko beharrezkoa izanik Eusko Jaurlaritzako sei sail inplikatzea: Segurtasuna, Hezkuntza, Osasuna, Enplegua, Etxebizitza eta sailburua buru duen Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila.  Bestalde, plan berri honen helburuak ere aipatu ditu, besteak beste arau-haustea egiten denetik erantzun penala betetzen hasi arteko erantzun-denbora murriztea.

Gazte justiziaren arloko azken planen ezarpenari esker egungo premiekin bat datorren eta etorkizuneko premiei erantzuteko prest dagoen baliabide materialen eta pertsonalen eta zentroen sare bat finkatu ahal izan da.

Alde horretatik, Beatriz Artolazabalek zentroen eta baliabideen kudeaketa publiko-pribatua balioetsi du, Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek betetzen duten eginkizun garrantzitsua agerian jarriz. “Aukera honetaz baliatuz, eskerrak eman nahi dizkiet gazte-justiziaren arloan lan egiten dute profesional guztiei”.

Oroipenerako hitzak

Eusko Legebiltzarraren aurrean egin duen esku-hartzearen hasieran, sailburuak animo hitzak helarazi dizkie Euskadiko Gazte Justiziaren Sistemako langile guztiei. “Une latzak igaro ditugu gure elkarbizitza irekiko etxeetako batean gazte bat hil denean”, adierazi du. “Maitasun osoa helarazi nahi diet bere familiari eta mutikoarekin lan egiten zuten profesionalei”, jarraitu du esanez. Ondoren azaldu du gazteak epailearen baimena zuela Eusko Jaurlaritzaren etxean jarraitzeko, berak eskatu baitzion epaileari etxean jarraitu nahi zuela uztailean ikasketak amaitu arte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak