‘Inor Atzean Utzi Gabe’ Covid Funtsaren ‘Azken Sarea Indartzen’ programaren bidez, 2020an arrisku-egoera argian zeuden 4.128 familiak bazterketa-egoeran ez amaitzea lortu zen

2021-05-08
  • Proiektua Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin lankidetzan sortu zen; haiek jarri ziren familiekin harremanetan
  • Laguntza ekonomiko hori sistemarentzako ikusezinak diren kolektiboen premia oinarrizkoenei erantzuteko sortu zen
  • Programa abian da oraindik, hainbat elkarteen laguntzarekin

Bilbo, 2021/05/08

2020an, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik, 4,5 milioi euro banatu zituen 4.128 familiaren artean, Azken Sarea Indartzen programaren bidez. Guztira, 7.163 pertsonengana helduz. Inor Atzean Utzi Gabe Covid funtsetik diseinatutako programa da hau; helburua gizarte-eremuan pandemiaren muturreneko eraginak arintzea da, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez.

Berdintasuneko sailburuak, Joseba Segura Bilboko apezpiku laguntzailearekin, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatearekin eta Carlos Bargos Bizkaiko Cáritaseko zuzendariarekin batera, gaur, programaren balantzea egiteko ekitaldian parte hartu du; ekitaldian, programan parte hartzen duten gizarte-erakundeek ere parte hartu dute, Azken Sarea Indartzen programak indarrean jarraitzen baitu. Cáritasen lidergoarekin, hainbat dira programa honi babesa ematen dieten erakunde sozialak: Goiztiri, Bizkaisida, Bizitegi, Erain, Ellacuria, Susterra, Afroamericana, Sidalava, Sortarazi, CEAR, MArgotu, Izangai, eta Pertsonalde.

Artolazabalek esan duenez, programa kolektibo kaltebera batzuen oinarrizko premiei erantzuteko sortu da; kolektibo horiek “sistemarentzat ikusezinenak dira”. 2020an, guztira, 7.621 prestazio eman zitzaizkien bazterketa-egoeran egoteko arrisku argian zeuden familiei. “Familia horiek baziren agerikoak programa hau kudeatu duzuen erakundeontzat. Eta horregatik izan du arrakasta”, esan du; izan ere, gizarte-eragileen eta publikoen arteko elkarlana beharrezkoa izan da familia horietara iritsi ahal izateko.

Berdintasuneko sailburuak programa honen onuradunen batez besteko profila deskribatu du: “emakumeak, migratzaileak, familia-karga dutenak, ostatu ezegonkorrean bizi direnak eta Euskadiko babes-sistemara sarbiderik ez dutenak, ezkutuko ekonomiaren mende daudelako”. Zehazki, prestazio horietatik 3.259 kide bat baino gehiagoko familiei banatu zitzaien. Azken Sarea Indartzen programaren bidez ematen den batez besteko laguntza 275 eurokoa da kide bakarreko familientzat eta 500 eurokoa, gainerakoentzat.

Bilboko jarduteko alkatea, Amaia Arregik, zera azpimarratu du “Hurbiltasuna, laguntza, erantzukizuna edo elkartasuna programa hau errealitatearen ezagutzatik gidatu duten balioak izan dira”, esan du sailburuak. “Elkarlanetik eta elkarrenganako konfiantzatik abiatuta, familia horiei arreta eta laguntza emateko gai izan gara”. Artolazabalek eskerrak eman ditu Euskadiko hirugarren sektore sozialak pandemia osoan zehar izan duen inplikazioagatik, eta eskerrak eman nahi izan ditu, bereziki, Apezpikutzaren mendeko erakundeen eta Euskadiko eliza katolikoari lotutako beste batzuen elkarlanagatik, “erakutsi duten sentsibilitateagatik, ulermenagatik eta etengabeko laguntzagatik”.

“Lehentasuna beti izan da pertsona guztiak babestea, inor atzean utzi gabe” gehitu du Arregik. “Izan ere, Bilbon eta Euskadin gehien behar izan gaituztenekin ahalegin guztia egin dugu, kalteberenekin, hain ikusgai ez daudenekin… Beste sistema batek ere kontuan izan ez dituenekin gogoratu gara. Eta erantzun koordinatuagoak eman behar izan ditugu eta, horretarako, pertsonen aniztasuna eta berezitasuna kontuan hartu”.

Administrazio publikoen eta hirugarren sektore sozialeko erakundeen arteko elkarlanak aukera eman digu arreta-programa berriak eraikitzeko eta, horretarako, behar diren baliabideak zehazteko, partekatutako diagnostiko-lanean oinarrituta. Horrela, udal-laguntzen programak, bakardadearen prebentziokoak, etxegabeentzako arreta eta familia, emakume, heldu eta haurrentzako neurriak finkatzea lortu dugu.

Bere aldetik, Joseba Segura, Bilboko Gotzain laguntzaileak azpimarratu du programa hau “partaide guztietako sendotasunak baliatuz” eraiki dela. “Elkarlanaren aldeko izaera dugu eta programa honek, bat egiten du gure izaera horrekin”.

Carlos Bargos Bizkaiko Cáritaseko zuzendariak nabarmendu duenez, “guztion etsai erraldoiaren aurrean, administrazio publikoaren eta gizarte-erakundeen arteko konfiantzan oinarritu den baterako ekintza handia erakutsi da”. “Etorkizunera begira, izaera berekin, gero eta handiagoa den desberdintasunari eta justiziarik ezari aurre egiteko ikasbide izango dugu. Hirugarren sektore sozialeko erakundeek agerian utzi dute nolako ezagutza handia duten, errealitatetik zer hurbil dauden eta nolako konpromiso globala duten”, esan du, amaitzeko.

‘Inor Atzean Utzi Gabe’

2020ko martxoaren 14an lehen alarma-egoera deklaratu ondoren, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiak bazterketaren aurkako batzordea sortu zuen, eta hark egoera larri batzuk detektatu zituen. Inor Atzean Utzi Gabe Funtsari esker –10 milioi euroko zuzkidura du–, zortzi programa jarri ziren abian. Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik –Sareen Sarearen barruan daude–, Eusko Jaurlaritzak, 2020. urtearen erdialdean, programa horiek aktibatu zituen, Covid 19-aren ondorioz sortutako edo larriagotutako arrisku-, bazterketa- eta/edo pobrezia-egoerei erantzuteko. Horien artean, Azken Sarea Indartzen programa dago.

Guztira, zortzi programa jarri ziren abian, eta, haietatik, seik indarrean jarraitzen dute: Azken Sarean Indartzen, Lehen Urratsa, Erdu, Aukerak Suspertzen, Betirako eta Adi. Beste biak Guztion Artean elkartasun-sare antolatua eta konfinamenduan zehar etxegabeak hartzeko Aterpeak programa izan ziren.

Adi programak laguntza psikologikoa eskaintzen die konfinamendu- eta alarma-egoeraren ondorioz haien ondoez emozionala biziagotuta dutenei eta, bereziki, nagusiei; Betirako konfinamenduan familiartekoren bat galdu duten pertsonen doluan laguntzeko zerbitzu profesionala da; Aukerak Suspertzen hezkuntza-indargarriko programa bat da, eta familia kalteberenen arrail digitala ere barne hartzen du; Erdu adikzioetan hurbiletik esku hartzeko programa da, eta Lehen Urratsa programak konfinamenduan aterpetxeetan hartu ziren etxerik gabeko pertsonentzako ostatuko eta gizarte-laguntzako baliabideetatik ibilbideak abiaraztea barne hartzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Amaia Arregi, Bilboko jarduneko alkatea; Joseba Segura, Bilboko Gotzain Laguntzailea; eta hirugarren sektoreko ordezkariak