Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Euskadik eraikuntzako eta eraisketako hondakinen % 70 berrerabiliko du eta kontrolik gabeko kudeaketa desagerraraziko du

2011.eko uztailak 11

• Eraikuntzako eta eraisketako hondakinen behar bezalako kudeaketari esker, urtean 1,7 milioi euro baino gehiago aurreztuko dira
• Etorkizuneko arauaren bidez, betebehar berriak izango dituzte eragileek, hau da: sortzaileek, jabeek eta kudeatzaileek
• Ezarritako neurriek birziklatutako agregakinen kalitatea homogeneizatuko dute eta horien erabilera bultzatuko dute obretan

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak dekretu zirriborro bat idatzi berri du, eraikuntzako eta eraisketako hondakinen kudeaketa erregulatzeko, horien kontrolik gabeko eta ezkutuko kudeaketa desagerrarazte aldera, eta hondakinen birbalorizazioa % 38tik % 70era handitze aldera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko Sailburuorde Arantza Leturiondok gaur aurkeztu duen arauak Estatuko legeek ezartzen dituzten babes neurriak handituko ditu. Gainera, hondakin horien kudeaketan dauden hutsuneak zuzenduko ditu, berrerabilera, prebentzioa, birziklatzea, bestelako balorizazio moduak eta, besterik ezean, behar bezalako deuseztapena bultzatuz.

«Enpresek eta sektore osoak eskatu diote Ingurumen Sailari lege esparru zehatza sortzeko, eraisketako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa erregulatuta egon dadin, eta sektoreak jarduera behar bezala gauzatzeko esparrua izan dezan» nabarmendu du sailburuordeak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurreikuspenen arabera, Euskadin, urtean gutxi gorabehera 1.300.000 tona hondakin sortzen dira eraikuntzan eta eraispenetan. Dekretuari esker, urtean 1,7 milioi euro baino gehiago aurreztu ahalko dira. Izan ere, hondakinen kontrolik gabeko kudeaketa % 40 txikituko da, hondakinak berrerabili eta birziklatu ahal izateko jatorrian sailkatzeko jarduera handituko da, eta zabortegietara hondakin gutxiago eramango dira.

Gaur egun, estimatzen da eraikuntzako eta eraisketako 460.000 tona hondakin legez kanpoko zabortegietan uzten direla urtero. Horri irtenbidea emateko, urtero 6,9 milioi euro inguru bideratzen dituzte, batez ere, Euskadiko herri administrazioek, legez kanpoko jardueraren zuzeneko eragilea aurkitzea zaila baita. Dekretu proiektua indarrean sartzen denean, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen legez kanpoko zabortegiak gutxika desagerraraztea espero dute. Horri esker, leheneratzeari lotutako kostuetan aurrezpen nabarmena gertatuko da eta hondakinek paisaian eta ingurumenean dituzten eragin negatiboak desagerraraziko dira.

Gainera, hondakinak balorizazio plantan kudeatzea zabortegietan tratatzea baino merkeagoa da, eta horrek ere aurrezten lagunduko du. Bestalde, balorizatutako hondakin kopurua handitzean, birziklatutako agregakinen salmentan sortutako irabaziak ere gehituko dira, eta birziklatutako materialek hainbat erabilera izango dituzte eraikuntzaren sektorean.

Araua indarrean sartzen denean, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen % 60 obretan bertan sailkatuko dira, gaur egungo % 20aren ordez. Horietatik, % 5 egurra eta metala izango dira eta obran salduko dira; gainontzekotik % 80 balorizazio plantara (finkoa edo ibiltaria) bidaliko dira eta hondakinen % 90 behar bezala balorizatuko dira. Estimazio horien arabera, obretan sailkatutako hondakinen % 20 soilik deuseztatuko dira zabortegietan, balorizazio plantan baztertutako hondakinekin batera.

Obran sailkatzen ez diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinei dagokienez, hau da, % 40, % 70 sailkatu eta balorizazio plantara bidaliko dira. Horietatik % 90 behar bezala balorizatuko dira eta % 10 zabortegira eramango dira, obran sailkatzen ez diren hondakinen % 30ekin batera.

Dekretua argitaratu ondoren, hondakinak sortzen dituzten enpresek behar bezalako kudeaketa bermatzen duen fidantza edo finantza bermea lortu beharko dute, gutxienez hondakinak kudeatzeko azterketaren aurrekontuaren % 120koa. Fidantza hori hondakinak behar bezala tratatu eta kudeatu dituztela justifikatzen dutenean berreskuratuko dute. Ez dute fidantza hori aurkeztu beharko EMAS ingurumen kudeaketa eta auditoretza sistemari atxikitako erakundeen erregistroan izena emanda duten enpresek.

Dekretua idazteko prozesuan, eraikuntzaren sektorearekin lotutako instituzioetako zein enpresetako, eragileek, sektorekako erakundeek eta abarrek hartu dute parte, askotariko sentsibilitateak, ezagutza eta iritziak jasota gera zitezen. Adibidez, lege esparrua sortzeko eta abian jartzeko azken fasean, eraikuntzako eta eraispeneko kudeatzaileek, Garraio eta Herri Lan Sailak, foru aldundiek, EUDELek, zenbait udal eta erreferentziako enpresek eta teknologia zentroek hartu zuten parte.

 

Iruzkin bat
  • @XabiGV
    2011.eko uztailak 12

    Comentario de Twitter:
    Euskadi reutilizara el 70% de los residuos de construccion y demolicion y erradicara la gestion incontrolada http://t.co/mB3Nh9f

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Arantza Leturiondo