Berriak Hezkuntza

2021-2022 ikasturtea unibertsitatean: tasa publikoak izozturik Euskadin

2021-05-07
  • Zazpigarren urtez jarraian, UPV/EHUn matrikulak izoztuta mantenduko dira gradu, master eta doktorego mailetan
  • STEM diziplinetako titulazioek %5eko beheratzea izango dute matrikulan
  • Beken izapidetzea bizkortu egingo da: eskaerei erantzuna eta bekak ordaintzea, ikasturteko lehen hiruhilekoan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearekin batera, Hezkuntza Sailak 2021-2022 ikasturterako unibertsitateko tasa publikoen eta beken inguruan Hezkuntza Sailak onartu dituen neurri nagusiak ezagutarazi ditu, gaur goizean. Neurri horien guztien berri atzo eman zitzaien Euskadiko Unibertsitate Kontseiluari eta Unibertsitate-Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseiluari, azken kontseilu honen onarpenarekin.

Hartutako neurriak azaltzeari ekin baino lehen, Hezkuntza sailburuak azpimarratu du unibertsitateko beken eta laguntzen politika lehentasunezkoa dela Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza-politikan, eta Hezkuntza Sailak euskal unibertsitate-ekosistemako eragileekin horretarako duen koordinazioa nabarmendu du, haien inplikazioa eta konpromisoa eskertuz.

Hezkuntza Sailak hartutako neurrien helburua, Bildarratzek laburbildu duenez, familiei laguntzea, ekitatea bermatzea eta Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea indartzea izan da.

 

Unibertsitateko tasa publikoak, 2021-2022 ikasturtean

Jokin Bildarratz sailburuak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak 2021-2022 ikasturterako unibertsitateko prezio publikoen inguruan landu eta hartu dituen neurriak azaldu ditu.

  • Unibertsitate tasak erabat izoztea. Datorren 2021-2022 ikasturtean, UPV/EHUko matrikulak izoztuta geratuko dira berriro ere, gradu, master eta doktorego ikasketetarako. Neurria, gainera, lehenengo matrikuletan eta hurrengoetan aplikatuko da. Horrela, unibertsitate-tasa publikoak igoerarik gabe geratuko dira zazpigarren ikasturtez jarraian (2015-2016 ikasturtetik 2021-2022 ikasturtera). Neurri honek UPV/EHUko 64.000 ikasle baino gehiagori eragingo die zuzenean.
  • Matrikula %5 beheratzea, STEM titulazioetan. STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics ingelesezko akronimoan) izeneko diziplinetako gradu-ikasketei %5eko beheratzea aplikatuko zaie matrikulan. Ingeniaritzako graduak edo Zientzien adarreko graduak dira gehien bat (adibide batzuk aipatzearren, Fisika, Matematika, Geologia, Kimika, Biokimika). Hezkuntza Sailak bultzatzen duen Steam Euskadi Estrategiarekin bat datorren neurria da. Bokazio zientifiko-teknologikoak piztea eta euskal ikasleak, batez ere neskak, aipatutako STEM diziplinetara hurbiltzea du helburu estrategia horrek.

Neurri hauei dagokienez, sailburuak hizpide hartu du tasak igoerarik gabe mantentzeko Hezkuntza Saila azken urteetan egiten ari den ahalegin handia, egoera ekonomiko zailean dauden familiei laguntzeko asmoz; izan duela urte batzuetako krisi ekonomikoagatik, izan pandemiak eragin duen egoera konplexuagatik.

Unibertsitate-bekak, 2021-2022

Era berean, 2021-2022 ikasturterako unibertsitate-beken deialdian aplikatuko dituen berrikuntza nagusiak ere jakinarazi zizkien Hezkuntza Sailak atzo bi kontseiluei (Euskadiko Unibertsitate Kontseilua eta Unibertsitate Irakaskuntza Publikoa Koordinatzeko Kontseilua). Neurri hauek, urtero laguntza hori jasotzen duten ia 12.000 unibertsitate-ikasleei zuzenduta daude.

Unibertsitateko bekei dagokienez, Bildarratz sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzak bermatzen duela ezarritako zenbatekoak osorik jasoko dituztela baldintzak betetzen dituzten ikasle guztiek, deialdi batean zenbat ikasle bekadun egon diren kontuan hartu beharrik gabe. Gainera, zenbateko horiek finkoak eta bermatuak dira, eta baldintzak betetzen dituen ikasleak badaki, aurrez, ze kopuru jasoko duen.

Hori dela eta, nabarmendu du bai tasen inguruan iragarritako neurriak bai unibertsitate-beketarako hartutakoak ere funtsezkoak direla hezkuntza-politikak diseinatzerakoan, unibertsitatera sartzeko orduan ekitatea eta ikasle guztien aukera-berdintasuna bermatzen baitituzte.

Hauek dira 2021-2022 ikasturterako unibertsitate-beken berritasun nagusiak:

  • Beken kudeaketa aurreratua: Familia eta ikasle bekadunentzat berebiziko garrantzia duen neurria. Hezkuntza Sailak beken tramitazioa arintzeko helburua hartu du, beka-eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan zehar erantzuna jaso dezaten eta ikasleek urtea amaitu baino lehen kobratu ahal izan dezaten laguntza, erantzuna baiezkoa bada. Horrela, beka jasotzeko eskubidea duten ikasleek ahalik eta lasterren eskura izango dute dagokien laguntza.
  • Koefiziente zuzentzailea errentan, Covid-19gatik. Aurreko beka-deialdian bezala (2020-2021 ikasturtekoan), datorren ikasturterako errenta-aitorpenean murrizketa-koefiziente zuzentzailea mantenduko da Covi-19ren eragin ekonomikoa jasan duten familientzat. Ikasturte baterako beka eta laguntzak familia-unitateak aurreko urteko errenta-aitorpenean dituen diru-sarreren arabera eman ohi dira. Pandemia-egoera horretan, gerta daiteke aurreko urteko errentak familiaren egoera ekonomiko larria ez islatzea, nahiz eta beka eskatzen ari den unean aldi ekonomiko txarra bizi izaten ari. Koefiziente zuzentzailea (%5ekoa) langabezia-egoeretan, Aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente egoeran (ERTE), enplegu-erregulazioko espedienteen kasuetan (ERE) edo antzekoetan aplikatuko da.
  • Ikaskuntzarako laguntza. Handitu egin da "Ikaskuntzarako laguntza" kontzeptuari dagokion zenbatekoa, digitalizazioaren ikuspegia txertatuz berritasun gisa. Horrela, beka bat lortzen duten unibertsitateko ikasleek urtean 300 euroko laguntza ere jasoko dute gutxienez (300 eta 475 euro artekoa, errenta-mugaren arabera), ikaskuntzarako laguntza gisa. Kontzeptu honek orain eraldaketa digitalaren ikuspegia txertatzen du. Kopuru hori gradu osoan mantenduko denez, horri esker ikasleek ordenagailua edo prestakuntzarako beharrezko dituzten beste elementu batzuk eskuratu ahal izango dituzte.
  • Malgutasuna erroldaketaren eskakizunean. Erroldatzeak baldintza izaten jarraitzen du, baina kasu batzuetan malgutu egiten da, eta, beraz, zenbait familiarentzat lagungarri izango da. Orain arte, beka bat jaso ahal izateko, beharrezkoa zen ikaslea Euskadin erroldatuta egotea eta egoitza fiskala ere EAEn finkatuta izatea. Orain, erroldatze-irizpidea zabaldu egin da, eta, horrela, zerga-egoitza Euskadin duten familietako ikasleek bekak eskuratu ahal izango dituzte, nahiz eta EAEtik kanpo erroldatuta egon.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak